Arauak 24: -ARI (-lari), -ARIO eta -GO atzizkien erabilera

Jakintza

Gaurkoan, hainbat atzizkiren forma egokiaz hitz egingo dugu. Atzizkiek batzuetan buruhauste handiak ematen dizkigute: ekonomiari ala ekonomialari, gramatikari ala gramatikalari? Bada, arau gutxi batzuk menperatzea baino ez da behar hauek guztiak ondo erabiltzeko. Jarraian, aipatutako -ari/-lari bikotearen artean nola hautatu aztertuko dugu. Halaber, gaztelaniazko -ario (parlamentario) atzizkia bere horretan mailegatu behar dela ere ikasiko dugu eta, amaitzeko, izen multzokariei buruz Euskaltzaindiak arautu duenari buruzko hausnarketa egingo dugu. Prest? Goazen, bada, gaia atalez atal miatzera.

-ARI (-LARI) ATZIZKIAZ

-ari eta -lari formen arteko banaketari dagokionez:

  • -ari forma, -a bokalaz amaitzen diren izen oinarriei eransteko erabiliko da, batez ere bi silabatik gorakoak direnean: dantzari, tabernari, gramatikari, politikari, kritikari, e.a.

Hala ere, oso sartuak dauden pentsalari eta hizkuntzalari bezalako hitzak ontzat ematen dira.

  • -ia amaiera duten hitzetan, -ialari hobesten da: historialari, zientzialari, ekonomialari, e.a.

Oinarriaren kategoriari dagokionez:

  • -ari atzizkia izenekin erabiliko da, eta -le edo -tzaile atzizkiak aditzekin: hezle edo hezitzaile, ikertzaile, e.a.
  • Aditz batek adiera bat baino gehiago izan dezakeenean, ordea, zilegi izan daiteke adiera batean -le edo -tzaile erabiltzea eta -ari beste adieran: idazle/idazkari, zuzentzaile/zuzendari, zaindari/zaintzaile…

praktika

ERDAL -ARIO, EUSKARAZ -ARIO (ETA EZ -ARI)

Erdal -ario/-aire atzizkiez osatutako izen-izendondoak -ario forman, eta ez -ari forman, mailega bitez:

  • Izenetan: notario, komisario, unibertsitario, funtzionario, kortsario, mertzenario… (salbuespenak hiztegi batuan zehaztuko dira).
  • Izenondoetan: (talde) parlamentario, (sistema) planetario, (jokabide) sektario… Baina ahal dela, maileguz hartutako erdal izenondoen ordez, hobe euskal egituraren araberako ordainak erabiltzea:
      parlamentu(ko) talde (talde parlamentarioren ordez)
      planeta-sistema edo planeta sistema (sistema planetarioren ordez)
      unibertsitate(ko) aldizkari (aldizkari unibertsitarioren ordez), e.a.

-GO IZEN MULTZOKARIAK SORTZEKO

Euskaraz askotan ez dago izen multzokariaren beharrik, nahikoa da plurala erabiltzea: ikastetxe honetako irakasle eta ikasleak, herri bateko biztanleak, hizkuntza bateko hiztunak, etab.

  • Izen multzokaria beharrezkoa denean, -eria atzizkia erabiltzea gomendatzen da: langileria, gazteria, biztanleria edo bezeria.
  • -go atzizkia kasu hauetan erabiliko da:
      ofizioa, lanbidea adierazteko: artzaingoa, zurgingoa…
      -tasuna adierazteko: euskaldungoa, ahaidegoa…

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/go_atzizkia.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }

TELP (Taller d’Espai Lingüistic Personal) ikastaroa Ordizian

Euskaldun askori gertatzen zaizkio tentsio-guneak bizitzea euskaraz egin eta parean duenak ez dakielako, erdaraz egiteko eskatu diolako edo erantzun txar bat eman diolako. Bada, TELP (taller d’espai lingüistic personal) Ferran Suay eta Gemma Sangines psikologoek sortutako taller honen helburu nagusia egoera horiei ahalik eta modu egokienean aurre egitea da. Norbanakoaren mailan, tailerrean parte hartzen dutenentzat helburuak hauek lirateke:

  • EBPNEguneroko hizkuntza-gatazkak arrakastaz kudeatzeko tresnak eskuratzea.
  • Euskaraz egiteari lotutako deserosotasuna murriztea.
  • Euskaraz egiten dugun egoera guztietan, edozein delarik, gustura, eroso sentitzeko baliabideak eskuratzea.
  • Hizkuntza jokabide asertiboari esker gusturago egotea.
  • Gure solaskidearen hizkuntza-egoera edo hizkuntza-jarrera hobetzeko bideak ikastea.
  • Egoera desberdin bakoitzean portaera egokiena gauzatzen ikastea: ahalik eta energia gutxien gastatuz eta ahalik eta probetxu linguistiko handiena ateraz.

Helburu hauen bitartez, gizarte mailan hizkuntza jokabide eredu berriak finkatzea nahi da, eragin espantsiboa lortuz.Tailerrean landuko diren bost atal nagusiak hauek izango dira: oinarri teorikoak, ikuspegi estrategikoa, baliabideak, konbergentzia mailak eta komunikazio asertiboa.

Tailerreko hartzaile potentzialak euskaraz egiteko gogoa duten hiztunak (hizkuntza kontzientziadunak) izango dira. Ordiziarrek lehentasuna izango dute.

Bestelako ezaugarriak

  • Ordizia10 orduko ikastaroa izango da.
  • Irakaslea, Valentziako Ferran Suay psikologoa izango da.
  • Ikastaroa gaztelaniaz eta teoriko-praktikoa izango da. Lehenbiziko atalean oinarri teorikoak landuko dira eta bigarrenean, egoera komunikatibo desberdinetako baliabide praktikoak.
  • Gehienez ere 20 laguneko talde bat osatuko da.
  • Dinamizatzaile/tailer gidari bat arituko da saio guztian zehar.
    Tailerrean parte hartzen dutenei ziurtagiria banatuko zaie.

Egunak: Martxoaren 25 eta 26a
Ordutegia: 09:00-14:00Lekua: Ordiziako Gazte Lekua
Matrikularen prezioa: ordiziarrentzat, 30 euro; besteentzat, 40 euro

Plaza mugatuak direnez, izen-emate ordena errespetatuko da. Hementxe lor dezakezue izen-emate orria.

Comments { 0 }

“In” komunikazioaren garaia

ordenagailu aurreanDuela gutxi Gabonetako oporrak izan genituen eta hemendik ez askora Aste Santukoak helduko dira. Denbora librea, beraz. Baina zer egiten dugu gure aisialdian? Aurretik beste asmo batzuk ditugun arren, gehiengook pantaila aurrean pasatzen ditugu lanera joan beharrik gabeko egun horiek.

Esnatu eta egiten dugun lehenengo gauza telebista edo ordenagailua piztea da, guraso, anai-arreba edo etxean bizi den edonori egun onak eta musu bat eman beharrean. Hori da, hain zuzen ere, komunikazio falta, teknologia berriaren eta konexioaren garaitzat jotzen dugun mende honetan.

Telefono mugikor, Ipod, Wii, internet, telebista digitala… gabe ez gara ezertxo ere egiteko gai. Nire buruari aparatu hauek guztiak izango ez bagenitu zer egingo genukeen galdetzen diot eta, gaur egun, aspertu egingo ginatekeela besterik ez zait bururatzen. Izan ere, kale, etxe, lantoki eta ikastetxeetan, esparru guztietan, erabiltzen ditugu etengabe, baita norbaitekin hitz egiteko parada badugu ere. Isolatu egiten gara, eta hortik komunikatzeko arazoak.

Mariokart_wii.jpgNork ez du ikusi inoiz lagun talde bat eta norbait munduarekiko harresi diren aurikularrak belarri zuloetan sartuta? Edo segapotoarekin jolasean eta bertan ez dagoenari mezuak bidaltzen? Badirudi gure ondoan daudenekin konformatu ez, eta aurrez aurre ez dagoenarekin hitz egiteko beharra sortzen zaigula. Horrelako gailuek distantzia handietako harremanak izatea ahalbidetzen digute eta alde onak ere badituela begi-bistakoa da. Hala eta guztiz ere, gertukoenganakiko erlazioa galtzeko arrazoia ez luke izan behar, ez eta aktibitate ezberdin eta fisikoak egiteko oztopoa ere.

Kanpoko itxurari garrantzi berezia ematen zaion gizarte honetan, biztanleriaren portzentaia altu batek osasun arazoak ditu. Elikaduraz gain, geldirik eta begietako arazoak sortzen dituzten pantaila argitsuen aurrean egotearen ondorio dira asko. Entretenimendu bakarra bihurtu dira eta orduak eta orduak ematen ditugu hauen aurrean, gure osasuna kaltetzen ari garela konturatu barik.

Horrez gain, teknologia eta modernitatearen merkatua argiaren abiaduran doala dirudi. Ustez berria dena erosi eta, beste behin esnatzerako, hurrengo modeloa ateratzen dute beste aplikazio batekin, erosi berri duzun jostailu “zaharra” atzean utziz. Hori dela eta, momenturo fashionena eskuratzeko irrikitan gaude eta dirua kontu, hauek lortzeko gai ez dena beste maila primitiboago batean dagoela ematen du, bera hala sentitzeraino.

Echando-raizes.jpgBestalde, bakoitzaren izatea eta informazio guztia (gizarte-segurantza, NANa…) interneten zintzilikaturik dagoenez, manipulatua izan daiteke. Oso zaila dirudien arren, ordenagailuez izugarri dakiten hacker-ek iruzurren bat edo beste egitea lortu dute eta oraindik ere urrunago irits daitezkeelakoan nago.

Azkenik, aipatu, horrelako tresnen bidezko komunikazioak ondorio larriak ekar dakizkiokeela munduko hizkuntza orori. Izan ere, edonolako harremana izanda ere, sentimendu ezberdinak adierazteko hitz berberak erabiltzen dira eta denboraren poderioz, esanahia edo zentzua galtzen dute. Hala nola, messenger edo txat-gela batean ezagutu berri duzun pertsonari musuak bidaltzeko ohitura dago eta baita maite zaitut edonori esatekoa ere. Benetan esateko garaian, ordea, ez gara horren erraz ausartzen, aurrez aurre bada behintzat, eta hitza hutsal bilakatzen da.

Hau guztia dela eta, esan dezakegu, horrelako aurrerapen teknologikoek alderdi onak badituzte ere, neurrian erabili behar direla eta inguruko eta betiko pertsona eta ohiturak ere zaindu behar direla. Horrela, makinen gaindiko komunikazioa bultzatuz.

Hementxe uzten dizuet internetarekiko menpekotasunaz hitz egiten duen bideo bat.


www.Tu.tv

Comments { 1 }
-->