Aurreko batean, irratia entzuten ari nintzela, Ken Zazpi taldearen abesti berria entzuteko aukera izan nuen. Harritu egin ninduen abesti berriak, aurreko lanetatik zerbait ezberdina baitzen. Asko gustatu zitzaidan eta horregatik lan berriari buruz informazio gehiago bilatzeari ekin nion.
Ken zazpi 1996. urtean, Gernikan, sortu zen taldea da. Dena den, ez ziren serio hasi 2000. urtera arte. Urte horretan, maketa bat grabatu zuten eta hortik aurrera hasi zen Ken Zapiren ibilbidea. 2001. urteko maiatzean lehen lana argitaratu zuten, ‘Atzo da bihar’ izenekoa. Lehen diskoarekin izandako arrakastaren ondoren, 2003. urteko apirilean, ‘Bidean’ lana aurkeztu zuten eta honekin marka guztiak hautsi zituzten. Bi urte beranduago, disko akustiko bat argitaratu zuten ‘Gelditu denbora’ izenekoa. Hainbat kontzertu eman zituzten Euskal Herria eta Katalunian. Taldekideak Jon Mikel Arronategi, Eñaut Elorrieta (Ahotsa eta gitarra), Igor Artzanegi (baxua), Beñat Serna (gitarra), Iñaki Zabaleta (trikitia eta teklatua) eta Jon Fresko (bateria) dira.
Orain Argiak izeneko lan berri batekin datoz. Denbora luzea eman dute lan hau prestatzen eta ez dute edonolako disko bat prestatu nahi izan. Aurrekoekin alderatuz, heldutasun handiagoko abestiak dakarzkigute eta aurreko lan bakoitzetik zerbait hartu dutela aitortu dute. Izan ere, Gelditu denbora disko akustikoak, soinu ezberdinak nahasteko aukera eman zien eta gauza berriak egin zitzaketela konturatu ziren. ‘Argiak’ disko hau eboluzio bat izan da, soinu berriak sartu eta nahastu baitituzte. Lan berri honekin gauzak aldatu badituzte ere, %100 Ken zapi izaten jarraitzen dutela diote.
Ken zazpiren lan berri honetan, musika munduko jende askorekin lan egindako Rafa Sardina ekoizleak hartu du parte. Taldekideek diotenez, eragin handia izan du Rafak diskoan, beste ikuspuntu bat eman duelako eta bere esperientziak islatu dituelako bertan.
Disko hau grabatzeko Los Angelesera bidaiatu dute eta esperientzia izugarria izan dela esan dute taldekideek. Maila handiko musikariekin batera egotea izugarria dela aitortu dute eta estudio, areto eta kafe antzoki izugarriez gozatzeko aukera izan dute bertan igaro dituzten hamar egunetan. Bertan disko guztia osatu eta Sardinaren laguntzaz borobildu egin dute.
Azken finean, disko osatu eta landu batekin dator Ken zazpi taldea, doinu berri eta kantu sakonekin. Aurreko lanetako maila bikaina jarraitu eta hobetu dutela iruditzen zait eta egin duten lan guztiaren emaitza benetan ederra da. Pertsonalki gomendatzen dizuet benetan ongi egindako lan bat baita. Hementxe uzten dizuet lehenengo singlearen bideoklipa. Goza ezazue!
[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/PYoOh3E0PXo" width="425" height="350" wmode="transparent" /]
Hurrengo batean itzuliko naiz euskaljakintzara artikulu gehiagorekin. Ordura arte, izan untsa!
Iruzkin berriak