Ana Usabiagarekin solasean

Txikitatik kirol ugarietan murgildu izan naiz eta adin horretan eskaintzen zizkiguten kirolen zerrenda oso zabala zenez, ahal nuen guztietan ematen nuen izena, mahai-tenisean, saskibaloian, futbolean eta txirrindularitzan, besteak beste.… Horietan guztietan arituz, lagun ugari egin nituen eta, gainera, adiskidetasun hori ez zen kirol esparrura mugatu, oraindik beraiekin harremana baitut; beraz, ez dira edonolako lagunak!!

Gaurkoan, bereziki txirrindularitzaz jardungo gara. Jada ezaguna den Ana Usabiaga txikitatik izan dut kide eta hainbat pasarte bitxi baditugu ere, gure abizena eta gure ile horiaren antzekotasunagatik, gaurkoan bere oihartzunaz hitz egingo dugu. Hedabideetan barrena entzun genuen Ana Usabiagak 4 urre (500 metro, abiadura, keirin eta scratch) irabazi zituela Espainiako txapelketan, berau gure ikastolako kide denez eta harreman ona dudan seinale, elkarrizketa bat egitea bururatu zait, hona hemen hitz egindakoa:

Ana UsabiagaTXIKITAKO KONTUAK:

  • Txikitatik garbi ikusi al duzu txirrindularitzan jardun nahi zenuela?

Ez, hasieran ez. Txirrindularitzan 9 urterekin hasi nintzen eta, nahiz eta asko gustatu, banituen beste kirol batzuk gehiago gustatzen zitzaizkidanak, atletismoa eta futbola, esaterako. Baina 12 urterekin gutxi gorabehera konturatu nintzen niri gehien gustatzen zitzaidana bizikleta gainean ibiltzea zela eta txirrindularitza munduan jarraituko nuela hurrengo urteetan, behintzat.

  • Probetan hasi aurretik, zure anaiari ikustera joaten zinen, hortik piztu al zitzaizun barruko grina?

Bai. Anaia bizikletan hasi zen urtean ez nekien oso ondo zer zen txirrindularitza delako hori, baina niri berdin zitzaidan nik bera ikusi nahi nuen eta hori ikusita amak ez zuen beste erremediorik izan. Lasterketa guztietara eraman ninduen anaia ikustera eta zenbat eta gehiago joan, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan. Horregatik, amak hori ikusi zuenean, hurrengo urtean ni ere apuntatzea erabaki zuen.

  • Hainbat kolpe jasoa izana izango zara, denok bezala, lehen pedalkadetan. Oroitzen al duzu lehiaketetan hasi aurretiko kolpe gogorrik?

Kolpe gogorrekin, esan beharra dago, zorte handia izan dudala. Aurten izan dut izaugarrizko bat, baina hori kenduz gero, ez dut gehiagorik izan. Hori bai, erorikoak milaka. Gogoan dut nire lehenengo erorikoa. Kaladun zapatilak erosi berriak nituen eta estreinatzera atera nintzen kalera. Oraindik ez nekien oso ondo hankak pedalean sartzen eta ateratzen, baina poligonora joan nahi nuen han buelta batzuk ematera. Bertara iritsi baino lehenagoko bidegurutzean, kala ateratzen saiatu nintzen, baina alferrik. Ezin izan nuen atera eta lurrean bukatu nuen!

ORAIN ARTEKO BIDEA:

  • Pistaz aparte, beste hainbat modalitatetan aritua izan zara, hala nola, ziklokrosean. Zein duzu gustukoen?Zergatik?

Errepidearekin geldituko nintzateke. Errepidean gehiago gozatzen dut eta, gainera, bertan ditut oroitzapen onenak. Bestalde, neska gehiago gaude eta giro politagoa dago. Beste modalitateetan ere oso gustura aritzen naiz baina betidanik izan dut gustukoen errepidea, hala ere, ez da erraza bat aukeratzea hirurek baitute gauza bat besteengandik bereizten dutena.

  • Jubeniletako mailara iristean, neska gutxi izatean, zer pasa zitzaizun burutik mutilekin jarraitu edota nesken probetan Espainian barrena aritzea?

Beti izan dut oso garbi neskekin jarraitu nahi nuela lasterketetan parte hartzen nahiz eta horretarako Espainia osoan zehar ibili behar astebururo. Mutilekin korritzea oso ondo dago eta ahal dudan guztietan egiten dut, baina hautatzaileak zugan ohartzea nahi baduzu, neskekin korritzera behartuta zaude. Bertako neskak begiratzen baitituzte, zein den beraien maila. Aurten nire helburuetako bat Europako txapelketan parte hartzea da; beraz, hori lortu nahi badut neskekin korritu beharra daukat.

  • Kadete mailan ere irabaziak dituzu, lehengo urtean 5 domina. Zein egin zaizu zailago?

Pistan 500 metrotan lortu nuena. Urrea lortu banuen ere, 400 zentesimagatik irabaztea lortu nuen. 500 metroak bezalako proba motzetan horrelako distantziak egotea gure artean normala da baina nik pistan ez dut teknika handirik, orain arte ez baitiot garrantzi gehiegirik eman pistari. Proba horretan oso garrantzitsua da teknika ona izatea. Nire aurkari nagusia balearra zen eta han garrantzia handia ematen diote pistari; beraz, bera nahiko teknikoa dela esan daiteke eta nire beldurrik handiena irteeran ahalik eta denbora gutxien galtzea zen. Azkenean, lortu nuen nire helburua eta urrea irabaztea lortu nuen.

  • Etxe inguruan entrenatzen duzu, baina garrantzitsua al da taldearekin ere jardutea, lehiaketetako maila lortu ahal izateko? Maila ezberdina al da bertakoa kanpokoarekin alderatuta?

Normalean, bakarrik aritzen naiz entrenatzen eta norbaitekin topo egiten badut, berarekin bukatzen dut entrenamendua. Lehiaketa bat ondo prestatzeko ez da beharrezkoa taldekoekin aritzea, bakarrik entrenatzen ere lor daitezke helburuak. Hala ere, beti ondo etortzen da besteekin entrenatzea zure indarrak besteekin parekatu ahal izateko eta ikusteko gehiago estutu behar diozun zure gorputzari ala ez. Gaur egun, Espainiako nesken maila zoritxarrez nahiko baxua dela esan beharra dago. Espainiatik kanpora irtenez gero, konturatzen zara Espainian dagoen maila ez dela aproposena kanpoko txapelketetan aurrean ibiltzeko.

ESPAINIAKO TXAPELKETA:

  • Ba al zenuen ideiarik eskuan 4 urrezko medaila zenituela bueltatuko zinela Ordiziara?

Ez. Aurten nahiko “beldurturik� joan nintzen Espainiako txapelketetara. Apirilaren hasieran ospatuko zirela entzun nuenean, harritu egin nintzen, normalean ekainaren bukaeran edota uztailean ospatzen baitira. Denboraldia martxoan hasten da eta ni orduan lasaiago ibiltzen naiz. Denboraldia aurrera doan heinean, forma hartuz joaten naiz eta nire sasoirik onena urte bukaeran, hau da, uztailean eta abuztuan izaten dut. Denboraldia prestatzeko era asko daude eta batzuk nahiago izaten dute urte hasieran indartsuago egon eta bukaeran lasaiago bukatu. Horregatik, aurten Espainiako txapelketa hain goiz izanda, beldur nintzen zein sasoitan azalduko nintzen. Entrenamenduetan oso ondo ikusi nuen neure burua baina ez nuen pentsatzen 4 urre etxera ekartzeko moduan aurkituko nintzenik.

  • Zein izan da domina bereziena?

Scratcha. Bertan hiru euskaldun atera ginen. Hirurak geunden faborito nagusien artean eta hirurak geunden irabazteko aukera handiekin. Hautatzaileak bakoitzari lan bat jarri zigun proban. Nik sprint ona nuenez, nirekin arriskatu egingo zirela esan zidaten eta beste biek eskapada bilatzen saiatu behar zuten. Proba bukaeran talde osoa iritsiko bagina, beste biek niri lagunduko zidaten, ni sprintean sartzeko eta beraiek eskapadan bazeuden nik eta geratzen zen beste euskaldunak, tropelaren erritmoa jaitsiko genuen aurrekoak distantzia hartzeko. Proban zehar ihesaldi ugari egon baziren ere, ez zen lortu ihesaldia helmugara iristea. 3 itzuli falta zirela, denak genekien sprintean iritsiko ginela eta azkeneko itzulian taldekide batek izugarrizko lana egin ondoren, garaipena esku-eskuan utzi zidan berak bigarren postua lortuz. Izugarrizko poza eman zidan selekzioko kide guztiak pozik eta saltoka nire garaipena ospatzen ikusteak.

  • Izugarria izan behar da jaso duzun laguntza, bultzada eta animuak familiako eta ingurukoen aldetik. Chiclanan familia osoa egon al zen zu babesten?

Bai. Han izan nituen gurasoak eta nire ahizpa. Anaiak bere taldearekin kontzentrazioa zuen eta ezin izan zuen joan, baina besteak han nituen. Selekzioko besteen gurasoak ere han zeuden eta horiek ere gogor aritu ziren animatzen. Horiek ere sekulako animuak eman zizkidaten.

GEROARI BEGIRA:

  • Zein da zure hurrengo helburua? Erraz gainditzeko esperantza al daukazu?

Momentu honetan nire helburuetako bat uztailaren hasieran pistako Europako txapelketara joatea da. Espainiako maila oso ona ez da eta, ondorioz, nik Chiclanan egin nituen denborak ez dira oso onak. Ez zen oso belodromo egokia denbora onak egiteko, baina, hala ere, belodromo azkar batean ere nire denborak ez lirateke oso onak izango. Horregatik, orain gogor saiatu beharra daukat maiatzaren bukaeran Sevillan izango baitugu kontzentrazio bat eta bertan erabakiko baitute ni joan ala ez.

  • Hurrengo urtean 2. batxilergoa amaitzean, ikasketak direla eta zer asmo duzu, kirolari loturiko zerbait burutzea?

Bai. IVEF egitea gustatuko litzaidake, kirolarekin lotura duen zerbait egin nahi baitut. Gainera, etorkizuneko kirolarietako bat naizenez, IVEF egiteko ez didate batez bestekorik eskatuko eta bertara sartzeko probak ere ez dauzkat pasatu beharrik.

  • Ikasketak izango al dira kirola uzteko aitzakia?

Ez dut uste. Oraindik bi gauzak ondo eramateko gai naiz. Denbora ondo antolatuz gero, bi gauzetarako denbora dago. Hemendik bi urtera ere pentsatzen dut bi gauzak egiteko gai izango naizela; izan ere, baditut ezagunak IVEF egin dutenak eta horiek ez dute zailtasun handirik izan bi gauzak ondo egiteko.

  • Zein izango litzateke zure ametsa?

Profesional izatera iristea eta, iritsiz gero, Italiako Giroa korritzea. Mutilentzat Frantziako Tourra den bezala, nesketan garrantzitsuena Italiako Giroa da eta egunen batean han korritzea gustatuko litzaidake.

Elkarrizketa amaitzeko, hona hemen bere hitzak Espainiako txapelketan izandako hainbat gorabeherari buruz:

Azkenik, ikus ezazue zein izan den Anaren garaipenak izan duen oihartzuna:

Comments { 3 }

Nirekin hitz egin


Nirekin hitz egin:

Comments { 0 }

Auskalo, Luk! – LUIS HARANBURU-ALTUNA

Luis Haranburu-AltunaEuskara gaian irakurgai bat aukeratu behar nuela eta, etxeko liburuak begiratu eta ia guztiak irakurriak nituela ohartzean, ikastolako liburutegira jo nuen. Aukeratu nuen, bada, liburu bat eta, zoritxarrez, nire ikaskide bat aurreratu zitzaidan liburu berdinarekin! Ondoren, beste baten laburpenari begirada bat bota eta Auskalo, Luk! aukeratu nuen.

Lan honen idazlea Luis Haranburu-Altuna da. Idazle hau Alegian jaioa da eta sarean berari buruz lortu dudan informazio eskasean, narrazioa, nobela, saiakera, antzerkia eta gutunen bat ere idatziak dituela jakin dut. Lan zabala egin du, beraz, eta kultura arlo gehienetan pausoak eman ditu. Gainera, bere karrera luzeari jarraiki, aurten Kutxak urtero ematen duen Donostia Hiria literatur lehiaketa irabazi du Josafat antzezlanarengatik.

Aipatu dudan bezala, Auskalo, Luk! izan da irakurri dudan liburua. Lehen pertsonan idatzia dago eta Luk Otamendiren istorioa kontatzen du. Hala ere, bere familiartekoen gertakizunek pisu handia dute nobelan eta hau nabaria da kontatzeko orduan. Izan ere, kapituluka bananduak daudenean, Luk eta bere seme Xuk txandakatzen dituzte kontakizunak, bakoitzak bere ikuspuntutik kontatuz. Era honetan, aita eta seme baten ikuspuntu desberdinak ikus ditzakegu eta bakoitzaren bizian berebiziko garrantzia duten gertakizunak oso desberdinak direla ohartzen gara, nahiz eta biak etxe berdinean bizi eta bulego berdinean lan egin.

 Auskalo, LukIstorio honen muina Lukek duen “amodiozko� harreman bat da. Ana da bere neskalaguna eta bera baino ia bi aldiz gazteagoa den neska ederra da. Bestalde, Luk gizon aberatsa da eta bere arazoez ahaztu eta lasaitzeko kokaina du lagungarri. Detaile honekin, eta bere neskalagun Anarekin, ikus dezakegu Lukek kapritxoz eta lizunkeriaz beteriko bizitza daramala. Erritmo hau ez du batere atsegin bere seme Xuk, eta bien arteko komunikazioa familia arazoak direla eta nahiko urria da. Hau, Luken alaba
Fanik izaten duen bat-bateko desagertzean bistan geratzen da. Zaila suertatuko zaio Luki Anarekin asteburu goxo bat igaro edo bere alaba gazteenaren arazoez arduratu eta bere segurtasuna bermatzeko egin beharko duen aukeraketa. Desagertze honekin batera, zenbait gauza arraro gertatuko dira Faniren ingurukoen galderekin, eta bere alabaren bizia Bilbon susmagarria gertatzen ari bada ere, ez da nahikoa izango Luk bere buruaren ongizateaz baino ez arduratzeko.

Egia esan, nobela interesgarria da eta aholkatuko nuke denbora atsegin bat igarotzeko. Gaurkotasun sentsazioa ematen du eta baita gertukoa ere. Narrazioa Donostiako kaleetan zehar kontatzen da eta hauek ezagunak izatean, hurbiltasuna transmititzen du. Deskribapenetan ere egungo janzkera eta ohiturak kontatzen dira, eta baita kartzelako preso batzuei egiten zaien bisita ere. Hemen, egungo politika arazoak ere zerikusia duela ikusten da eta, beraz, sinesgarritasun handiko nobela dela esango nuke.

Amaitzeko, zera aipatuko nuke: liburu hau irakurriz gero, damutuko ez zareten autore bat ezagutuko duzue; izan ere, Luk Otamendiren istorioa gustagarria gertatuko zaizuelakoan bainago.

Comments { 0 }
-->