Mahatsaren begia – ENEKO BIDEGAIN

EnekoEneko Bidegain Baionan, Lapurdin, jaio zen 1975ean. Gaur egun Baionan bizi da. Batxilergorainoko ikasketak ikastolan burutu zituen eta, ondoren, Baionako Fakultatean egin zituen Euskal ikasketak. 1999az geroztik Baionako Bulegoan, Euskaldunon Egunkariako kazetari moduan lanean ibili da eta, gaur egun, Berria egunkariko euskal idazle, kazetari eta blogaria da (hemen Ipar Haizea deituriko blog interesgarria elikatzen du). Lanekoaz aparte, blog pertsonal bat du, Baionako barraraino. Bertan bere buruaz dioena jakin nahi baduzue, klikatu hemen.

Enekok Mahatsaren begiaz gain, beste zenbait lan ere plazaratu ditu: Euskal esaerak (Expressions basques, 2001, Elkar) eta Anbroxio (2002, Elkar). Nik lan hauek alde batera utziz, Mahatsaren begiari egingo diot aipamena.

azalaNobela gordina eta errealista dela esan daiteke. Istorioa indarra hartzen joango da orriz orri eta honek irakurlea istorioan murgiltzera eramango du. Idazleak zuberotarra erabiliko du nobela hau idazterako orduan, baina honek ez du irakurmena zailduko. Irakurriz gero, segituan ohartuko zarete hizkuntza garbi eta ulergarria dela guztiz irakurle gazte eta hain gaztea ez denarentzat ere.

Jarraian argumentua aztertzeari ekingo diot:

XIX. mendeko gizartearen alderdi beltzenak erakusten dizkigu eleberri honek: aita-semeen, senar-emazteen eta maitaleen arteko harremanak, traizioak, bakoitzaren gogoetak eta damuak. Honetarako, Martin familia jarri du zorigaitz honen protagonista moduan. Familia honek ez du ezagutzen zoritxarra besterik: langabezia, gizartearen bazterketa, espetxea, HIESa, familia galtzea, traizioa… Antton, familia honetako gizona, langabezian gelditzen denean hasiko dira familia honen buruhausteak. Hau gutxi balitz, gizartearen irainak jasan beharko ditu. Hau guztia dela eta Anttonek hondoa joko du eta, zulo beltz horretatik atera ezinik dagoela, banketxe bat lapurtzea erabakitzen du. Ekintza ez da berak nahi zuen bezala burutuko, espetxean igaro beharko baititu 24 urte polizia bat hiltzeagatik. Ixabel bere emazteak ez du denboraldi luze horretan bisitatzeari hutsik egingo.

Loturarik gabeko gertakizunak bukaeran kate korapilatsu batean bilduko dira. Eneko Bidegainek ez du istorioa amaitu nahi izan, honela irakurlea parte hartzera gonbidatuz. Ideia bat egin dezazuen hemen duzue liburuaren amaiera:

Tabernara doa. Dolar bat eta erdi atera ditu sakelatik. Coca Cola bat manatu du. Ez egarriturik dagoelako, ez Coca Cola gustatzen zaiolako, ez edateko gogoz dagoelako…denbora irabazteko, erabakia gibelatzeko. Ez zaio inporta heldu den hegazkina hutseginik ere. Izanen dira gehiago, horren ondotik ere. Ez zaio inporta noiz joan. Bi asteko oporrak ditu. Ez dauka presarik. Ez du erabaki. Ez daki erabakiko duen ere…
Poker bat atera zaio zintzurretik. Coca Colaren azken xorta irentsi du. Baso zolan ba horma puska gelditu dira…

BURUTAPENA

Maider Ziaurrizek Berrian egindako kritika irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen. Amaitzeko, nobela irakurtzera eta, ondoren, zuen iritzia ematera gonbidatu nahi zaituztet.

Comments { 0 }

Asteroide batzuek lurrarekin talka egiteko aukera

asteroide
Hainbat astronomo Apophis izeneko asteroide baten ibilbidea aztertzen ari dira eta, dirudienez, aukera bat dago 45.000tik 2036ko apirilaren 13an lurra jo dezan. Hori gertatuz gero, herrialde edo hiri handiren bat deusezta dezake asteroide honek 146 metroko luzera baitauka. Eta ez da bakarra, David Morrinson zientzialariak dioenez, %0,1eko aukera dago “2004 VD17� meteoritoa lurrarekin talka egiteko 2102. urteko maiatzaren 4an. Azken honek lurra joko balu, Apohis asteroidea baino askoz deuseztagarria izango zen. Ideia bat izan dezazuen, existitzen diren bonba nuklear guztiek batera eztanda egitea bezala izango litzateke eta ziurrenik dinosauroen antzera amaituko genuke. Azken honek 500 metroko luzera du eta 1000 tona inguru pisatzen du. Eta bi meteorito horiek ez dira bakarrak NASAren ustez, 20 mila objektu arriskutsu gehiago daude oraindik lokalizatu gabe.

Nahiz eta hori gertatzeko aukerak oso txikiak diren, NASAko kideak hasi dira objektu hauek lokalizatzeko eta hauen ibilbidea hobeto aztertzeko neurriak hartzen. Ez hori bakarrik, beraien ibilbidetik desbideratzeko ideiak aztertzen ere ari dira.
Gainera, objektu hauek zertaz eginak dauden aztertzea ere oso garrantzitsua da. Hori jakin ezean, Armageddon filmaren antzera bonba bat jaurtitzea ezinezkoa litzateke, agian, alderik alde zulatuko zuelako baina bere ibilbidetik urrundu gabe.

Beraz, ideia desberdinen bila ari dira astronomoak. Ideia horietako bat ondorengo hau da: espazio ontzi batez eta grabitateaz baliatuz, bidetik desbideratzea. 12 egunen buru egingo luke bere zeregina eta 300 milioi dolar kostatuko litzateke proiektu hau aurrera eramatea.

Comments { 1 }

Elikagai transgenikoei buruz kontuan hartu beharrekoak

trangenikoakGreenpeacek bere gunean elikagai transgenikoak naturaletatik bereizten dituen zerrenda bat egin du. Zerrenda honen bidez, bakoitzak ikus izango du zein produktu diren benetan naturalak eta zeintzuk, bestetik, transgenikoak. Honi esker, supermerkatuetara joatean, bien arteko bereizketa egin ahal izango dugu.

Erakunde honek honekin lortu duena legearen aldetik produktu transgenikoei buruz dagoen informazioa eza konpontzea da. Webgune honetan bi zerrendekin egingo dugu topo. Bata berdea izango da eta bertan agertuko dira zeintzuk diren benetan naturalak. Bestean, zerrenda gorrian, produktu transgenikoak azalduko zaizkigu. Hauekin izan beharko dugu kontu. Elikagai transgenikoen izenak emateaz gain, gune honetan hauek ekoizten dituzten enpresen izenak ere agertzen dira. Gai honek benetan kezkatzen bazaituzte, egin klik helbide honetan edo, bestela, informazio gehiago eskuratzeko lortu Greenpeacek argitaratu berri duen Zerrenda gorria eta zerrenda berdea izeneko liburua.

Baina zer esanahi du transgeniko hitzak? Ezaugarri berriak izateko material genetiko berriren bat txertatutako izakia da, hau da, genetikoki eraldatua izan dena. Zenbait multinazionalek produktu hauek erabiltzen dituzte etekinak handitzeko.

Edonola ere, elikagai transgenikoek osasunean eta ingurunean eragin kaltegarriak izan ditzakete:

  • Elikagai hauek naturalak direnen inguruan jarriz gero, beste barazki espezien arteko kutsadura gerta daiteke.
  • Osasunerako arriskutsuak izan daitezke. Hauek dituzten geneek antibiotikoenganako erresistentzia eragin dezakete, bakterioak gero eta indartsuagoak bihurtuz.
  • Erasotzen dituzten intsektuen aurka egiten dutenez, ekosistemaren oreka apur dezakete.
  • Baimendu gabeko produktu bat zabaltzeak, bestalde, izugarrizko hondamendiak ekar ditzake.

Garbi dago, gaur egun, honelako produktuak areagotzen ari direla. Gainera, daukagun informazio urria dela eta, ez gara ohartzen hauek gure osasunean izan ditzaketen ondorio latzez. Dena den, Greenpeacek egin duen lanak arrisku hauek guztiak aintzat hartzen lagunduko digulakoan nago.

Comments { 3 }
-->