Bertsolaritza eta inprobisazioa

Xabier Paya bertsolari eta itzultzaileak Bertsolaritza eta Inprobisazioa munduan izenburuko hitzaldia emango du datorren asteazkenean, otsailak 7, Ordiziako Barrena Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan.

Inprobisaziok munduan duen garrantzia kontatuko digu hitzaldian: Nola bizi izan du jendeak inprobisazioa? Nolakoak dira munduko beste inprobisazio motak, Kuban esate baterako?

Xabier Paya Algortan 1982an jaio zen eta bertsolaritzaren munduan ibilbide ikusgarria egin du, aurreko edizioan Bizkaiko Txapelketako finalean kantatu baitzuen lehen aldiz. Ondoren, plazaz plaza ibili da esperientzia hartzen, aurreko urtean Euskal Herriko Txapelketa nagusiaren final aurreraino iritsi arte eta, 2006ko abenduan, Bilboko Euskalduna Jauregian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren txapela lortu arte. Bere amari eskerrak emanez, gaztelaniaz bota zuen bertsoak jende asko hunkitu zuen eta oihartzun handia eduki zuen hedabideetan.

Algortako bertso eskolako maisu eta ikaslea dugu Xabier Paya. Bertsolaria izateaz gain, Xabierrek interpretari egiten du lan, itzulpen lan batzuk egiten ditu, tartean Peter Pan ipuin ofizialaren bigarren partearena (“Peter Pan eta jaka eskarlata�) eta bertso eskoletako materiala egiten ere dihardu, Mainontzi mahai-jokoa, esaterako.

Hizketaldiak, hilean behingo euskarazko foro publikoa, Hitzaro Euskara Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak elkarlanean antolatzen dute, 2004ko udazkenetik. Antolatzaileen asmoa da egunerokotasuneko gaien azterketa egingo duen euskarazko hitzaldi sorta antolatzea; hots, momentuan momentuko gaien edota guztion interesekoak direnen inguruan hitz egingo duten hizlariak ekarri nahi dituzte, beti ere, euskara eta aktualitatea uztarturik. Hileroko lehen asteazkenetan izaten da Hizketaldia.

Comments { 0 }

(Euskal)jakintzakook aurten ere Beasain idazlehiaketan sarituak

sarituak
Eguerdian izan gara aurtengo Beasain Idazlehiaketako sari banaketa ekitaldian Beasaingo udaletxeko batzar-aretoan. Aurten ere, azken urte hauetan bezala, Jakintza Ikastolara sari mordoa ekarri dugu eta oso harro eta pozik gaude. Harro, urtez urte gure ikasleek lanketa sakona eta esfortzu handia egiten dutelako euren imajinaziotik sortutako istorioak gustagarri suertatzeko; eta pozik, eginahal horiek ospe handia duten sari hauetan, urteak joan urteak etorri, errekonozimendua lortzen dutelako.

Dakizuen legez, Beasaingo Udaleko Euskara-batzordeak, Gipuzkoa-Donostia Kutxak lagunduta, ikasleen euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko, BEASAIN idazlehiaketa sortu zuen 1990ean. Urte horietan guztietan, oker ez banago, Andoni Sarriegi ibili da antolaketa eta bestelako lanetan; izan ere, ezinbesteko pieza izan baita sari hauek osatzen duten makinerian gaurko hitzaldi guztietan argi gelditu den modura. Horregatik, jakitean erretiratzera doala eta hurrengo urtean ez dela bertan egongo, euskaljakintzakook eskerrak eman eta zorterik onena opa nahi diogu bere bizitzako etapa berrian.

Gurera bueltatuz, ondorengoak izan dira gure idazle eta idazlan sarituak aurtengo sariketan:

A MAILAN

(1989 eta 1990 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)


HITZ LAUZ

1. Saria: (210 euro eta oroigarria)

Aipamen-saria: (55 euro eta oroigarria)


OLERKIAN

2. saria: (90 euro eta oroigarria)

B MAILAN

(1991 eta 1992 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)

2. Saria: (130 euro eta oroigarria)

Aipamen-sariak: (45 euro eta oroigarria)

Idazlan sarituak eta euren egileei buruzko informazioa irakurri nahi badituzue, esteketan klik egitea besterik ez duzue. Beste urteetako idazlan sarituak irakurtzeko, berriz, klikatu hemen. Ea gustuko dituzuen eta zuek ere idazteari ekiten diozuen!

Amaitzeko, beraien iritziak eta lanen inguruko gorabehera guztiak jakin nahi badituzue, egun hauetan Goierri Telebistan ikusteko aukera izateaz gain, datorren larunbatean, hilak 10, goizeko 10:00etan, Segura Irratian elkarrizketa entzuteko abagunea ere izango duzue. ZORIONAK!! 🙂

Comments { 6 }

Dieta osasuntsua

gizentasunaZenbat aldiz esan digute zer jan behar dugun osasuntsu egoteko? Zenbat aldiz azaldu zaigu gizentasuna kontzeptua prentsan? Argi dago, garrantzi handia ematen zaiola elikadurari eta gorputza osasuntsu mantentzeari, esaten dutenez, jaten duguna baikara.

Askotan, dieta onuragarri baten bila gabiltzala, bat baino gehiago aurkitzen ditugu. Aditu bakoitzak berea ematen digu, besteengandik ezberdina izango dena. Pertsona bati, bere izaera, ohitura eta bizi-baldintzen arabera, elikagai jakin batzuk komeniko zaizkio eta beste batzuei, ordea, beste batzuk. Horregatik, ezinbestekoa da, dieta bat jarraitzekotan, adituengana jotzea. Hala ere, komunak diren iradokizunak badaude. Hona hemen horietako batzuk:

  • Egunero bapo gosaldu eta gutxi afaldu.
  • Fruta eta barazkiak jan.
  • Jaki freskoak kontsumitu.

Aurrekoak hamaika aldiz entzun ditugun arren, noizean behin alde batera uzten ditugu, gehienetan gure bizitzan daramagun estresa dela eta. Aipatzekoa da, bederen, erosten ditugun elikagaien etiketei erreparatzea ezinbestekoa dela, baina kontuan hartu behar da askotan informazioa manipulatuta egoten dela. Hortaz, elikagai freskoak jatean, honetaz guztiaz libratzen gara.

Amaitzeko, gorputzaren mantenua ondo bideratzeaz gain, funtsezkoa da edozein kirol egitea; horrela baino ez dugu lortuko gure gorputza osasuntsu mantentzea.

Comments { 4 }
-->