MEXIKORA EDO VENEZUELARA? (I)

Mayen aztarnak

Artikulu hau irakurtzearekin batera, irudimenezko mundu batean sartzeko gonbitea egiten dizuet irakurle orori. Ondorengoa da gaurkoan plazaratzen dudana: Nora bidaiatuko zenukete, Mexikoko Riviera Mayako hondartzetara ala Venezuelako birjintasunean barrenera? Itxaron! Ez ezazue oraindik ezer erantzun. Aukera zaila da benetan, baina biak oso lurralde ezberdinak badira ere, badute gauza komun bat, biak hitz bakar batera murriztu daitezkeela, alegia: PARADISUA. Zuetako asko leku hauetan egon gabeak izango zarete eta batzuek seguru aski sekula ezagutuko ez dituzuenez, hona hemen lurralde hauek zertxobait ezagutzeko aukera paregabe bat, irakurgai exotiko eta atsegin bat, aldi berean gure adimena aberasteko ikasgai bat izango dena.

Bi norako hauek ez ditut zori hutsez hautatu, ezagutzen ditudan lekurik ederrenak direlako baizik. Iazko udan izan nuen hauek bisitatzeko beta eta baita zortea ere eta, bide batez, aurtengo uda hementxe denez, leku hauetara joatea gomendatzen dizuet. Ez zarete damutuko!
Lehenik Mexikori helduko diot. Mexiko lindo! Leku aparta zalantzarik gabe; nik, ordea, herrialde aberats honen zati txikitxo bat ezagutzeko aukera baino ez dut izan. Karibe itsasoaren erdi-erdian kokatzen den penintsulaz ari naiz, Yucatán penintsulaz, alegia; bertako kultura Maya aitzindariagatik, Riviera Maya izenez ezaguna dena. Bere hondartza paradisiakoak direla eta bidaia agentzietako eskaera nagusienetako bat bilakatu da. Bere edertasuna ezin zalantza dezakegu. Harea zuri eta finezko hondartza kilometrikoak, ur garden eta epela, palmerak nonahi, fauna eta flora aberatsa, kultura aberastasuna, eguraldi tropikal aparta, bertako jendearen apaltasun eta alaitasuna… eta hori guztia gutxi balitz, sekulako azpiegitura turistikoak 3, 4 eta 5 izarreko hotelak daudelarik. Hotel onenek izugarrizko prestakuntzak dauzkate gainera: igerilekuak, jakuzziak, saunak, 24 orduetan argiztatutako teniseko kantxak, golf zelaiak, pin-pon mahaiak, balley ball, saskibaloi eta futbol zelaiak, diskotekak, bospasei jatetxe… eta “dena barneâ€? balearekin joanik, nahi adina jarduera egin (snorkel, bela, piragua…) eta nahi adina jan eta edateko aukera duzu xentimo bat bera ere gehiago ordaindu gabe!

Astebeterako bidaia hartuz gero, ondorengoa egitea proposatuko nuke. Behin hotelagatik ordaindu den guztia ordaindu eta gero, hotelaz eta honen hondartza pribatuaz ondo gozatzea gomendatzen dut. Baina behin putzu handia zeharkatuta ezin geratuko gara egonaldi osoa hotelean sartuta Mexiko ezagutu gabe denbora “xahutuzâ€? eta, horregatik, irteera ezberdinak egiteari ere aukera polita deritzot. Aukerak ugariak dira: Xcaret erreserba naturala, Chichen Itza Mayen aztarnak, Santa Clarara erosketetara…

Eginahalak eginik, oso ondo pasatu eta sekula ahaztuko ez ditugun oporrak igaroko ditugula dudarik ez egin. Mexikoko kosta alde batera utzirik, Venezuelari ekingo diot baina ez orain, hemendik egun batzuetarako utziko dut artikuluaren bigarren zatia. Abuztuko egun hauetan gehiegi luzatzen banaiz, ez du inork artikuluaren bukaera irakurriko eta Venezuelak hori baino gehiago merezi du…

Hona hemen nire bidaietan ateratako hainbat argazki. Argazkiak nik ateratakoak izatean, gainera, xarma berezi bat dute. Begiratu itzazue, denok dakizuenez, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dute eta!

Comments { 4 }

YACOa, etxeko hitzontzia

Duela hilabete pare bat hudoei buruzko artikulutxo bat argitaratu nuen, eta oraingoan ere, nire animalienganako miresmena agerian utzi nahian eta naturari buruz zertxobait gehigo ikas dezagun, antzeko batekin natorkizue. Izenburuan irakur daitekeen bezalaxe, yacoa izan da hautatu dudana, baina izen honek zerbait esaten al digu? Zer izan liteke yaco bat? Txakur bat agian? Bitxia badirudi ere, yacoa Afrikako hegazti bat da, loro bat zehazki.

Yacoa Hasteko, komenigarriena bere izen desberdinak ezagutzea izango litzateke; zientzialariek Psittacus Erithacus hitz latinez izenpetu zuten; halere, ezagunagoa da loro gris afrikar izenaz edota soilki yaco hitzaz. Logikoki, animalia honen jatorria Afrikan kokatzen da, eta batez ere kontinentearen mendebaldean aurki dezakegu (egoera basatian). Zorionez, Espainian edota Euskal Herrian bertan badira hegazti hauen ugalketaz eta hazkuntzaz arduratzen diren haztegiak, bertan eskuragarri izan ditzakegularik. Dena dela, animalia-dendetan erosgai dauden gehienak Afrikan ehizatu eta bertatik geure lurraldera esportatutakoak dira.

Yacoa elikatzenYacoaren kolore gris eta txuriak oso deigarriak ez badira ere, bere isatseko lumen gorri biziak (luma hauek oso preziatuak dira Afrikan) primeran ematen dio hegaztiari. Gauza jakina da hegazti hau gizaki ahotsaren imitatzaile hoberenetarikoa dela. Pertsonen inguruan urtebete inguru igaro ondoren, tamaina handiko (30 cm inguru) loro hauek isilezin bilakatzen dira, hasieran soinu sinpleenak erreproduzitzen ikasiz (etxeko tinbrea, txakur zaunkak..) eta, ondoren, esaldi luze eta konplexuak esan eta gogoratzeraino iritsiz. Hau guztia bere mihi eta eztarri formari esker burutu dezake, baina talentu hau guztia bere bizkortasunari zor zaio hein handi batean. Bere inteligentzia (4 urteko pertsona batenarekin pareka daitekeena) dela medio, fonetikaren maila gainditu eta esaten ari den hitzak edota esaldiak ulertzeraino ailega daiteke. Halaber, animalia hitzontzi hauek etxekide apartak dira, betiko lagun minak ezbairik gabe eta, ez bakarrik adiskidetasunean primerakoak izateagatik, literalki horrela delako baizik; izan ere, 50-60 urteko adinera irits baitaitezke!.

Pribilegiatuki garatua duen adimen eta mintzatzeko erraztasuna aipatu ditudan bezalaxe, kontuan hartzekoa da ere horrek guztiak ikasketa prozesu gogorra suposa dezakeela loroarentzat jabearen eskutik; izan ere, aurretik aipatutako guztia ikas dezan pazientzia eta eguneroko lan eta konstantzia ezinbestekoak baitira . Horrela ez bada, hots, animaliatxoa kaiolan giltzapeturik besterik gabe uzten badugu, ez du gauza handirik ikasiko eta ziur aski kanario baten antzeko apaingarri gisako papera burutuko du.

Aitortu beharrean nago nire artikulurako loro grisa aukeratu izana ez dela kasualitate hutsa izan, nik neuk etxean lagun hegodun hauetako bat izateko aukera eta zortea biak baititut. Hudoen artikuluan esan nuen moduan, maila honetako animalia bat izateak erantzukizun handia suposatzen du, aintzat hartu beharrean baikaude burdin trangen atzean dauden izaki horiek bizirik daudela eta bertan ez daudela soilki altzari gisa. Arrazoi horrexegatik, elikadura eta kaiolaren garbitasunaz gain, gure loroak edota bestelako animaliek gure maitasun eta arretak beharrezkoak dituzte, baita merezi ere! Horrela, bada, euren egoitza ahalik eta erosoen izan dadin eta, aldi berean, zoriontsuak izan daitezen saiatu beharko genuke ezbairik gabe.

Artikulua irakurtzerakoan yacoarekiko interesa piztu eta animalia honi buruzko xehetasun gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen edo hemen.

Comments { 1 }

euskaljakintzak urtebete!

Urte bat pasa da gure lehengo artikulua idatzi genuenetik; beraz, ofizialki gaur gure urtebetetzea da. Benetan zaila egiten zait idazten hastea, hainbeste proiektu, jarduera, ariketa, itzulpen, aurkezpen…ez da erraza blogak eman duena esaldi gutxi batzuetan laburtzea, ez. Baina nonbaitetik hasi behar eta hasteko, proiektuaren jaiotzari buruz mintzatuko naiz.

Aurreko urteetan, nire DBHO 2ko euskarako ikasleak ez nituen batere motibatuta ikusten, hobeto esanda, ez nuen nik lortzen beraien euskarekiko jakin-mina piztea inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGAko titulua ateratzea izanik, behin hori lortuta (gehiengo batek), eta kontuan izanda hautaprobetan ez dutela eduki aldetik ezer berezirik eskatzen (literatura…), izugarri kostatzen zitzaidan beraien interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau gero ez badute selektibitatean galdetu behar? Hauxe izan da azken urteotan gehien entzun dudan galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen; nire teoria guztiak azalduta ere, ez nuen beraien pentsamendua aldaraztea lortzen! Arazo hau abiapuntu eta IKTeroon artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, blog bat sortuko nuen. Artean, helburuak garbi nituen:

  • Euskara jakintzagaian DBHO 2n eman beharreko edukiak teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukerak erabiliz jorratu (sarean dauden baliabideei onura atera).
  • Euskarazko irakurmena, idazketa eta ahozkotasuna kilikatu.
  • Aprendizaia aktiboa bultzatu.
  • Talde lana sustatu (elkarrekin lan egiten ikasi).
  • Ohiko irakasle/ikasle “rolakâ€? aldatu (denok denongandik ikasi: ikasleek irakaslearengandik, ikasleek beste ikasleengandik eta baita irakasleak ikasleengandik ere).
  • Ikasleen ikaskuntza prozesuan euskarri digitalaren erabilera sustatu eta indartu.

Proiektua abian jartzeko hainbat zailtasun izan nuen. Hasteko, nire lankide adituen aldean, informatikako nire ezagutza guztiz urria eta eskasa zen (behin baino gehiagotan pentsatu izan dut ez ote nintzen ur sakonegietan sartzen ari). Halere, prest nengoen ikasteko eta proiektu berriak ematen zidan ilusioa nire ezagutza pobreari gailendu zitzaion. Horrela, udan lanari ekin nion zetozen zailtasunei ahal nuen moduan aurre eginez.

  • Blogak ohiko testu liburuaren papera ordezkatzea nahi nuen. Nola sartu bertan testu liburuko eduki guztiak? Horrek webquestak ezagutzera eraman ninduen. Konturatu nintzen ez nituela eduki guztiak blogean behar, egin behar nuena zela beraien esku jarri informazio iturri ezberdinak eta beraiek bultzatu material hori sortzera. Webquestak tresna erabat egokiak suertatu dira lanketa mota honetarako eta, gainera, aprendizaia askoz ere aktiboagoa bihurtu da. Baliabide honek, gainera, beste hainbat ezagutzeko bidean jarri gaitu (wikiak…).
  • Aurrekontu eta hosting propioa ez izateak ekarri dit buruhauste bat baino gehiago (buruari izugarri eragin behar izan diot dokumentuak, txostenak, bideoak, argazkiak…materiala, azken finean, sarean kokatzeko).
  • Ikasleek nik uste baino gutxiago menperatzen zuten ordenagailua hasiera batean eta proiektuaren berri zein zerbitzuetan alta ematen (posta elektronikoa, writely, blogsome, gravatar…) pentsatzen nuena baino denbora dezente gehiago pasatu genuen.
  • Ikasgaiaren balorazioaz. Gaia modu berritzaile batez fokatu behar banuen,  ezin nuen betiko azterketa sistema erabili. Koherentzia pixka bat eman behar nion planteamenduari. Horrela, baloratzeko sistema aldatu dut eta, nahiz eta hainbat eduki kontzeptualen neurketarako azterketa klasiko bat egin, azken emaitzaren zati txiki bat baino ez da izan (baloratutako besteak: taldean ekoiztutako txosten idatziak, taldean sortutako multimedia aurkezpenak -honen ahozko aurkezpena barne-, gure blogean idatzitako artikuluak…). Honekin nahiko gustura gelditu naiz, denok baitakigu betiko eskemetatik ateratzea zenbat kostatzen zaigun, maila hauetan, batez ere!

Zailtasunak alde batera utziz, aitortu beharrean nago hasieratik proiektuak harrera ona izan zuela ikasle gehienengan (beti dago bat edo beste tramankulu hauekin moldatzen ez dena eta denerako zailtasunak ikusten dituena, noski!).

Bloga tresna bereziki egokia da, nire ustez, hizkuntzak lantzeko. Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idazle-kazetari bihurtu ditu. Beraien artikuluak argitaratu dituzte jakitun izanik kanpotik ere irakurleak badituztela (aurki.com-en azaltzea oso garrantzitsua izan da beraientzat, baita Julen Gabiria idazleak edo Joxe Aranzabal HUHEZIko irakasleak, esaterako, goiari eusteko esateko idatzi zigutenean). Honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu (euskara egokia erabiltzen saiatu dira, blogean sartutako baliabideak hasi dira erabiltzen –hiztegi batua, sinonimoak, euskara-gaztelera hiztegiak, antolatzaileak eta abar). Halere, arlo honetan oraindik badago zer landu eta hobetu!

Gainera, ikasleek proiektua berea egin dute eta hori oso motibagarria izan da niretzat. Partekatzeari garrantzi itzela eman diogu elkarrengandik etengabe ikasiz, aprendizaia askoz ere dinamikoagoa bihurtu da, komunikazio arloak (ikasleen artean eta irakaslearekin) ohiko mugak gainditu ditu (posta elektronikoaren erabilera arrunta denon artean, etxetik, eskola orduz kanpo, idatzi dituzten artikuluetan erantzunak…). Laburtuz, motibazioa piztu da!!!

Ikasturtea amaitu da  eta atzera eginez, hilabete hauetan lanketa interesgarri bezain aberatsak abian jartzeko aukera izan dugula gogoratu nahi dut (informatikako aplikazio ezberdinak itzuli, esamolde eta sinonimoak jorratzeko ariketak sortu, istorio
elkarreragileak
ekoiztu, DBH 1ekoen irakasle bihurtu, sarean zehar barreiatuta dagoen euskara lantzeko materiala bildu…).  Egindako guztia, gainera, gure filosofiarekin bat eginik, denon eskura jarri dugu.

Hurrengo urteari begira, euskaljakintzarekin jarraitzea pentsatzen dut. Dena den, kideak ezberdinak izango direnez (ikasleen profila erabat aldatzen da), plana euren beharretara egokituko dut baina funtsean arestian aipatutako helburuei eutsiz. Honetaz gain, egitasmo anitz dut buruan. Esate baterako, Euskaljakintza (euskara DBHO 2) zein nire beste irakasgaiak (euskara DBHO 1, ekonomia DBHO 1, ingelesa DBH 4 eta tutoretza DBHO 1) Moodle plataforman integratuko ditut bakoitzarentzako ikastaro bat sortuz. Ikasgai hauei dagozkien edukiak, jarduerak, egutegia…sarean jarriko ditut tresna ahaltsu honek eskaintzen dituen aukerei ahal dudan etekina ateraz eta IKTen integrazioan beste urrats txiki bat emanez. Irrati-nobela bat sortu podcast-ak indartuz eta ahozkotasuna landuz eta euskal wikipedia zabaltzen lagundu ere gure helburuen artean kokatuko ditut, besteak beste.

Ilusioz beteta hasi nintzen duela urtebete eta ilusio hori bikoiztua dut une honetan. Garbi daukat  gogo hori esna mantentzearen arrazoia neurri handi batean nire ikasleen jarrera izan dela. Nola eskertu eman duten guztia? Euren interesa, lana, ekinkortasuna, laguntzeko eta partekatzeko prestutasuna…  Baina, gauzak diren bezala, IKTen alor honetan munduko borondate onena izanda ere, aldamenean buruan dituzun ideiak aurrera ateratzeko laguntzarik ez baduzu, egitasmo ugari bertan behera gelditzen dira. Ez da nire kasua izan; izan ere, edonork bere aldamenean nahiko lituzkeen lankideak izan baititut gertu-gertu. Ez dago esan beharrik jolaus eta magic (magic eta jolaus) IKTeroez ari naizela. Euskaljakintzak ez luke urtebetetzea, ez hilabetea ez minutua ospatuko beraien etengabeko laguntzarik gabe eta hori ez da mila esker esanda eskertzen!
😉

Aurreko guztiak hasieran finkatutako helburuak gainditzera eraman gaitu. Ikusten duzuen bezala, balorazioa guztiz baikorra da. Halere, ezin dugu ahaztu IKTak gure eguneroko jardunean normaltasun osoz integratzeko oraindik asko dagoela egiteke (duela gutxi jolausek idatzitako artikulu mamitsuan garbi gelditu zen legez), gauza asko ikasteke. Aurreiritzi ugari baztertzen saiatu beharko genuke bai ikasle eta baita irakasleok ere (ordenagailuak jolasteko dira, denbora galtze bat, hezkuntza eredua ezin da aldatu, gurasoen sinesgaiztasuna horrelako proiektuetan…)

Nire uste apalean, berrikuntza baten atzean proiektu serio eta landu bat badago (ez inprobisazio hutsa) eta, batez ere, irakasleak eta zuzendaritzak (gure kasuan gertatu den bezala) erabat sinesten badute berrikuntza horretan urrats handi bat emanda dago. Arriskatu ere (neurri batean) egin beharko genuke. Irakasleoi ahoa betetzen zaigu ditugun zailtasunak eta presioak aipatuz, baina askotan zailtasun horien atzean ezkutatzen gara betikotasunean mantentzeko. Nola aldatu nahi dugu hezkuntza sistema banakakook aurrera pausoak ematen ez baditugu? Administrazioaren zain geldituko gara? Bestalde, hainbestetan aipatu dugun klaustroaren papera guztiz garrantsitsua eta erabakiorra izaten da gure ikastetxeetan. Askotan, gainera, ezkorra izaten da eta zaila da egun batetik bestera ezkortasun hori aldatzea. Niri bururatzen zaidan modu bakarra talde txikietan lanean hastea da: benetan bidea hau dela sinesten dugunok elkarrekin lan eginez, besteen interesa pitz dezakegula pentsatzen dut.

Alde horretatik, Jolausek hainbatetan aipatu duen moduan, gure ikastolan gero eta gehiago gara aurrera begiratu nahi dugunok. Ez bakarrik IKTen integrazioari dagokionean, baita beste hainbat alorretan ere (kanpotarren integrazioa, eleaniztasuna, ikasleen gertuko jarraipena…). Batzuetan ez dugu asmatzen baina garbi daukat ez garela besoak gurutzatuta gelditzen arazoak eta berrikuntzak noiz eta nondik etorriko zain, aurre egiten saiatzen garela.

Amaitzeko, askotan pentsatzen dut hondorik gabeko putzu batean sartu garela/naizela: zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago jakin nahi (eta hori, uneoro gauzak aldatzen doazen teknologia berrien eremuan, zenbaitetan neketsua izan daiteke). Edonola ere, garbi daukat: esparru honetan inongo erraztasun eta ezagutza kaskar honekin honek aurrera badarrai, edonork egin dezake! Beraz, nire jakin-mina ikasleei kutsatzen saiatzeaz gain, beste irakasleak ere horrelako proiektuetan murgiltzera animatu nahi ditut; izan ere, gozoak gaziak baino askoz ere gehiago izan baitira urtebeteko ibilbide honetan…

Comments { 3 }
-->