Tag Archives | ametsak

Ametsa, buru barneko misterioa

ametsakEz daukagu, ez, egun dauden milaka galderen erantzuna: nola sortu da mundua, zergatik, nola sortu gara, zer dago heriotzaren ostean… Oraindik erabat argitu gabeko misterio horietako bat dugu ametsa. Hauek zer diren zehaztasunez dakigula pentsatu arren, inork ez daki xehetasun osoz.

Gai honi buruzko gogoetak aspalditik eman dira. Horrela, antzinako Greziako kulturan ametsei balio profetikoa ematen zitzaien, hau da, irudi irreal hauek etorkizuneko gertakari edo egoerez ohartarazten zutela pentsatzen zuten. Hau dela eta, oniromantzia edo ametsen interpretazioa ohiturazko jarduera bihurtu zen garai hartan. Bestalde, antzinateko beste kulturetako pertsonek uste zuten ametsak Jainkoak bidalitako mezuak zirela, eta hauek bidea argitzeko, prebenitzeko, ohartarazteko eta gidatzeko balio zutela.

Hala ere, gai honi buruzko gogoeta eta ikerketa nagusiak azkeneko mendeetan eman dira. XX. mendearen hasieran, Sigmund Freudek ametsen interpretazioa izeneko liburua argitaratuz, psikoanalisiari hasiera eman zion. Freuden arabera, inkontzientea gure psikearen parte da, eta gure pentsamenduak eta sentimenduak zuzentzeko balio du. Bestalde, ametsak analizatzeko inkontzientea analizatu behar dela esan zuen. Freuden ikasle izan zen Carl Jung Gustavek, berriz, informazio eta kontrolerako organo bezala sailkatu zuen. Carlek 80.000 amets inguru analizatu ondoren, ametsa bakarra eta ameslariarekiko erlatiboa zela ondorioztatu zuen.

Zer dira ametsak?

Ametsak zer diren esplikatzea ez da erraza; izan ere, inork ez daki zer diren eta zergatik sortzen diren ziurtasun osoz. Hala ere, ikerketa ugari egin ostean, hipotesi ugari eta bertsio posibleak ditugu. Ametsak, definizioz, lo gaudenean sortzen diren irudi edo eszena irrealak dira, eta bertan gure pertsonalitateko sentimenduak, nahiak… agertzen dira. Azken batean, bizitzen ari garen egoera eta honekiko sentitzen duguna islatzen duten irudiak dira.

Gaur egun pentsatzen da zerebroko eremu batzuetan ematen diren prozesu fisiologiko batzuen ondorioz sortzen direla naturalki, eta bete ez diren edo debekatutako nahien ondorioz sortzen direla. Ikerlarien ustez, ametsa buruko inkontzientearen berrantolaketa da, beste era batera esanda, zerebroak gure inkontzienteko informazioa ordenatzea.

Amets profetikoak

Pertsona askok pentsatzen du ametsetan ikusitakoa guztiz irreala dela eta, inoiz ez direnez errealitatean betetzen, ez dutela ezertarako balio. Gezurra badirudi ere, ametsak oso garrantzitsuak dira eta kontuan hartu beharko genituzke; izan ere, gerta daiteke etorkizuneko gertakari baten bat iragartzea, eta, ondoren, hau benetan gertatzea. Egia esan, ez dira maiz ematen. Hori dela eta, badakit zuetako askok ez duzuela sinesten ametsetan, baina benetan gertatutako bi gertakari hauek azaldu ostean, ea zer iritzi duzuen.

amets_profetikoakAbraham Lincolnek bere heriotza amestu zuen. Bere ametsaren arabera, Etxe Zuriko gela batean sartzen zen eta bertan hildako bat zegoen. Soldadu batek beste bati galdetzen dio ea nor den hildakoa, eta besteak esaten dio Lincoln hil egin dutela. Ametsa egiazkoa zen; izan ere, presidentea tiro batez hil zuten.

Hala ere, duela gutxiagoko kasua 9 urteko neska galestar batena da. Erylek, 1966ko urriaren 19an, amets hau izan zuen: neska eskolara zihoan egunero bezala, baina hara iritsitakoan ez zuen hura ikusten, zerbait beltza erori baitzitzaion eskolari. Neskak bere amari kontatu zion, baina honek ez zion sinetsi eta ez zion garrantzirik eman bere alabaren ametsari. Erylek amari esan zion ez ziola heriotzak beldurrik ematen; izan ere, Peter eta June, bere klaseko lagunak, berarekin hilko ziren. Ametsa izan eta egun batzuetara, ikatz ausa handi bat erori zen Erylen herrira eta 150 pertsona hil ziren, horien artean neskatoa. Gertakaria pasa ondoren egindako ikerketa baten arabera, 60 pertsonak izan zuten neskatilak izandako amets bera. Sinestezina!!! Hau ikusita, esan dezakegu fenomenoa erreala dela; beraz, egin kasu zuen ametsei badaezpada ere.

Nola oroitu ametsak hobeto?

Zientifikoki frogatuta dago denok egiten dugula amets. Kirolean bezala, irudi hauek gogoratzeko denboraldi onak eta txarrak daude. Denboraldi bat ona izateko, partidak irabazi behar dira eta, horretarako, gogor entrenatzea ezinbestekoa da. Ametsekin gauza bera gertatzen da: zenbat eta gehiago entrenatu, orduan eta amets gehiagoz oroituko gara. Horrela, hasiera batean, irudi lausoak baino ez ditugu gogoratuko. Gerta liteke ere ezertxo ere ez oroitzea. Egunak pasa ahala, gure entrenamenduak fruituak ematen hasiko da eta, horrela, lotura ez duen hainbat eszena gogoratuko dugu. Geroago, erlazioa duten eszenak oroituko ditugu, eta, amaieran, amets osoak. Ametsak aintzakotzat hartu eta hobeto gogoratu nahi badituzue, hemen dituzue “Taller de Trabajo con sueños”-en gomendio batzuk:

  • Ametsak hobeto gogoratu nahi badituzu, saiatu ohera beti ordu berean joaten; hau da, lo egiteko ordutegi finko bat ezartzen.
  • Ametsak gogoratu ahal izateko idaztea komeni denez, utz ezazu koaderno eta boligrafo bat ohetik gertu.
  • Esna zaitez modu naturalean, hau da, ez zaitez esnatu musika edo iratzargailu batez; izan ere, hauek zure kontzientzia nahasten dute.
  • Beste pertsona batekin lo egiten baduzu, saia zaitez armonia mantentzen berarekin.
  • Idatz ezazu paperean burura datorkizun guztia; izan ere, ohiturak eta konstantziak egingo dute amets gehiago oroitzea.
  • Ahal duzun azkarren idatzi guztia, hau da, ez zaitez saiatu ideiak ordenatzen edo amets guztia oroitzen.
  • Koadernoan idazten ari zarenean, ahal dituzun xehetasun gehienak eman, eta ametsean zehar izandako jarrera eta sentimenduak idatz itzazu.
  • Izkiriatu aurretik ez zaitez ohetik atera, eta ez pentsatu bestelako gauzetan.
  • Idatz itzazu amets guztiak. Txarrak ere bai!
  • Ametsa ahaztu eta ez bazaizu burura etortzen, lasai! Normala da ahaztea, denoi gertatzen zaigun gauza da; hortaz, har ezazu joko bat bezala. Gogoan izan antsiak lorpena eragozten duela. Eutsi goiari!
Comments { 0 }
-->