Tag Archives | antzerkia

Asier Zinkunegi (Etzi antzezlanaren zuzendaria): “Oso pozik eta harro sentitzen naiz Gorkarengan sinetsi dudalako”

Ia konturatu gabe iritsi zen ostiral hura. Bi aste eta erdi lehenago, Etzi antzerkiaren zuzendariak, nire irakaslea izandakoak, eman zidan Tolosan izango zen obraren estreinaldiaren berri, eta bitan pentsatu gabe ikustera joango nintzela erabaki nuen. Ez nekien norekin joan, ez zen inor animatzen, eta azkenean ama eta biok joan ginen. Asko gustatu zitzaidan emanaldia, eta, amaitutakoan, nire irakasle ohiarengana hurbildu nintzen, hura agurtzeko asmoz. Bi astetan antzerkia Beasainen aurkeztuko zutela esan zidan, eta, beraz, elkarrizketa emanaldi haren aurretik egiteko geratu eta berehala atera nintzen antzokitik, nahiko lanpetuta baitzebiltzan. Egia esan, bi egunetan edo ez nuen antzerki hura burutik kendu, bueltak eta bueltak eman nizkion gaiari, benetan hunkitu baininduen. Hamabost egun motzetan galderak pentsatu eta idatzi nituen, batzuk amaren laguntzaz, eta azkar iritsi zen hitzordua.  Uste baino lasaiago joan nintzen nire bi lagunen konpainian Beasaingo Usurbe Antzokira, pastel batzuk eskuan neramatzala. Zuzendariak ireki zigun atea eta aktoreak pixkanaka-pixkanaka ailegatzen joan ziren. Azkenean, lasai eseri, arnasa sakon hartu eta grabatzeari ekin genion.

Dar-dar konpainia orain dela hamar urte sortu zen Legorretan eta, urte batzuetan umeei eskainitako emanaldiak ekoizteaz gain, azken urte hauetan helduentzako obra batzuk ere sortu ditu, “Gaurko Menua” izenekoa, esate baterako. Momentu honetan aipatutako emanaldi hau eta beste batzuk Euskal Herriko hainbat txokotan aurkeztu dituzte konpainia honetako aktoreek, eta 8.000 ikusletik gora izan dituzte.

Etzi izeneko antzezlana Karlos Linazasororen izenburu berdineko liburuaren egokitzapen bat da. Obra honek Bruno izeneko Down sindromedun mutiko baten istorioa kontatzen du, honen familiakideek berarekin izandako momentu onenak azpimarratzen ditu, eta honelako pertsonak zenbateraino maitatzera hel gaitezkeen erakusten digu umore, intriga eta drama puntu batez. Etxean horrelako egoera dutenenengana hurbiltzea da antzerki honen helburu nagusia, eta, jasotako kritikei begiratuta, eginkizuna bikain burutu dutela esan genezake.

Antzerki hau Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti, Gorka Zufiaurre eta Asier Zinkunegi aktoreek aurkezten digute, eta gaurkoan Euskaljakintzan ditugu.

Lehenik eta behin, eskerrik asko Euskaljakintzarako tartetxo hau hartzeagatik. Besterik gabe, elkarrizketarekin hasiko gara. Lehenengo, taldean erantzuteko galdera batzuk egingo dizkizuet eta ondoren bakarkakoak. Hasteko, zergatik erabaki zenuten horrelako antzerki bat egitea? Nori bururatu zitzaion liburuaren egokitzapenaren ideia? (Asier Zinkunegi) Liburuaren egokitzapenaren ideia ekoiztetxetik atera zen, Iker, anaiaren, eta bion gauza izan zen. Lagun batek, Elkarren lan egiten zuen Joxean Ormazabalek, esan zigun Karlos Linazasororen ipuin bat argitaratzera zihoala, gure ekoizpen lerroekin ongi joan zitekeela iruditzen zitzaiona. Eta irakurri genuenean, esan behar da hunkituta gelditu ginela, eta kajoi batean gelditu zen etorkizunean gauzatu zitekeen proiektuetako bat bezala, eta aurten erabaki dugu hau aurrera ateratzea.

Nola erabakitzen da bakoitzak antzeztuko duen pertsonaia? (AZ) Esan liteke kasu honetan ipuinetik nahiko markatuta zetozela zer pertsonaia mota eta zenbat zeuden. Ipuinak berak markatzen zuen, eta, gero, egokitzapena egiteko garaian hartzen joan ginen erabakiak izan ziren. Gehien bat zuzendaritza eta egokitzapen arlotik hartutako erabakiak izan dira.

Zer izan da obra hau egitean lan gehien eman dizuena? (Jose Ramon Soroiz) Zuzendaria bera da, orduan, erantzunak berak ditu… (AZ) Lan gehien eman diguna? Prozesu luzea izan da, astuna eta gogorra. Hasiera batean, egokitzapenak lan dezente eman zuen; ipuin narratibo bat da, nahiko motza dena eta hori antzerkira gauzatzea lan sakona izan zen.

Nola moldatzen zarete entseguak egiteko? (AZ) Nola moldatzen garen? Ekoizpen arlotik planning bat egiten da eta sei astez ensaiatzen da gaur egun ekoizpen profesionaletan. Orduan, sei aste horietan dena muntatuta izatea posible izateko, aste bakoitzean helburu batzuk markatzen dituzu, egun bakoitzean helburu batzuk markatzen dituzu, nolabait, epe hori bukatzen denean dena eginda egon dadin.

Nolakoa izan da Down sindromedun pertsona batekin lan egitea? (AZ) Hau denontzako galdera bat dela iruditzen zait; bestela, nik bakarrik hitz egingo dut…Niretzako, zuzendari bezala, plazer bat. Gorka, gainera, oso langilea eta oso sistematikoa da, eta gozada bat izan da niretzat berarekin lan egitea. (Pilar Rodriguez) Oso aberatsa izan da niretzat ere bai; gertutik horrelako pertsona bat ezagutzea da, ezagutzen ditugu bai kalean eta bai… Eta bera ikustea, gainera! Horrelako pertsona batek lan eginez gero, zenbat gauza egiteko kapaz den…Eta Gorka bera oso aktore ona, sinpatikoa eta oso majoa da; beraz, benetan gustura. Aberasgarria iruditzen zait. (JRZ) Nik lehenagotik ezagutzen nuen, lehen bere aita izan nintzen eta orain aitona, adinean gora baikoaz. (Asier Oruesagasti). Egia esan, sindromedun jendearekin lan egindakoa nintzen, baina ez antzerki munduan edo ez aktuazio munduan, eta, horregatik, nik jakin nuenean Down sindromedun bat egongo zela antzerkian…Hasieran, pelikulak egiten dituzu zure buruan, sindrome oso maila desberdinak baitaude; orduan, kezka puntu bat… Baina Gorka ezagutu eta lehen egunean castinga egin genion Asierrek eta biok Gorkari; baita beste bati ere. Garbi ikusi genuen lehenengo momentutik, bagenekien berarena izango zela papera. Eta hala izan da.

Antzezlan honek Down sindromea dutenen inguruan aurretik zenuten pentsaeran eraginik izan al du? (PR) Bueno, gehixeago ezagutu dugu horrelako pertsona bat. Nik, behintzat, ezagutzen ditut, baina pixka bat kalean eta horrela. Eta erreflexio bat: lan eginez gero horrelako pertsona batekin, zenbat gauza egiteko gai den…Nik lehenago ezagutu nuen Gorka, ETBn behin ikusita. Zenbat lan egin duten bere gurasoek, bere arrebak eta bere amak, batez ere. Zenbaterainoko garrantzia duen horrelako jendearekin lan egitea, estimulatzea… Bagenekien aktorea zela, laburmetraiak eginak ditu, ez dakit zenbat, eta bere lan egiteko gogo hori eta ilusio hori… Benetan esaten duzu, ze guay, ze ongi!

Horrelako egoera etxean dutenei zer esango zeniekete? (AZ) Gertutik ezagutzen dutenek, uste dut, beraiek dauzkatela gauza asko esateko guri; askoz gehiago dute beraiek guri erakusteko guk beraiei baino. Zer esango diegu, bada? Bizitza horrelakoa dela eta aurrera segi behar dela, eta ezer gutxi gehiago. Beraiek askoz gehiago dute guri erakusteko, guk beraiei baino. (PR) Gorka desiatzen dago erantzunak emateko… Berak ere zer esango lioke bera bezalako jendeari?

Zer esango zenieke? (Gorka Zufiaurre) Nik ere baditut lagunak sindromearekin. Esango nieke aurrera jarraitzeko, eta beraien helburuak lortzeko. Hori da inportantea dena.

Jose Ramon Soroizen txanda

Zuek antzerki, telebista eta zineman ibilitakoak zarete, eta arlo honetan esperientzia ugari duzue. Jose Ramon, pertsonalki zerk urduritzen zaitu gehiago, kamera baten aurrean aktuatzea edo jendaurrean antzeztea? Betiko galdera! Era desberdinak dira. Kamera baten aurrean lan egiten duzu, moztu egiten da gaizki ateratzen bada… Aspergarriagoa da alderdi horretatik. Antzerkiak duena da zuzeneko gauza. Bizia da, hor ez dago atzera ematerik, behin atzeratzen zarenean, aurrera egin behar da. Eta hori aberatsa da, publikoa hor gertu edukitzea eta haiei egitea, eta beraien txaloak eta beraien isiluneak… Momentu horiek oso aberatsak dira aktore batentzat. Nik uste dut antzerkitik pasatu beharko lukeela edozein aktorek. Teknika ezberdinak dira. Nik neronek, adibidez, landuagoa daukat antzerkia zinea baino; niri gehiago kostatzen zait momentuan… Baina pentsatzen dut hori ere zenbat eta gehiago egin, orduan eta gehiago ikasten dela, gauza guztiak bezala. Baina zein gehiago? Hobeto bizitzeko, diru aldetik, zinea edo telebista eta… (PR) Asko egiten baduzu, dena bezala… (JRS) Asko egiten baduzu, bai, baina horiek hobeto pagatuta daude. Gutxien pagatua edo pobreena esan dezakegu antzerkia dela, baina gustukoena ere bai, niretzat behintzat.

Urduritasuna gainditzeko zer gomendio emango zenuke? Buf! Urduritasuna… Ni oraindik urduri jartzen naiz atera aurretik, eta komeni izaten da pixka bat beldur hori edukitzea. Serioa da, ateratzen zarenean zure dena eman behar duzu eta orduan ez dado txantxarik: “Ba! Nik egin dizkiat hainbeste emanaldi…”. Ez, orduan, urduritasun hori komeni izaten da zentratuta egoteko eta indarra emateko. Zer esan? Ateratzen zarenean, joaten zaizkizu. Orduan, beste mundu batean zaude eta, hasieran, atera aurretik izaten dira nerbio horiek.

Pilarrekin…

Orain, Pilarren txanda da. Zein izan da antzerki munduan bizi izan duzun esperientziarik politena? Ez dakit orain esateko; bakoitzak bere historia du… Nik, pertsonaia bezala, egin dudan konplikatuena eta gehien bete nauena Eklipse izan zen. Oso pertsonaia berezia zen, alderdi guztiak zituena: oso arraroa, konplikatua… Eta onena izan zen ordura arte egin nahi izan nuen pertsonaia zela. Heriotza zen, eta emakumea, eta erdi gizon, eta erdi emakume… Gauza arraro bat zen, eta lantzeko zaila. Gogoan gelditu zitzaidan. Halere, ni pertsonaia guztiekin gelditu naiz gustura. Ateratzen zarenean, ahal duzun ondoen egiten duzu, eta ahal duzun ondoen sartzen zara pertsonaia horretan. Zerbaitek pixka bat markatu banau, pertsonaia hori izan da.

Antzerkian eszenak errepikatzeko aukerarik ez dagoenez, noizbait zer esan ez zenekiela geratu al zara? Gertatu izan zait atera baino lehenago, momenturen batean. Halere, ohituta gaude horretara, inprobisatzera; eszena eta pertsonaiaren barruan noski, ez edozein gauza esateko. Beraz, behin, baina kanpoan, ez barruan.

Asierrek hartu du lekukoa

Asier Oruesagastiren txanda dugu orain. Pertsonaia ezberdin ugari antzeztu dituzu, Asier. Nolako pertsonaiak iruditzen zaizkizu antzezteko errazenak? Gustukoenak gaiztoenak izaten dira marjina eta askatasun gehien uzten dizutelako, baina ez zaizkit askotan tokatu. Halere, arazo bat ekar dezakete: nahiz eta oso politak izan aktuatzeko momentuan, normalean oso denbora laburrerako izaten dira, berehala harrapatu edo hil edo zerbait gertatzen baitzaie. Zine edo antzerkirako horrelako pertsonaia batek gauza handiekin edota detaileekin jokatzeko aukera ematen dizu. Nahiz eta beste pertsonaia guztiekin berdin jokatu ahal izan, gaiztoen paperak hori du, askatasun gehiago ematen dizula. Baina pelikula, serie edo antzerki batean badakizu hasiera eta bukaera duela. Horrelako gaizto puntu bat duten pertsonaiak politenak direla iruditzen zait.

Noizbait egokitu al zaizu gustuko izan ez duzun pertsonairen bat antzeztu behar izatea? Bada, ez. Agian, badaude pertsonaia batzuk besteak baino askoz gehiago gustatu zaizkidanak, baina, azkenean, pertsonaia guztiei aurkitzen diezu nolabaiteko konplizitatea zurekin, eta zaindu behar duzu pertsonaia hori, horrek ematen dizulako momentu horretan jatekoa. Baina, egia esan, orain arte, bai Donostiako Zurriola antzerki eskolan egin ditudan antzezlanak, eta bai profesionalki lortu ditudan pertsonaiak ere gustagarriak izan dira; ez dut bat ere gorrotatu. Beraz, alde horretatik pozik.

Gorkarekin jarraitu dugu

Orain Gorkaren txanda da. Obra honetan Brunoren papera egitea proposatu zizutenean, zer iruditu zitzaizun? Brunoren pertsonaia ni bezalakoa da, asko mugitzen da bera eta ni ere bai; bera aktiboa da eta ni ere bai. Aldi berean hainbat gauza egiten ditugu: ni deportista naiz, aktore ona ere bai… Brunoren papera egiteko esan zidatenean, ni pozez zoratzen jarri nintzen, hori baita nire gustuko papera.

Eta, azkenik,  zuzendaria…

Azkenik, kamareroaren papera egiteaz gain, obra honen zuzendaria den Asierren txanda da. Hau bezalako antzezlan osatu bat egiteko, zer da beharrezkoa? Hasteko, “aberia” pixka bat edukitzea ganbaran… Momentu honetan egoera dagoen bezala, ez da batere gomendagarria horrelako enbolatu batean sartzea. Gero, emaitza izan den bezalakoa izateko, beharrezkoa da eduki ditugun mailako kolaboratzaileak izatea: interpretazioan beraiek, eszenografian Nacho, bideo-proiekzioan Beto… Jende askok hartu du parte honen sorkuntza prozesuan, eta denak bere arloan oso-oso onak dira. Horrek ematen dio ikuskizun honi, nire ustean, duen maila artistikoa.

Gorkarekin lan egin baino lehen, Down sindromedun aktoreren batekin jardunean ibilitakoa al zinen? Nolako esperientzia izan da? Bueno, nik klase eman diot noiz edo noiz Down sindromedun pertsonaren bati, bat zuen ikastetxekoa, Xiker, eta besteren bat ere ezagutu dut, baina ez asko. Niretzat ere aukera oso aberasgarria izan da Gorka ezagutzea, nire lagun handisina bihurtu da. Esperientzia oso positiboa. Nik beti pentsatzen dut jendearengan sinestu egin behar dela, denok ditugula gaitasunak gauzak egiteko. Oso pozik eta harro sentitzen naiz Gorkarengan sinetsi dudalako, berak erantzun egin baitio gure sineste horri bere lanarekin eta bere talentuarekin.

Mila esker Dar-dar produkzioen antzerki-talde honi, benetan, egun hartako emanaldiaren aurretik tartetxo bat eskaintzeagatik eta Etziren atzean dagoenaren ideia bat emateaz gain, antzerkiak era guztietako pertsonei harrera egiten diela erakusteagatik.

Comments { 7 }
-->