Orain dela gutxi irakurri nuen, antzinako Grezian, Olinpiar Jokoetan parte hartzen zuten atletek dopinera jotzen zutela beraien errendimendua handitzeko; beraz, nik uste nuen bezala, dopinna ez da gaur egungo kontua, hori dirudien arren. Uda honetan, Gazteriaren Munduko Atletismoko txapelketa ospatu da, eta, Interneten lasterketen emaitzak bilatzen ari nintzela, iazko edizioaren artikulu batekin egin nuen topo. Zera irakur zitekeen bertan: 17 urteko bi mutilek positibo eman zuten furosemida izeneko substantzia batengatik. Honek berez ez du atleten errendimendua hobetzen, baina, diuretiko bat denez, likidoak kanporatzen laguntzen dizu eta, horrela, hartutako anabolizante, esteroideak… ez dira analisietan agertzen.
Hau irakurri eta gero lur jota geratu nintzen; izan ere, nik adin hauetako gazteen kontra egiten dut lasterka. Inoiz ez zait burutik pasatu hauek dopa daitezkeenik. Gauzak horrela, buruari bueltak ematen hasi nintzaion, honen erruduna aurkitzeko asmoz. Erantzun asko bururatu zitzaizkidan. Nire ustez, atleta bera da erru gehien duena; izan ere, berak nahiko ez balu, ez luke inongo substantziarik hartuko. Halere, bere entrenadoreak honen berri edukiko du seguruenik, eta, agian, bere gurasoek ere bai. Askotan gurasoak izaten dira beraien umeak dopatzera bultzatzen dituztenak. Nik entzunda dut guraso batzuk beraien seme-alabak eraman izan dituztela konpetizio baten aurretik medikuarengana seme-alaben errendimendua hobetzeko zerbait emateko, hau da, dopatzeko. Seme-alabak ekintza ilegal hauetara bultzatzen dituzten gurasoak askotan dira euren bizitzan lortu nahi zituzten helburuak lortu ez dituztenak. Beraiek lortu ez, eta euren seme-alabek lortzea nahi dute, nahiz eta horretarako ekintza ilegaletara bultzatu eta euren bizitza arriskuan jarri.
Gainera, lotsagarria da tranpati batzuengatik hainbat kirol eta errekor zalantzan jartzea. Sutan jartzen naiz horrelakoak gertatzen direnean: gehienetan kiroletan adituak ez diren pertsonak izaten dira marka hauek zalantzan ipintzen dituztenak, eta ez dituzte aintzat hartzen errekor eta kirol guztien atzean ona izatera iristeko behar den disziplina eta esfortzua. Hala ere, beraien lekuan jarri naiz ni behin baino gehiagotan. Jasaten duten presioa hain da handia beraiek behar dituzten bekak lortu ahal izateko, non, ideiak garbi izan ezean, oso erraza den horrelako munduan erortzea eta oso zaila putzu horretatik ateratzea. Nik, behinik behin, ez dut dopatu diren kirolarien bergizarteratzean sinesten kirol eremuan; izan ere, behin iruzur egin badute, nork ziurtatzen dit niri berirro ere egingo ez dutenik?
Dena den, nik askotan pentsatu izan dut ea zer egingo nukeen norbaitek segurtatuko balit munduko txapeldun izango nintzela 1.500 metroko proban, adibidez, baina dopatuta. Ziurtatuko balidate ez nindutela harrapatuko? Nik uste dut ez nintzatekeela erabat gustura sentituko. Eta harrapatuko banindute azpijokoan ? Nire irudia zikinduta geratuko litzateke, denek tranpatitzat hartuko ninduten eta bi urteko zigorra jasoko nuen. Hau dena aztertu ondoren, nire buruari behin baino gehiagotan esan diot ez duela merezi horrenbeste arriskatzea, nahiago dut kirola hobby bezala hartzea.
Beraz, hau dena laburbilduz, zera esango nuke: dopatzearen aurka nago. Badakit ezinezkoa dela hau ekiditea; izan ere, kirol munduan diru asko mugitzen baita, baina hainbat neurri bururatzen zaizkit dopinaren erabilera jaisteko: kirolariek egindako markei horrenbesteko garrantzia ez ematea, dopinaren aurkako kontrol gehiago egitea eta dopinak epe luzera begira sor ditzakeen kalteez informazio gehiago ematea.
Iruzkin berriak