Tag Archives | elkarrizketak

Jandro: “Futbolari nintzenean ikasketak egitea nire bizitzan hartutako erabakirik onenetarikoa da”

Aitaren laguna zela eta, berak bizi izan zuen istorioa gertutik ezagutzen nuen. Gaur egun, aldiz, bere enpresa dela medio, askotan nire ordenagailuaren arazoak konpontzeko harremanetan ere jartzen gara. Hain erraza bazirudien ere, elkarrizketa egiteko komeria asko izan genituen; halere, komeriak komeria, azkenean hitzordua ipintzea lortu genuen eta iritsi zen elkarrizketa egiteko eguna. Izugarri lotsatuta eta oso urduri nengoen, baina Amaiari esker lortu nuen apur bat lasaitzea. Elkartu ginenean, kafea eskaini zigun eta hurrengo bost minutuak zeregin horretan eman zituen. Nire ondoan eseri eta lasai egotea lortu nuenean, elkarrizketari ekin nion.

Alex Calvo Garciaz ari naiz. Alex 1972ko urtarrilaren 1ean jaio zen Ordizian, Gipuzkoan. Jandro ezizenez ezaguna den futbolari ohi honek bere bizitzako urte asko eskaini dizkio kirol ezagunari. Eibarren eman zituen bere lehen urratsak. Geroago etorriko ziren Beasain, Reala eta Torrellano. Azken honetan eman zion amaiera bere futbolari ibilibideari urte asko eta asko Ingalaterran egon ondoren, zelai erdian jokatuz, Scunthorpe United taldean hain zuzen ere. Erretiratu ondoren, Iñigo Gurruchaga kazetariak berari buruzko liburu bat idatzi zuen: “Scunthorpe until I die”.

Jakin dudanez txikitatik izan duzu futbolerako dohain hori. Imajinatzen dut ez zenuela pentsatu ere egingo iritsi zarenera iritsiko zinenik. Bueno, txikitatik futbolean jolasten hasteak beste maila batzuetan jokatzeko aukera eman zidan. Horrek leku ezberdinak ezagutzera eramaten zaitu. Nik, nire zorionerako, Ingalaterran jokatzeko aukera izan nuen. eta oso esperientzia ona eta saritua izan nuen.

Momentu txarretan, burutik pasa al zaizu inoiz amore ematea? Bai, bizitzan ez ezik futbolean ere beti izaten dituzu momentu onak eta txarrak. Futbolari dagokionez, bi une kritiko bizi izan ditut, zeinetan gehiago nengoen futboletik kanpo barruan baino. Baina egia esan, hori bizitzak ezarritako oztopoak dira eta egoera horretan erabaki bat hartu behar duzu. Nik aurrera egitea erabaki nuen, nahiz eta etorkizuna futbolean ez oso garbi ikusi. Borrokotu egin nuen ahal izan nuen bezala, eta azkenean inoiz pentsatu ez nuena lortu nuen.

Ingalaterrara joateko aukera izan zenuen. Kostatu al zitzaizun erabakitzea? zure ingurukoei galdetu beharra izan zenuen edo zuk zeuk erabakia hartzea nahiago izan zenuen? Zaila izan zen; izan ere, garai hartan, gaur egungoarekin alderatuta, ez baitzegoen atzerrira joateko ohiturarik. Lehenengoetakoak izango ginen; beraz, zaila izan zen lurralde, ohitura eta hizkuntza ezberdinak zirelako. Bestalde, erabakia hartzea ez zen oso zaila izan, aukera bakarra geneukalako: arriskatu eta futbolean jokatu edo hemen geratu inon jokatu gabe.

Diozun bezala, Ingalaterrara iristean, beste kultura, hizkuntza, ohitura … batzuk topatu zenituen. Haietara moldatzea zaila egin al zitzaizun? Gainera, antza denez, Ingelesa tutik ere jakin gabe joan zinen. Laguntzarik izan al zenuen? Bai, benetan zailena hizkuntza ez jakitea izan zen Ingalaterra bezalako lurralde batean. Beste esparru batzuetan, azken finean, antzekoak gara, antzeko bizitza daramagu; halere, egunero jendearekin hitz egin ahal izate hori lorpen handienetariko bat da. Aldageletan sartu eta inorekin hitz bat ezin egite horrek nahiko zapuztuta sentiarazten dizu. Edonola ere, egunez egun hizkuntza gero eta gehiago menperatzen joatean, gizarteratuago sentitzen zara. Taldean baztertua ez egotea, edonorekin komunikatzeko gai izatea eta taldearen barruan sentitze hori gozamen pertsonal bat da. Gaur egun, nire zati bat ingelesa dela sentitzen dut. Beraz, lortu genuen bertan txertatzea. Esate baterako, bi semeak han jaiotakoak dira. Gauzak horrela, gure zati handi bat ingelesa da.

Han, futbolean jokatzeaz gainera, zure ikasketak burutu zenituen. Zaila egin al zitzaizun ikasketak futbolarekin uztartzea? Egia esan, futbolaz bizitzea, beste hizkuntza bat ikastea eta futbolaria izatea mauka bat da. Hala ere, denbora asko duzu, aisialdi asko… eta nire etorkizunari ere begiratu nion. Erabaki hau, nire bizitzan hartutako erabaki onenetariko bat dela uste dut. Egia esan ez zen zaila izan denbora libre asko nuelako, baina motibazioa ere behar da. Azkenean, ikasketak bukatu eta zorionez ikasitako hura nire lanbide bihurtu da.

Wembleyko estadio mitikoan sartu zenuen gol ospetsuak ondorio ezin hobeak ekarri zizkion taldeari; izan ere, gol harengatik heroi bihurtu zinela esan baikenezake. Horrek zure bizitzan eragina izango zuen, ezta? Ingalaterran futbola era berezi batean bizi eta sentitzen da. Niretzat Wembleyko gola gehigarri bat izan zen, garrantzitsuena Wembleyn jokatzea izan baitzen, pasatutakoak zirela eta. Hizkuntza ikastea eta bertan txertatzea baino gehiago, nire ametsa Wimbleyn jokatzea zen eta gola sartzea; beraz, gaina eta bikaina izan zen gol hura. Egia da Ingalaterran futbola grinaz bizi dela eta izugarrizko balioa ematen zaiola. Esate baterako, Espainiako futbolean heroiak egitea edo sortzea gustatzen zaigu, eta gero, maila goren batean daudenean, suntsitzea eta birrintzea. Hori gure kulturaren parte dela uste dut. Ingalaterran, berriz, norbait heroi bihurtzen badute, gerora ere heroi bezala mantentzen dute, egun zehatz batean zerbait lortu zuelako. Ez dute hori inoiz ezabatuko.

Iñigo Gurrutxaga idazle eta kazetaria izan zen zure istorioa eredutzat hartu zuena liburu bat idazteko. Idazten hasi aurretik zurekin harremanetan jarriko zelakoan nago. Ezagutzen al zenuten elkar? Iñigorekin harreman profesionala edukitzeaz gain, egun, harreman pertsonala ere badugu, lagunak gara. Bera hasieratik ohartu zen gertatzen ari zitzaidana ikusgarria zela, hau da, pertsona bat futbolean maila gorenera iritsi gabe, historia polita bizi izatea eta futbolari sentitzea. Beraz, kontatzeko historia ona zela pentsatu zuen. Iñigok denbora asko pasa zuen gurekin, ikertzen ari zen bitartean. Nire kideeta ezagun asko elkarrizketatu zituen eta, egia esan, sekulako lana egin zuen. Berarekin ikasi dut zenbat lan dagoen liburu baten atzean. Guk liburua hartu eta irakurri baino ez dugu egiten, ez gara konturatzen autoreak zenbat lan egin duen eta zenbat ordu eman dizkion gaia ikertzeari. Ohore handia izan zen niretzat, Iñigok idatzi behar zuelako, oso landuta zegoelako eta, azken finean, zuri buruz idatzitako liburu bat delako.

Liburuarekin jarraituz, oso pozgarria izan behar du zuri buruz liburu bat idaztea. Liburuaren mamia gustuko al duzu? Liburuak informazio eta datu asko ditu, eta Iñigok nire historia beste hainbat gauzarekin erlazionatzeko erabiltzen du. Bide batez, liburuez hitz egiten ari garenez, orain dela bi aste Madrilen egon ginen kazetari batzuek argitaratu duten liburu bat ikusteko. Asko gustatu zitzaidan eta helburu oso polita du, Down sindromearen laguntza elkarte baterako baita. Liburu hau Madrileko hamar kazetariren artean idatzita dago, hitzaurrea Vicente del Bosquek egina da eta hamar kazetari horietako batek, Luis Villarejok, nire historia aukeratu zuen libururako. Antza denez, interesgarria iruditu zitzaion.

Egin zizuten omenaldian, izugarrizko zirrara sentitu nuen: jende guztia zurekin zegoela ikusi nuenean, nola hunkitzen ziren, zureganako zuten sentimendua… Horregatik ez dut pentsatu ere egin nahi zu nola egongo zinen! Izugarria izango delakoan nago… Bai, egia esan futbolarekiko Ingalaterran duten sentimendu horrek hango espiritua oso ondo islatzen du. Nik hasieran taldean oso gutxi ginenean gai honi buruz asko hitz egin izan dut hangoekin, esate baterako, Roberto Martinez, Fernando Hierrorekin … Hierrok behin aitortu zidan, Real Madriden jokatzen zuenean, hamar urte ondoren norbait joatean, ez ziotela niri egindako omenaldiaren parekoa egiten, ezta urrutitik ere. Hau da, Ingalaterran, nahiz eta hirugarren mailan egon, sekulako agurrak egiten dira. Ez du zer ikusirik gaur egungo hemengo futbolarekin. Gozamen bat da bizi izan dudana eta asko gustatu zitzaidan nire bilakaera oso ondo ikusi zelako, hots, nola iritsi nintzen Ingalaterrara, nola bertakotu edo ohitu nintzen hango egoerara eta, azkenik, handik nola atera nintzen. Gainera, aipatu beharra dago Goierri Telebistak egin zuen lan zoragarria, hunkigarria dela iruditzen zait, nahiz eta ni ez izan pertsona objektiboena hau esateko.

2005ean zure emazte eta seme-alabekin itzuli zinen. Gaur egun, bizitza berri bati ekitekotan, aurretik dena planifikatzen dugu. Zuk sortutako enpresa zure plangintzaren barruan al zegoen? Atzerrian zaudenean, han gelditu edo itzultzeko erabakia hartu beharra daukazun momentu bat iristen da. Gainera, seme-alabak izanez gero, lehenago hartu beharra daukazu erabaki hori, umeak segituan egokitzen baitira hango bizimodura eta oso zaila da gero bizimolde horretatik ateratzea. Horregatik, itzultzea erabaki genuen, gure negozio propioa sortu eta bizimodu berri bati ekin. Gure bizitzak berreraiki genituen eta dena aldatu behar izan genuen: herrialdea, lanbidea … Horrek denboraldi batean egoera nahasi xamarra biziarazi zigun. Sentsazio ezberdinak izan nituen. Alde batetik, berriz ere egoera berri bati egokitzea eta, bestalde, zure herrian kanpotar sentitzea.

Zure enpresa dela eta, futbola alde batera utzi behar izan duzu? Egia esan, ez dut erabat utzi. Gaur egun zazpiko futbolean aritzen naiz noizbehinka, eta txapelketak ere antolatzen ditugu lagunen artean. Lasaitzeko sistema onuragarria izateaz gain, futbola betidanik gustatu izan zaidan kirola da.

Lehen eginiko galdera batean ea Ingalaterrara iristean egokitzea zaila egin zitzaizun galdetu dizut eta itzultzean ere berdin gertatuko zitzaizula aipatu didazu. Hango bizitzaren falta sumatzen al duzu? Gu zortzi urtez bizi izan ginen Ingalaterran eta, edonora joanda ere, dena hizkuntza eta kultura ingelesarekin lotua zegoen. Horrenbestez, hona etorri eta hori guztia aldatzea oso arraroa egin zitzaigun. Ez zen horregatik bakarrik, jendea bera ere desberdina zen. Han bakoitzak bere etxean lorategi eta ingurune pribatua du; hemen, ordea, kalera gehiago irteten gara eta bizitza sozialagoa egiten dugu. Eraikuntza berean, zure familiaz aparte, jende gehiagorekin bizitzea eta pribatutasun hori ez edukitzea arraroa egin zitzaigun bueltan. Detaile horietaz lehen ez ginen konturatzen, baina hona etortzean konturatu ginen dagoen desberdintasunaz.

Elkarrizketarekin amaitzeko, Ingalaterrako lagunekin harremana edukitzen jarraitzen al duzu? Bertan koadrila, lagun eta ezagun asko egin genituenez, hona etortzeko erabakia hartzean, harremana ez galtzea erabaki genuen. Urtero joaten gara, saiatzen gara han genuen harreman hori ez galtzen. Ez dugu Ingalaterra gure bizitzatik ezabatu nahi. Azken finean, nire bizitzako urte dezente eskaini dizkiot..

Eta honelaxe eman genion amaiera elkarrizketari. Esperientzia izugarria dela ziurtatzen dut, benetan. Asko gustatu zitzaidan eta, gainera, asko ikasi dut. Mila esker, Jandro, bihotz-bihotzez. Elkarrizketa honek zure bizitza eta zu pertsonalki gehiago ezagutzera bultzatu nau. Zure harrera ere eskertzekoa izan da; beraz, berriz ere eskerrik asko euskaljakintzari tartetxo hau eskaintzeagatik.

Comments { 9 }

Emma García: “Audientziaren menpe bizi gara”

Maitek euskaljakintzarako elkarrizketa bat egin behar genuela esan bezain pronto, Emma Garcia elkarrizketatzea pentsatu nuen. Emma ordiziarra da eta oso ezaguna Tele 5 telebista katean aurkezle gisa egiten duen lanengatik. Herri berekoak izanda, nahiz eta egun urrun bizi, nola edo hala berarengana iritsiko nintzela pentsatu eta, azkenean, Maria gelakide eta lagunaren bitartez lortu nuen jarraian irakur dezakezuen elkarrizketarako hitzordua egitea. Egia esan, pare bat hilabete egon nintzen galdetuko niona prestatzen; izan ere, ez baita erraza hainbestetan elkarrizketatua izan den pertsona bati ezer originala galdetzea, baina web ezberdinetan topatu nituen biografiak (Wikipedian eta Telecincon, besteak beste) eta pare bat irakasleren laguntzari esker, lortu nuen, azkenean, galderak prest izatea elkarrizketa egunerako…

Arratsalde on, Emma. Ezer baino lehen, mila esker elkarrizketa hau eskaintzeagatik. Hasteko, gustatuko litzaidake jakitea ea noiztik datorkizun kazetari izateko bokazio hori. Arratsalde on. Nik uste dut bokazio hori jaiotzatik datorkidala. Betidanik kazetari izan nahi nuen. Gure familiako inor ez da kazetari, baina erakarri egiten ninduen; ez telebista munduak bakarrik, denak: kazetari izateak, bidaiatzeak, notizia guztien berri izateak… Orduan, aukeratzeko adina bete nuenean, kazetaritza ikasten hasi nintzen, eta, eskerrak, ez baitakit zer ikasi izango nuen bestela. Horrela hasi nintzen kazetari izateko ametsa betetzen.

Zer esangura izan zuen zuretzat lehen aldiz probintziako telebista batean lan egiteak? Nola gogoratzen dituzu kazetari gisa lehen urte horiek? Hasiera horiek maitasun eta malenkonia handiz gogoratzen ditut eta, batzuetan, tristuraz ere bai. Ni “Diario de noticias” egunkarian lan egiten ari nintzela sortu zen aukera hori. Kate probintzial bat ireki behar zuten Iruñean eta unibertsitatetik atera berria zen gazte talde bat elkartu ginen asko ikasteko eta lan pila egiteko gogo biziz. Nafarroako Canal 4k aukera hori eman zigun: gozatu, lan egin eta ia-ia ez kobratu (algara artean). Han emandako denboran asko ikasi genuen, guk egiten baikenuen gidoilari, aurkezle eta errejidore lana; ozta-ozta ez genuen elkar makillatzen! Lan asko egin genuen eta hori, gerora, oso ondo etortzen da. Beste kate batzuetara joaten zarenean, beste gauza batzuk egiten hasten zarenean, badakizu telebista batek barrualdetik nola funtzionatzen duen.

Zer suposatu zuen bai profesionalki eta baita pertsonalki ere Telecincon lan egiten hasteak? Zoramena, zoramena! (barrezka). Egia esan, joan-etorri ugari bizi izan nituen. Momentu horretan Canal 4n nengoen eta bertatik Telecincora joan nintzen ustez amaitzekotan zen programa batera. Telecincora joan nintzen Canal 4n ikas nezakeen ia-guztia ikasi nuela ikusi nuelako; mugara heldu nintzen ustea nuen eta pentsatzen nuen ez nuela han aurrera egingo. Horren ostean, Cinemania katera joan nintzen zinearen inguruko programa bat aurkeztera, aurkezle eta gidoigile lanetan arituz. Gero, EITBtik deitu zidaten. EITBra etorri nintzenean, Aitorrekin ezkontzekoa nintzen, lasai nengoen… Gutxi gorabehera bizitza zoragarria hasi behar genuen, ezta? (bere senarrari begira) Ba, orduntxe Telecincotik deitu zidaten. Honek zorabio pittin bat suposatu zuen. Momentu hartan lasai bizi nintzen, eta ondo zebilen programa batean –Esta es mi gente– nengoen, hau martxan jartzea pittin bat kostatu bazitzaigun ere. Gauza pila bat pasa zitzaizkidan burutik, eta esan nuen: “Zergatik ez? Goazen saiatzera. Ezin naiz hemen gelditu nire buruari behin eta berriz Telecincora joan izan banintz zer gertatuko zen galdetuz”. Halaxe joan nintzen.

Garrantzitsua izango zen zuretzat bi urtez jarraian (2002 eta 2003) Urrezko TP sarien irabazle izatea, eta, 2004an, berriro ere izendatua izatea Oso pozgarria izan zen. Lehen esan dizudan bezala, dena oso azkar gertatu zen. Esta es mi gente-n nengoela, Telecincotik deitu zidaten. Ostiral batean zuzeneko saioa bukatu eta astelehenean Telecincon nintzen… Ez nuen denborarik izan zoramen hura guztia neureganatzeko. Otsailean iritsi ginen Madrilera eta saria urte horren amaieran eman zidaten. Oso pozgarria izan zen; kemen, indar eta asetasun ziztada bat. Talde oso gaztea ginen, gainera. Telecincoko arratsaldeetan proiektu asko egonak ziren aurretik, baina ez zuten sendotzea lortu. Gu ilusio handiz iritsi ginen, errespetu eta ilusio handiz. Ikusleek izendatu eta TP saria eman zigutenean, zoratzen jarri nintzen. Maitasun eta poz handiz oroitzen ditut une haiek. Gero, hurrengo egunean, pentsatzen duzu zer ondo dagoela saria irabazi izana, baina handik aurrera ikusleei lehen baino gehiago eskaini behar diezula. Zentratuta egon behar duzu eta ezin duzu etsi, baina oso ondo ospatu genuen.

Orain Telecinco-ra joan zineneko galderak egingo dizkizut. Zer sentitzen duzu hainbeste ikusle duten programetan lan egiten? Programa bat aurkezten duzun bakoitzean, ikusle kopuruaren presioa hor egoten da. Aurkezle gisa lan egiten duen bat, edota kazetari bat, egunero ari da azterketa egiten. Egunero, goizeko zortzietan, notaren zain egoten gara. Mundu hau horrelakoa da. Oporretan zaudenean eta erlaxatu egin nahi duzuenan ere, zortzietako nota begiratzen jarraitzen duzu zenbateko audientzia izan duzun jakiteko. Ez duzu erlaxatzeko aukerarik, nahiz eta programa ondo joan, ezinezkoa da. Badakizue nolakoa den telebista: gaur oso ondo joan zaitezke eta hurrengo egunean oso gaizki, eta horrek urduritasuna dakar. Beti da pozgarria jendeari zure lana gustatzea, baina programak funtzionatu edo ez, nik gogo berarekin aurkezten dut. Hemen, ordea, zuek duzue azken hitza. Gustatzen bazaizue eta ikusten jarraitzen baduzue, programak aurrera egingo du; eta bestela ez. Dena den, niri beti gustatzen zait egiten dudan lanarekin gustura gelditzea eta nire gogo guztiak eskaintzen dizkiet aurkezten ditudan lan eta proiektu guztiei. Hortik aurrera, goizeko mezu guztien zain geratzea baino ez zait gelditzen.

Gaur egun zuzeneko programak faltan sumatzen dituzu? Orain aurkezten ari naizen programa, “Mujeres y hombres y viceversa”, ez da grabatzen den momentu berean emititzen, baina zuzeneko “faltsu” bat da, hau da, guk ez dugu gelditzen. 12:30ean emititzen da, eta guk goizeko 10:00etan grabatzen dugu, baina horregatik ez du zuzeneko kutsu hori galtzen. Gainera, oso programa freskoa da, non, ikus dezakezuen bezala, gauza asko gertatzen diren. Zorionez, beti harritzen gaituzte egoerek eta pertsonek eta, orduan, nik zuzenean ematen den programa bat bezala bizi dut. Horregatik, nik beti esaten dut argiak edo soinuak huts egiten badigu, uzteko bere horretan. Programa honek horrelakoa izan behar du. Nire kokapenak eta mikrofonoa eskuan izateak ere oso fresko eta hurbileko egiten du saioa.

Itzuliko al zinateke egunkari bateko erredakziora? Ez dakit. Egunkari bateko erredakzioan nengoenean, ez nuen pentsatzen kamera baten aurrean egongo nintzenik; beraz, ez dakit. Nik ez dut nire etorkizuna planteatzen, momentuan egiten ditudan gauzak ondo egin nahi ditut, hori baino ez. Nik uste dut kazetaritzan, beste lan askotan bezala, bokazioa, grina eta gogoa izan behar direla ordu askoz lan egin ahal izateko. Idaztea asko gustatzen zait, baina ez dakit erredakzio batera joateko bezainbestekoa den. Dena den, nik beti esaten dut gaitasun handiagoa dudala ideiak idatziz adierazteko, ahoz baino.

Zein izan da telebistan bizi izan duzun momenturik gogorrena? eta goxoena? Hainbeste bizi izan ditut! Momentu gogor bat baino gehiago datorkit burura. Horietako bat uztailaren 23an bizi izan nuen. A tu lado programa hastear geunden eta ez zen lankide bat agertzen, Carmina Ordoñez. Hil egin zela jakin genuen gero. Mundu guztiak jakin zuen bezala jakin genuen guk ere, ikaragarria izan zen.Pentsa dezakezue zein latza den lankide bat hiltzea, eta are gehiago egoera horietan. Denboraldi gogorra bizitzea tokatu zitzaigun, ez baitzen heriotza bakarra izan. Hilabete batzuk lehenago, Gran Hermanoko bat amarekin etorri zain geundela, istripu bat izan eta hil egin zirela jakin genuen. Gauza oso gogorrak gertatu zitzaizkigun eta tristura handiz gogoratzen ditut une haiek. Gero, momentu goxo asko daude (irribarre handi batekin dio). Behin Felisucok, izugarri gozarazi eta barre asko eragin didan lankideak, lanera etorri ezin zuela esateko deitu zidala esanez: “Emma, ZTGra sartu behar naute, gaizki nago”. Bihotzekoak eman zion. Nik horrela kontatzen dut berak ere horrela kontatzen duelako, baina sekulako istorioa izan zen. Egun batzuk ospitalean sendatzen eman ondoren, niri ezer esan gabe, zuzenean agertu zen lore sorta batekin. Asko gustatu zitzaidan, ilusio handia egin zidan. Honekin batera, beste momentu goxo bat ere gogoratzen dut (hemen etenaldi bat eginez, asko hitz egiten badu esateko abisua ematen dit). Dakizuen bezala, beste leku batera joaten zarenean, faltan sumatzen duzu familia eta haiek ere zu. Hasieran, amak, eta familiak orokorrean, gaizki pasa zuen. Kontua da Telecincon, A tu ladon, hiru urte neramatzala eta, nire urtebetetze egunez, amak telebistara deitu zuela ni zoriontzeko. Programa aurrera zihoala, dei bat neukala esan zidaten eta nik deia sartzeko baimena eman nuen. Nor da?, galdetu nuen. Berak ¡hola! erantzun zuen. Berriz ere nor zen galde egin nion eta berak ea ez al nuen ezagutzen ihardetsi. Nik, lasai-lasai, ezetz esan nion, eta berak ama naiz esan zidan. Ez nuen inolaz ere espero, eta pozez zoratzen negar batean hasi nintzen esan zizkidan hitzengatik . Zoriontzeko eta maite ninduela esateko baino ez zuela deitzen esan zidan, baina niretzat oso momentu goxo eta hunkigarria izan zen. Gehiago dauzkat, baina…(algara artean.

Damutzen al zara programaren bat aurkeztu izanaz? Ez, egin ditudan saio guztiek erakutsi baitidate zerbait. Oso programa gogorrak aurkeztu ditut, horien artean El juego de tu vida. Programa horrek asko erakutsi zidan, nire beste alderdi bat ezagutzeko aukera eman zidan. Gogorra zen aurkeztea; izan ere, hau egiterakoan gurutza ezin daitekeen muga bat baitago. Agortu egiten ninduen, oso nekatuta bukatzen nuen. Dena den, ez naiz aurkeztu izanaz damutzen, bizi izan genituen gertaera gogorrenetatik ere ikasi egin baitut. Ez du graziarik gertakizun gogorrik gabeko programak egitea. Horietatik ez duzu ikasten; izan ere, gertaera gogorrak bizitzen dituzunean bakarrik hartzen baitituzu indarrak edo ikasten baituzu.

Zure ibilbide profesionala, hau da saio hauek guztiak (El submarino amarillo, Mejor imposible, Abre los ojos, A tu Lado, Clever, El debate de supervivientes, El juego de tu vida eta Mujeres y hombres y viceversa) aurkeztu dituzula kontuan izanda, anekdota pila bat izango dituzu. Partekatu al dezakezu horietakoren bat gurekin? Uff…itxaron pixka bat! Elkarrizketetan, pasadizoez galdetzen didatenean, ni eta beste asko barrez lehertu garen momentuez oroitzen naiz. Momentu hauek hotzean kontatzeak, agian, ez du barregurarik eragiten. Barreari eutsi ezin diozun egoerak dira eta zaila da hori ikusleari helaraztea. Gainera, nik edozer gauzagatik egiten dut barre. Oso irri errazekoa naiz eta, zorionez, nirekin daudenak kutsatzeko gai izaten naiz. Gogoan dut gonbidatu bat elkarrizketatzen ari nintzela, depilatu gabe zegoela konturatu nintzela. Aurkezten ari naizela denerako astia izaten dudanez eta ni naizenez dena kontrolatzen duena, pentsatu nuen: “Ai ama! A ze ileak dituen hanketan! Elkarrizketa erdian, Felixi esatea bururatu zitzaidan, berarekin konplizitate ikaragarria baitut. Bera bertan zeuden guztiei esaten joan zen. Denak barrez lehertzen amaitu genuen! Emakume gaixoa pentsatzen: “Hauek saiora sartu baino lehen koparen bat hartuko zuten…” Barrez lehertu ginen, baina eskerrak ondo disimulatzen jakin genuen. Horrelakoak pila bat izan ditut.

Nola bizi du zure familiak zure arrakasta profesionala? Erraza al da “Emmaren senarra”, “Emmaren ama”, “Emmaren anaia/arreba” izatea? Nik uste dut nire familiak, Ordizitiak ezagutzen baduzue, modu oso arruntean bizi duela nire ibilbide profesionala, nire anaiaren lana edota beste lan arrunt bat izango balitz bezala. Lan arrunt bat dela esan daiteke, beraiek ez bainaute aurkezle gisa ikusten, alaba gisa baizik. Etorri, zapatak kendu, mototsa egin eta zuek etxean egiten duzuena egiten duen alaba naiz, eta horregatik bai daude harro. Beti mundu honetan sartu gabe bizi nahi izan dute. Amak edo aitak, programa bat ematen didatenean, ez didate zer moduz doan galdetzen audientzia eta horrelakoengatik, ni nola nagoen galdetzen didate, nola daramadan. Zure familiarentzat betikoa izaten jarraitzen duzula jakitea oso pozgarria da, Emma edo Mariemma, hemen beti deitu izan didaten bezala.

Zure familiartean ezkutuan mantentzen duzu, nola egiten duzu? Asko, asko. Norberak bere lehentasunak ezartzen ditu; nik uste dut telebistan agertzea nahikoa dela. Niretzako garrantzitsuak diren gertakizunetara joaten naiz, ez dakit intersgarriak diren, baina. Esate baterako, Felixek antzerki bat estreinatzen badu, antzokira joaten naiz; edota festa batera gonbidatzen banaute eta joateko gogoa badaukat, bada, joan egiten naiz. Bizitza sozial asko ez egiten saiatzen naiz, arrazoi logiko batengatik; senarra eta alaba dauzkat eta nahiago dut eurekin etxean egon. Norberak bere lehentasunak ezartzen ditu, eta atera egin behar duela sentitzen duen jendea dagoen bezala, etxean lasai egotea gustazen zaiona dago. Orokorrean nahiko errespetatua eta maitatua sentitzen naiz, mundu guztia jarraitzen duten bezala jarraitzen banaute ere eta bikinian gustatzen ez zaizkidan argazkiak egin. Zure burua portada batean ikusten duzu eta horrek harritu egiten zaitu, eta pentsatzen duzu; nola aterako nintzen, zein posturatan, nola aterako zitzaidan ipurdia…Gauza horiek guztiak, zuei ere gertatuko litzaizkizuenak, niri ere gertatzen zaizkit. Eta ez duzunean ezer ere saltzen eta bizi arrunt bat duzunean eta euren lana egiten ari direnak errespetu handiz tratatzen dituzunean, berdina jasotzen da. Nik ez dut inongo arazorik izan gaur arte!

Programak aurkezteko eran, ba al duzu erreferenterik? Niri Merecedes Milák atentzioa detizen dit eta gustatu egiten zait. Urte asko daramatza mundu honetan, denetarik egin du eta lanerako izugarrizko grina eta ilusioa ikusten zaizkio. Posible da gustatzea edo ez gustatzea, baina kamararen aurrean beti indar handiz agertzen da. Niri asko gustatzen zait, trasmititu egiten baitu egiten dituen gauzetan duen sinesmen eta ilusioa. Hala ere, aurkezle guztietan fijatu naiz, baina inoiz ez naiz kopiatzen saiatu, ez bainaiz gai horretarako. Denen zerbaitekin geratzen zara, ikasi nahi dugunean belakien antzera jarduten dugulako nolabait, baina ez nizuke esango pertsona konkretu bat bezalakoa izan nahi dudanik. Izatekotan, ama edo aita bezalakoa izatea gustatuko litzaidake.

Orain, amaitzeko, zure etorkizuneko egitasmoen inguruan pare bat galdera egingo dizkizut. Etorkizunean aurkeztuko al zenuke gaueko bederatzietako albistegia? Ados, sinatzen dut! Lehengo baten galdetu zidaten ea zer falta zaidan egiteko. Gauza asko falta zaizkit, baina aurkezle gisa ez ditut sekula ez albistegiak, ez haurrentzako programak aurkeztu. Zergatik ez? Nork daki! Gertatzen dena da ni platoan asko mugitzera eta keinu asko egitera ohituta nagoela. Orduan ez dakit zein neurrira arte izango nintzatekeen gai eserita egoteko, cube bat irakurtzen, era formalago batean…Agian, hemendik hamar bat urtera, albistegiak aurkezteko era aldatzen bada, aurkezleak platoan bueltaka badabiltza, aukera hori eskainiko didate.

Orain, “Sueños cumplidos” grabatzen hasi behar zara (abenduan egindako elkarrizketa da). Zein amets geratzen zaio Emmari betetzeko? Asko, asko. Esparru profesionalean ikasten jarraitzea gustatuko litzaidake, hau funtsezkoa baita ogibide honetan, oraindik asko daukat ikasteke. Esparru pertsonalean nire familiaz gozatzen jarraitu nahi nuke eta hauek ondo ikusi, urruntasunetik bada ere, horrek indar eta energiaz betetzen baitzaitu. Oso pozik nago hasi behar dugun programa berri honekin, La noche de los sueños. Gure gizarte honetan apur bat suminduta bizi gara iristen zaizkigun berri txar guztiekin: langabezia, ezbeharrak, miseria.. Programa honekin guk gure harri koskorra jarriko dugu hori aldatu eta jende askoren ametsak egia bihurtzeko. Halaber, Ilusio handia egiten dit, nik Isabel Gemioren Sorpresa-sorpresa programa ikusten bainuen. Ez da berdina izango, baina azken finean sorpresak izango dira protagonista, eta neure burua maitagarri gisa ikusteak errespetu handia ematen badit ere, hasteko eta jendeari poz pittin bat emateko gogo handiz nago.

Proiekturen bat epe labur edo luzean? Gutxi iruditzen zaizu, ala? (barrezka) Momentuz “Mujeres y hombres y viceversa” programarekin jarraitzea gustatuko litzaidake, albistegiena hemendik urte batzuetarako apuntatuko dut. Ez dakit, ikuslegoa joango da eskatzen eta espero dut kateak eskaintzen jarraitzea. Ni saiatuko naiz ahal dudan guztia ematen egiten dudan programa bakoitzean.

Milesker denagatik, Emma! Hau izan da dena. Asko hitz egin al dut?
Ez! Eskerrik asko, Ioritz!

Gogoratzen dut Emma Garciarekin elkartzekotan nintzenean, ez zegoela gelditu ginen lekuan. Pare bat segundo igaro ondoren eskaileretatik behera takoi batzuen hotsa entzun nuenean, gogoan dut bat-batean sentitu nuen urduritasuna. Ez nekien zer egin! Elkarrizketa hasi bezain laster, ordea, oso gustura sentitu nintzen. Hemendik eskerrak eman nahi dizkizut berriz ere, Emma, elkarrizketa eskaini eta hain jator portatu izanagatik!

Comments { 9 }

Jabier Aranburu (Aranburu gaztak): “Askotan esaten digute gurekin lehiatzen direnak ea nola lortzen dugun horren maila altuko gazta egitea”

14:30ean gelditu nintzen Idiazabalen Jabier Aranbururekin, besteak beste, Ordiziako XXXVII. Ardi Gazta Lehiaketa irabazi duen Aranburu elkarteko kideetako batekin. Iritsi bezain pronto,  Jabierren semea, Lander, topatu nuen ordenagailu aurrean eta berarekin galderei azken ukitua emateko aprobetxatu nuen. Azken ukituak eman, beraz, elkarrizketa tokia aukeratu eta, kamara piztean, prest geunden elkarrizketari hasiera emateko. “Just in case” bi bideo kamara eraman genituen; hala ere, azkenean, urduritasuna zela eta, bati bakarrik sakatu genion botoia behar bezala eta…

Jabier, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizut ezagutzeko aukera emanagatik. Esan beharra dago Jabier, J. Aranburu gaztandegiaren sortzaileetako bat zarela beste bi anaiekin batera. Badakit, era berean, gaztetan zure etxean hainbat animalia, hala nola, behiak izan dituzuela, baina ardiekin hiru anaietatik nor hasi zen lehena? Gu hiru anaia izan gara, adin antzekoak, urte diferentzia gutxirekin, eta ganaduarekin afizioa gehiena anaia zaharrenak izan du; Juanjo izan da intentzio gehiena izan duena betidanik.

Juan Jose anaia ardiekin hasi zenean, zuk ingeniaritzako ikasketak egitea erabaki zenuen. Zergatik? Ez al zenuen zure burua euskal gastronomian hain garrantzitsua den produktu bat ekoizten ikusten? Erraza. Gure aitak etxeko ganadu pixka bat zuen: behiak, oiloak… baina betidanik, izatez, aitak fabrikan lan egiten zuen, Patrizioenean. Hark  esaten zuen: “Ikasi eta irten industriara, hemen ez baitago zer eginik”. Funtzio horrekin joan ginen hiru anaiak ikastera, baina zaharrenak ez zuen gogorik jarri, animalietan saiatu eta ofizio hori hartu zuen, nahiz eta hasieran fabrikan hasi. Beste bi anaiak, berriz, ikasten jarraitu genuen.

Aranburu elkartea nolatan sortu zenuten? Etxeko gazta, gazta gutxi, egiten hasi ginen. Ondoren, Idiazabalek produktu bat saltzeko potentzial bat zuela konturatu ginen. Orduan, artzain gaztaren funtzionamendua eta lege batzuk jartzeko elkarte bat zegoen sortua. Mugimendu horrekin batera gu ere hasi ginen. Gazta batzuk egin eta etiketa batzuk behar genituenez sanitate aldetik, hor esan genuen elkarte bat sortu behar genuela eta horrela hasi ginen. Hala ere, beti izan gara gu familia gisa lan egin dugunak, eta horrela mantentzen gara gaur egun ere.

Beraz, txikitatik zabiltzate mundu honetan murgilduta. Inoiz espero izan ahal duzu horren urrun iristera? Ez. Askotan jende eta bisitari askori esaten diet hau dena jakinez gero -eta 30 urte pasa dira hasi ginenetik-, beste era batera fokatuko genukeela. Hiru anaietatik bat, koinatarekin batera, daukagu lan honetara egun osoa dedikatua, eta beste bi anaiok hobby bezala daukagu, Ampoko kooperatiban egiten baitugu lan. Baina lehen esan bezala, puntu honetara iritsiko ginela jakinda, beste era batera fokatuko genuke. Egia da moldaketa lanak ondo egin izan ditugula, eta, ondorioz, nahiko urrun iritsi garela.

Beno orain sorreraren historia jakinda, oraingo egoerara etorriko gara. Gazta egiteko prozesua bi ataletan banatuko dugu, bata mendian egiten dena ardiak hezten, eta, bestea, behin ardi esnea lortuta gaztandegian egiten dena. Has gaitezen hasieratik. Egoera berezietan egon behar al dira ardiak? Zein larre motatan edukitzen dituzue? Begira, nik kontsideratzen dut -eta beti esan ohi dut- bi ofizio ezberdin direla. Alde batetik, bat da artzain izatea, ganaduarekin lan egitea, eta, bestetik, gaztandegian edota gazta prozesuan lan egitea esne horrekin gazta egiten. Hasieratik artalde bat behar duzu, ganadua uda parten mendian edukitzen dugu, bai ganadu hezia eta baita hazten ari garen arkumeak ere. Ondoren, negu partean, azaroan, menditik jaitsi eta etxean bertan hasten gara arkume berriak jaiotzen, eta besteei etekina ateratzen esnea lortuz.

Gainera, ardiak ez dira urte osoz toki berdinean egoten, neguan iristear dagoenean ardiak beste toki batera mugitzen dituzue. Zer dela eta toki aldaketa hori eta nora mugitzen dituzue? Ez naiz ni adituena ganaduetan, baina gure abilezia ganaduarekin negu partean etxetik gertu edukitzea da, etxeko larreetan, eta uda partean alturako larreetan, guk larre finak deitzen diegunetan.  1000-1200 metrotan egoten gara kokatuta, Urbian hain zuzen ere.

Behin ardiak mendian hezita, hauek jezteko garaia iristen da. Urtean zenbat aldiz egiten duzue esne bilketa hau eta noiz ematen dute ardiek esne onena? Guk jarraitzen dugun prozesua gure gaztandegiko artaldeekin zera da: maiatzean partida bat edukitzen dugu, artalde handia baitugu. Bertan lehortutako ganaduarekin mendira joaten gara, eta, bitartean, bestearekin esnea ateratzen jarraitzen dugu. Azaroan bueltatzen gara, arkumeak jaiotzen direlako. Ondoren, abenduan, gazta egiten hasten gara, eta esnearekin ekaina edota uztailaren hasierara arte irauten dugu. Sei-zazpi hilabete eta esnea berriro jasotzen dugu ganaduarengandik. Hauek etxe bueltako larreetan mantentzen ditugu eta pentsua ematen diegu, gero berriro mendira joateko. Behin eta berriz prozesu hau jarraitzen dugu.

Esnea bilduta, bigarren fasea hasten da, hau da, gazta egiteko garaia etortzen da. Gazta bat egiteko, zer da lehen gauza egiten duzuena? Idiazabal gazta egiteko, aurreneko gauza egin behar dena da ganadu on bat izan, ardi latxarekin. Gipuzkoa mailan gehien erabiltzen dena da; Nafarroan, berriz, ez. Gero, jasotzen dugun esnearekin, esne gordinarekin, lan egin.

Ondoren, gazta motaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago edukitzen da lehortzen. Lehortu eta gero, gazta ketu egiten da, zein da prozesu honen gauza garrantzitsuena gaztak zapore ona har dezan? Idiazabal gazta esne gordinarekin egiten denez, bi hilabetez egoten dira hezetasun handiko kamaretan bertako kondizioak 9-11 gradu ingurukoak izanik . Bi hilabete horietako denboran, kontu handiarekin lan egitea da niretzat gauza garrantzitsuena, esne garbi eta on batekin lan egitea. Gero, berriro ere diot, kameratan hezetasun handiarekin lan egitea. Ketzeko prozesua aipatzen zenidan. Gk saldu aurretik gustu pixka bat emateko ketzen ikasi dugu. Gure Goierri honetan ketutako gazta oso gustukoa da.

Hau guztia egin ondoren, gaztak hiru talde ezberdinetan sailkatzen dira. Alde batetik, gazta arrunta; bestetik, etiketa berdekoa; eta, azkenik, etiketa beltzeko gazta. Zertan bereizten dira hiru talde hauetako gaztak? Nahiko erraza da ulertzeko. Artzainak, betidanik, gure artaldearekin lan egiten dugunak izan gara eta etekinak, sosak, atera behar genituzke ganaduarekin. Lehen, ganaduak, ardiak, zerbait balio zuen; arkumeak ere bai, baita ardiaren ileak ere. Halere, gaur egun hori dena ezinean daukagu dirua ateratzeko. Bestalde, gazta egiten dugunok etekin bat lortzen dugula ikusten dugu. baita zer ikasi dugu ere? Bada, gazta on bat edukita, badagoela merkatu bat, kanpoko merkatua hain zuzen ere, turista mailakoa, kondizio ezberdineko gazta ordaintzeko prest dagoena. Gazta arrunt bat gazta on bat da. Gero jatorri izendapenaren gazta dugu, araudi batzuk betez gero; eta dastatze proba baten ondoren, etiketa beltza ematen digute. Horrek esan ahi du katalogatzen dizkiguten nibel guztietako parametroetan oso altu ematen duela. Hori bikain bat izango litzateke, eta horren arabera prezio bat baloratzen diogu. Azkenik, etiketa berdekoa, parametro bat neurtzean huts egiten duena, adibidez itxura, itxura oso ona ez izatea. Orduan maila mota baxuagoa izango luke.

Prozesu luze honen ondoren, gaztari etekina ateratzeko garaia etortzen da. Alde batetik, gaztak saldu egiten dira. Horrez gain, txapelketetara aurkezten dituzue. Aurkeztu eta arrakastarekin gainera, gogoratzen al duzu zein izan zen irabazi zenuten lehenengo aldia? Zorionez, nire bizimodu honetan, gazta ez da dirua ateratzeko negozioa izan soilik. Gure kasuan, gazta ez dugu egiten dirua ateratzeko; bai, berriz, herriaren izena mantentzeko; izan ere, Idiazabal herrian gaude, gaztandegi ospetsu bat, eta etekina ateratzeko prezio batzuk ditugu jarrita. Txapelketa beste kontu bat da. Betidanik izan dugu gustuko hauetan parte hartzea, eta konpetentzia legal batean irabazten saiatzea. Gure lehen txapelketa irabazia ez dakit asmatuko ote nukeen. Ordizian, 94an, laugarren postua lortu genuen; hori bai, aurrenekoz txapela irabazi genuena, zorionez -bueno zorionez edota merezita-, hemen, Idiazabalen bertan izan zen, 96an, Euskal Herriko txapelketa ospatu zenean. Lortutako txapela hain polita zen, non etiketaren irudian daukagun.

Amaitzeko, txapelketari begira, zein ezaugarri izaten dituzte aurkezten dituzuen gaztak eta zertan jartzen dute arreta gehien epaileek gaztak baloratzeko orduan? Askotan esaten digute gurekin lehiatzen direnek ea nola lortzen dugun horren maila altuko gazta egitea, zerbait edukiko dugula berezia. Hasieran, ikaragarri saiatu ginen esnea lantzen, ardia zein larretan egoten zen, zein garaitako esnea zen… Horrela, lehiatzen ikasi genuen txapelketan zer gustatzen zen jakinez, gazta suabea edo fuerteagoa. Eta hori dena egin eta gero, ikasi duguna da txapelketa batean irabazteko gaztak oso orekatua izan behar duela. Urte batzuetan suabeagoa gustatu da, gaur egun, nire iritziz zapore gehixeagoko gazta gustatzen da, eta hori erabiltzen dugu, gazta zertxobait indartsuagoa. Gainera, gazta ke pixka batekin izaten da gustokoa. Eta gazta lehor bat ez da gustatzen:  mahaikidek ona dela esango dute, baina irabazi ez duzu egingo. Testuraz ondo egon dadila. Denbora aldetik 6-8 hilabetetakoa.

Beraz, gazta gustuko duzuenok gogoan izan gazta jateko orduan atzean dagoen guztia. Horrez gain, gogoratu hiru gazta mota ezberdin daudela, mailaren arabera sailkatuak. Besterik gabe eskerrik asko, Jabier, nire kezkak argitu eta mundu hau ezagutzeko aukera eman izanagatik.

Comments { 9 }
-->