Tag Archives | elkarrrizketak

JON SARASUA: “Euskararen etorkizuna lortzen duen gizarte bizitzan dago, teknologia berrietan aukera gutxi izango baitu”

Jon Sarasuari elkarrizketa egitekotan geratu nintzen. Egia esateko, nik ez nuen gehiegi ezagutzen, baina nire izebak eman zidan bere lanen berri eta, oso interesgarria irudituta, Maitek eskatutako elkarrizketa hari egingo niola erabaki nuen. Familia osoarekin abiatu nintzen elkarrizketa egitera Lazkaomendira, urduri samar. Gu zertxobait lehenago iritsi ginen hitzordura, Jon iristen zenerako, dena prest izateko. Heldu zenean, aurkezpenak egin eta segituan ekin genion elkarrizketari.

Jon Sarasua Aretxabaletan jaio zen 1966an. Bertsolari ohia eta Mondragon Unibertsitatean, HUHEZIko irakaslea, Lankiko zuzendaria ere izan da. Ertzeko zatiak liburua idatzi zuen Hego Ameriketara egindako bidaietan bildutako anekdotekin eta Bertsolari dokumentalean parte hartu du. Gehiago jakin nahi izanez gero, irakurri Sarasuari buruz Wikipedian.

Arrastalde on, Jon. Nola hasi zinen bertsotan? Txikitan hasi ginen. Guraso batzuk hasi ziren talde txiki bati bertso zaharrak erakusten, eta han hasi ginen. Gero hamalau-hamabost urterekin, kontzientzia hartu nuen: banituen gaitasun batzuk eta gustatzen zitzaidan. Handik aurrera, Euskal Herrian leku batzuetan bertsolari gaztetxo bezala ibili nintzen eta, konturatzerako, ohartu nintzen bertsolari bezala ikusten nindutela besteek eta afizio eta jardun horrek asko esaten zidala.

Bertsotan ibilitakoa zara, baina azken urteotan ez zaitugu plazan ikusi. Horregatik, galdera bat sortzen zaigu: deitu ahal diezaiokegu Jon Sarasuari bertsolari? Ez dakit. Ia 20 urtez jardun dut plazan, bestetik, azkeneko 11 urte inguru plazatik kanpo nago. Orduan, gaur egun, aktiboa dagoen bertsolaria ez naiz. Egia da urtean saio bat edo eduki dudala eta hortik askok bertsolari bezala ikusten nautela, eta, seguru asko, gaitasuna hor dagoela. Ez dut uste gaur nire definizio publiko inportanteena bertsolari denik, gaur egun bertsolariak besteak dira, asko daude gainera, badago leku hori zeinek bete. Orduan, ni beste gauza batzuetan…

Dakizun bezala, 2. Batxilergoko ikaslea naiz. Zuri buruz gehiago jakin eta dokumentatzeko,  Bertsolari dokumentala ikustera joan nintzen. Interesgarria iruditu zitzaidan eta aitortu beharra daukat, ikusi ondoren, bertsolaritza beste begi batzuekin ikusten dudala. Ziur nago nire ikaskide askok ez dutela ikusi, eta ikustera gonbidatu nahi nituzke. Nola salduko zenuke dokumentala? Nik uste dut oso dokumental ederra dela. Ordu eta erdi inguruan nahiko sakon jorratzen du, batetik, zer den bertsolaritza eta zer den bertsogintza, batez ere; bertsoa egiteko prozesu hori, prozesu kreatibo hori nola gertatzen den pertsona baten barruan. Iruditzen zait, zentzu horretan, bertsolaritzaren gako batzuk azaltzen dituela, estetikoki ederra dela pelikula hori, ondo egina dagoela; eta bestetik, askotan ikusle hori ohartaraz dezakeela azkenean kantu inprobisatua kultura egiteko modu bat dela, mundu osoan ematen dena, baina Euskal Herrian garapen berezia izan duena eta, zentzu horretan, kultur bide berezi bezala bizi duguna. Niri iruditzen zait merezi duela pelikula hau ikustea kuriositate pittin bat edukiz gero, behintzat, kultur sorkuntzaren inguruan eta Euskal kulturaren inguruan.

Esperientzia berri bat zuretzat dokumental bat egitea, ezta? Nola bizi izan duzu? Egia esan, nik dokumental hau egiterakoan ez dut bizipen berezirik eduki, ez dut protagonismo lan handirik egin. Elkarrizketatzera etorri ziren, zu gaur etorri zaren bezala, eta jardun genuen ia bost ordutan. Elkarrizketa oso luze bat egin genuen eta, hortik aurrera, zuzendariak egiten du lan osoa, muntaia osoa. Orduan, nik horren sorkuntzan ez dut parte hartzerik izan, galderei erantzutea besterik ez.

Goazen zure beste fazeta bat jorratzera. Lehen esan dugun bezala, Mondragon Unibertsitateko irakasle zara gaur egun eta Pentsamenduaren historia irakasten duzu HUHEZIn. Azalduko diguzu labur zein irtenbide dituen karrera horrek eta zure irakasgaian zer erakusten duzun? Egia esanda, Pentsamenduaren historia deitutako asignatura hori ez da karrera bat, karrera ezberdinetan ematen den asignatura bat baizik. Hamar urtean zehar Enpresarako Humanitate karreraren barruan izan nintzen irakasle, eta orain antzerako gaiak irakasten ditut Ikus-Entzunezko Komunikazioa graduan.

Asignatura honekin saiatzen garena da ematen -nik gehiago deitzen diot Gizarte Pentsamendua- oinarri batzuk ikasleari mundua ulertzeko; gaur egungo mundua, gizartea eta herria ulertzeko. Gero eta konplexuagoa da mundua aspektu sozial, soziologiko, ekonomiko, politikoetan, eta abar. Askotan, hedabide, telebista, irratiak… esaten digutenari begira gaude eta, gehienetan, bonbardeo horrek eta, bestetik, ikusteak telebista horiek atzean dituztela botere ekonomiko eta politiko handiak, ez digute gehiegi laguntzen ulertzen zer gertatzen den munduan eta gizartean, edo non gauden eta nora joan gintezkeen edo nora doazen gauzak.
Gu asignatura honetan ideologiak ulertzeko oinarrizko elementu batzuk ematen saiatzen gara. Saiatzen gara azaltzen kapitalismoa, sozialismoaren proposamena zena… ze ibilbide egin duten ulertzeko eta gaur egungo munduko gako batzuk zein diren ulertzeko eta nork bere pentsamendua etorkizunean eraikitzeko. Iruditzen zait gaur egungo gaztea ere deituta dagoela etorkizunean kritiko izatea eta, nolabait, bere bizitzaren pentsalari izatea neurri batean. Hori bizi osoko lana da eta unibertsitateak ezin du noski eskaini. Gu saiatzen gara eskaintzen horretarako oinarritxo batzuk, ideologia oinarrizkoak eta gaur egungo mundua ulertzeko “ABC” bat osatzea.

Bertsolari eta irakasle izatearen arteko konparazio bat egiteko gai izango zinateke? Ba al du antzik  oholtzan bertsotan eta ikasleen aurrean egoteak? Izan dezake. Bietatik bat aukeratu behar izanez gero, bertsolaritza nahiago dut. Irakasle izateak ere baditu bere gauza erakargarriak eta baditu antzekotasunak. Azkenean, zu jendearen aurrean zaude eta ahozko espresioaren bidez transmititu behar dituzu gauza batzuk. Irakasleak beste ardura batzuk ditu, beste erantzukizun batzuk, eta esango nuke nekezagoa eta astunagoa dela.

Elkarrizketa irakurtzen jarraitu nahi baduzu, erabili beheko Pages 1,2,3 menua.

Comments { 8 }
-->