Nahikoa da marraza bat milaka neskek bizitza osoan ahaztuko ez duten ebakuntzarik latz eta mingarriena jasateko. Ablazioaz ari natzaizue hitz egiten, hau da, nesken klitoriaren (eta batzuetan beheko eta goiko ezpainen) erauzketaz. Hemen hori astakeria iruditu arren, munduaren beste erdian, neskak emakume bihurtzeko egiten den errito tradizional bat da. Asko izango gara nesken eskubideen aurka doan ekintza bezala ikusten dugunak; hala ere, urtero ehunka neskek sufritzen duten zerbait da. Zergatik? Zein arrazoi ematen dituzte nesken familiartekoek bortizkeria hori zuritzeko?
Gorputzaren zati bat kentzeko ohitura hori, Harri aroan, Afrika zentralean sortu zen. Prepuzioa gizonaren alde femeninoa eta klitoria emakumearen alde maskulinoa zirela uste zuten. Anbiguotasun sexual hori ekiditeko, organo genitalen zati horiek kentzen zitzaizkien. Gaur egun, ablazioa praktikatzen dutenek tabu horretan sinesten ez badute ere, praktika justifikatzeko erabilitako arrazoi batzuk ez dira aurreko ideia horretatik asko aldentzen. Horietako bat estetikarekin eta higienearekin lotuta dator. Emakumearen sexu-organoak zikinak eta antiestetikoak direla uste dute; horregatik, horiek garbitzeko, erauzketa egiten zaie. Horrela emakume bihurtzen direla uste dute. Gure ikuspuntutik arrazoi zentzugabe bat izanagatik, gizonak ez dira ezkontzen ablazioa eginda ez duten emakumeekin.
Jakina da erauzketak gutxitu edo deuseztatu egiten duela plazerra sentitzeko gaitasuna. Hortik dator ablazioa egitera bultzatzen duen arrazoi nagusiena. Familiartekoek emakumeen grina sexuala murriztu nahi izaten dute, beraien sexualitatea kontrolatuta edukitzeko. Hori dena emakumea ezkontzara birjina iristeko, eta otzan eta esaneko bihurtzeko egiten dute. Horrela izanda, emakumeak senarraren menpeko izango lirateke. Zoritxarrez, neskek ez dute ebakuntza hori egin nahi duten ala ez erabakitzeko aukerarik izaten, ezta bere gorputzarekin nahi dutena egiteko askatasunik ere.
Beste arrazoietako bat ugalkortasuna da. Egia balitz, emakumea ablazioa egitera bultza dezakeen argudio indartsuenetakoa litzateke. Hala ere, ezkutuko helburua emakumeak makina erreproduzitzaile bihurtzea da. Izan ere, ablazioa eginda duten emakume horiei sexua ez zaienez interesatzen (ezin dutelako plazerra lortu), beraien motibazio bakarra horren ondorioz umeak izan ditzakeela pentsatzea da.
PROZESUA: mingarria eta larria
Hilabete bat lehenago, amak alabari erauzketa zertan datzan eta zein helburu duen azalduko dio. Etxean gizonik ez dagoen goiz batean, emakume batzuk joango dira bertara. Batek ahoa estaliko dio oihu egin ez dezan, eta gainerakoek hanka eta besoetatik eutsiko diote zalapartaka ez hasteko. Orduan esperientzia gehien duen emakumeak, xaboia eta urarekin garbituko du neskaren klitoria. Ondoren, marraza txiki batekin erauzketa egingo dio, klitoria (eta batzuetan ezpainak) moztuz. Amaitu ondoren, prozesuan isuritako odol guztia garbitzen dute, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Neska asko zorabiatu egiten dira minarengatik; beste batzuek, aldiz, negar egiten dute inpotentziagatik. Denek, ordea, egiten dute garrasi jasaten ari diren sufrimenduaren ondorioz.
Klitoriaren erauzketa ondo aterata ere, ebaketaren ondoren neska depresio batean eror daiteke, jasandako min bortitza eta bizitako esperientziak sortutako trauma psikologikoaren ondorioz. Gainera, ebaketa prozesua kondizio txarretan eginez gero, kalte fisiko nahiko gogorrak sor daitezke: orbantze txarra, kiste eta abszesuen eraketa, infekzioak, koito mingarriak, ernaltzeko ezintasuna, erditze zailak… Erauzketa gaizki atera eta hemorragia edo septizemia sortzen badira haren ondorioz, neska hilik suerta daiteke.
Erauzketa genitala emakumeen eskubideen aurka doa: ez dira beraien bizitzaren jabe; eta, beraz, ez dute aukeratzeko askatasunik. Emakumeen kontra doan delitu bat da. Horrela izanda, ohitura zentzugabe horri amaiera eman beharko litzaioke.
Iruzkin berriak