Tag Archives | euskara

Hautaprobak prestatzen (I)

IkastenDakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Zorionez edo zoritxarrez, aurtengo Hautaprobak izkinaren bueltan dira! Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira ekainaren 11n hasi eta 13ra bitartean. Euskarako proba, dakizuen bezala, azken egunean izango da. Gelditzen diren egun hauetan hemendik eta handik ateratakoak errepaso modura ipiniko ditugu.

Ekin diezaiogun gaurkoan azterketaren egitura eta ezaugarriak berrikusteari:

Ondo baino hobeto dakizuen bezala, ondorengoak dira azterketaren atalak (labur-labur esanda) :

1. AZTERKETAK BI ATAL NAGUSI DITU:

a) ULERMENA (6 p.):

  • Ulermenean, batetik edukiari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen bada, puntuazio gorena emango zaio galdera bakoitzean. Bost galdera direnez, bakoitzari 0,4 puntu dagozkio.
  • Bestalde, testuaren laburpen txiki bat (6-8 lerrotan) egiteko eskatzen da eta gaia (sintagma labur batean) zein den esateko. Iruzkin kritikoetan ohi denez, ikasleak bere hitz propioak erabili behar ditu eta ez du balio testuko esaldiak osorik eta besterik gabe jasotzeak. Lan hori txukun egiten bada (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu dela erakutsiz), beste bi puntu emango zaizkio, gramatika oker nabarmenik ez bada behintzat.
  • Esaldi batzuk moldatzeko ere eskatzen zaio ikasleari. Ongi erantzuteak esan nahi du testuan agertutako esaldi batzuk beste modu batera eman direla. Horretarako, parentesi artean ematen den hitza (forma horretantxe) erabili behar da, esaldia beste modu batera adierazteko. Ematen den ordainak eta testuko esaldiak funtsean adiera bera izan behar dute. Eskatzen diren ordainak ongi emanez gero, beste bi puntu emango zaizkio ikasleari.

b) IDAZLANA(4 p.):

  • Idazlanagatik beste 4 puntu jasoko ditu ikasleak. Horretarako, proposatzen den gaiari eutsi behar dio eta ez beste bati, adibidez. Hizkuntza zuzentasunaz gainera, aberastasuna ere kontuan hartuko da, bai joskeran bai hiztegian. Ideiak elkarrekin behar bezala josiak, testu koherente batean, argi eta zuzen idatziz gero, puntuazio gorena emango zaio ikasleari. Argudioak eman behar direnean, argudiatzeko modua nolakoa den ere kontuan hartuko da.

2. FROGAREN EZAUGARRIAK:

  • Luzera: 400 hitz inguruko testu bat emango da aztertzeko.
  • Azterketa egiteko denbora: Azterketa egiteko 90 minutu izango dute ikasleek.
  • Testu motak: Testuak argudio-testuak, azalpenak, narrazioak edo deskribapenak izango dira. Kazetaritzazkoak gehienbat, baina zientzia arlokoak edo literarioak ere izan daitezke. Euskara batuan idatziak eta erregistro jasokoak izango dira. Behar denean, hiztegiari buruzko zenbait azalpen emango da oinohar gisa.

Hurrengoan argudio testu bikain bat idazteko aholkuak emango dizkizuet.

Comments { 1 }

EGA: AZTERKETA IDATZIA

AZTERKETA IDATZIA

Honek entzutezko ulermena neurtzeko ariketa bat du hasieran: entzutezko ulermena. Ahozko notaren osagai bat izan arren, entzutezko ulermenerako ariketa azterketa idatziaren hasieran egin ohi da. Ezinbestean gainditu behar da ahozko proba egin ahal izateko.  Bi grabazio zati entzungo dira. Zati bakoitzari buruz bost galdera egingo dira eta erantzun zuzena aukeratu behar da, aukera anitzeko moldean emandako lauren artetik.

Grabazio zati bakoitza behin entzungo da. Grabazioa entzun baino lehen azterketariek bi minutu izango dituzte zati bakoitzeko galderak eta erantzunak irakurtzeko.

Erantzun zuzen bakoitzak puntu erdiko balioa izango du. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Hasierako ariketa horretaz gain, lau dira azterketa idatzia osatzen dutenak:

a) idazlana

b) esaldiak berridatzi

c) sinonimoak

d) irakurriaren ulermena

Maila-bateratasuna ziurtatzeko asmoz, hainbat azterketa idatzi bi aztertzailek zuzentzen dute.

a) Idazlana ariketan dossier eran bi gai eskaintzen dira, azterketariak bat aukera dezan: gaiari eustea, zuzentasuna, hizkuntza-aberastasuna eta kohesioa neurtzen dira; Idazlanaren nota bi zatitan banatzen da: orokorra eta ortografiari dagokiona. Azterketariak hirurehun hitz idatzi behar ditu, gutxienez. Hona hemen nota orokorra jartzeko erabiltzen den puntuazioa:

  • Edukia. (0-7 puntu). Honetan adierazia kalifikatzen da, hots, garatzeko eskainitako gaia zein neurritan osatu den:
    • Gaiarekin lotura duten/ez duten alderdien garapena.
    • Argudio eta adibide ugari/gutxi.
    • Gutxieneko hitz-kopurua.
  • Moldea. (0-8 puntu). Adierazpena kalifikatzen da, hots, edukia azaltzeko moldearen kalitatea:
    • Egitura aberatsak/sinpleak.
    • Lexiko zehatza eta adierazkorra/desegokia edo urria.
    • Ideien eta egituren arteko kohesioa, lotura.
    • Idazlanaren egituraketa orokorra, paragrafoen antolamendua.
  • Zuzentasuna. (0-10 puntu). Hizkuntza-akats nabarmenen araberako kalifikazioa, hots, joskerazko zuzentasunarena:
    • Deklinabidean: kasu atzizkien erabilera zuzena/okerra.
    • Aditz mailakoa.
    • Perpausen egituraketa.
  • Hiru alderdi hauetakoren batean nabarmenki huts eginez gero edota, oro har, hiruretan maila kaxkarra erakutsiz gero, Idazlana ez da gainditutzat ematen eta, hortaz, 15 puntutik beherako kalifikazioa jartzen da; zenbat eta okerrago hainbat eta puntu gutxiago. Gehienez, beraz, 25 puntu lor daitezke ariketa honetan. Horren barruan 5 puntu, gehienez, ortografiagatik. Ortografiari dagokionez, hona hemen idaztarauei dagokien nota jartzeko irizpideak.
Puntuak
5 Ortografia aldetik oso ondo
3-4 Akats ez oso larriak
1-2 Garrantzi handikoak
0,01-0,99 Oinarri-oinarrizkoak/garrantzi handikoak ugari; gainditu gabea.
0 Ez agertua

b) Esaldiak berridatzi ariketan emandako esaldiak beste era batera idatzi behar dira jarritako hitzak edo hitz-zatiak erabiliz; Esaldiak berridatzi ariketa honetan moldaketa oso eta zuzen bakoitzak puntu erdiko balioa du. Baina zer esan nahi du “oso eta zuzen” horrek? Honako baldintzok bete behar dira zuzentzat emateko:

  • Lehenbizi, eredutzat ematen den esaldiaren zentzua osorik jasotzea. Erantzunak, jarritako perpausaren zentzuaz gainera beste era batera ere interpretatzeko bidea ematen badu, azterketariaren erantzuna anbiguoa delako adibidez, ontzat ematen da alde horretatik, haren zentzua gorde baitu. Baina zentzua gordetzen ez badu, besterik gabe txartzat ematen da erantzuna.
  • Eskaintzen den “moldea”ri jarraituz osatua izatea bigarren perpausa eta ez beste bide batetik eratua.
  • Gramatikaren aldetik zuzena izatea. Esaldi bakoitzak gramatikazko egitura baten ezagutza neurtzea du helburutzat. Baina neurtu nahi den gramatika-egitura jakin hori ongi egon arren beste nonbait huts eginez gero, ergatiboaren marka “ahantziz” esaterako, txartzat ematen da erantzun hori, besterik gabe.
  • Ortografia batua ere errespetatzea. Hala ere, huts txikiren bat barka daiteke.
  • Beti ere esaldi bakar bat osatu behar da. Ariketa egiteko bi zati eskaintzen dira sarri baina moldapenean esaldi bakarra aurkeztu behar da.

c) Lexikoa. Testu labur batean txertaturik, markatutako hamar hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.

Erantzun zuen bakoitzak puntu erdiko balioa izango du.

Ariketa honen eta esaldiak berridazteko ariketaren kalifikazioak bildu egingo dira eta bien artean gutxienez 5 puntu lortu beharko dira. Batean zein bestean, gutxienez %40 atera beharko da.

d) Irakurrriaren ulermena. Testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko hamar galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratzea, lotura egokiak egitea edo egia/faltsua erakoak. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat ematen zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

Azterketa idatzia gainditzen badu azterketariak -eta horretarako ariketa bakoitzean gutxienekoa lortu behar du- ahozkora pasatuko da. azterketariak bere azterketako notak jakiteko eskubidea du. Horretarako, idatzizko eskabidea egin behar du Hezkuntzako Ordezkaritzan; notak jakin ondoren azterketariak azterketa ikusi nahi badu, bigarren eskabidea egin behar du eskainitako epean.

Comments { 0 }
-->