Tag Archives | hautaproba

Hautaprobak prestatzen (I)

IkastenDakizuen bezala, Hautaprobak unibertsitatean sartzeko bidea ematen duten gaitasun-probak dira, eta horiek gainditzea derrigorrezkoa da ikasketak unibertsitate publikoan hasi nahi duten bertako zein kanpoko ikasleentzat.

Zorionez edo zoritxarrez, aurtengo Hautaprobak izkinaren bueltan dira! Hainbeste kezka, buruhauste, urduritasun, larrialdi eta estura sorrarazten dizkiguten azterketak hementxe dira ekainaren 11n hasi eta 13ra bitartean. Euskarako proba, dakizuen bezala, azken egunean izango da. Gelditzen diren egun hauetan hemendik eta handik ateratakoak errepaso modura ipiniko ditugu.

Ekin diezaiogun gaurkoan azterketaren egitura eta ezaugarriak berrikusteari:

Ondo baino hobeto dakizuen bezala, ondorengoak dira azterketaren atalak (labur-labur esanda) :

1. AZTERKETAK BI ATAL NAGUSI DITU:

a) ULERMENA (6 p.):

  • Ulermenean, batetik edukiari buruzko galderak egiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen bada, puntuazio gorena emango zaio galdera bakoitzean. Bost galdera direnez, bakoitzari 0,4 puntu dagozkio.
  • Bestalde, testuaren laburpen txiki bat (6-8 lerrotan) egiteko eskatzen da eta gaia (sintagma labur batean) zein den esateko. Iruzkin kritikoetan ohi denez, ikasleak bere hitz propioak erabili behar ditu eta ez du balio testuko esaldiak osorik eta besterik gabe jasotzeak. Lan hori txukun egiten bada (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu dela erakutsiz), beste bi puntu emango zaizkio, gramatika oker nabarmenik ez bada behintzat.
  • Esaldi batzuk moldatzeko ere eskatzen zaio ikasleari. Ongi erantzuteak esan nahi du testuan agertutako esaldi batzuk beste modu batera eman direla. Horretarako, parentesi artean ematen den hitza (forma horretantxe) erabili behar da, esaldia beste modu batera adierazteko. Ematen den ordainak eta testuko esaldiak funtsean adiera bera izan behar dute. Eskatzen diren ordainak ongi emanez gero, beste bi puntu emango zaizkio ikasleari.

b) IDAZLANA(4 p.):

  • Idazlanagatik beste 4 puntu jasoko ditu ikasleak. Horretarako, proposatzen den gaiari eutsi behar dio eta ez beste bati, adibidez. Hizkuntza zuzentasunaz gainera, aberastasuna ere kontuan hartuko da, bai joskeran bai hiztegian. Ideiak elkarrekin behar bezala josiak, testu koherente batean, argi eta zuzen idatziz gero, puntuazio gorena emango zaio ikasleari. Argudioak eman behar direnean, argudiatzeko modua nolakoa den ere kontuan hartuko da.

2. FROGAREN EZAUGARRIAK:

  • Luzera: 400 hitz inguruko testu bat emango da aztertzeko.
  • Azterketa egiteko denbora: Azterketa egiteko 90 minutu izango dute ikasleek.
  • Testu motak: Testuak argudio-testuak, azalpenak, narrazioak edo deskribapenak izango dira. Kazetaritzazkoak gehienbat, baina zientzia arlokoak edo literarioak ere izan daitezke. Euskara batuan idatziak eta erregistro jasokoak izango dira. Behar denean, hiztegiari buruzko zenbait azalpen emango da oinohar gisa.

Hurrengoan argudio testu bikain bat idazteko aholkuak emango dizkizuet.

Comments { 1 }

Idazlana (gomendioak)

Zenbait gomendio, euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko

(Administrazioa euskaraz, 22. alea, 8 eta 9. orriak).

1. Azterketa behar bezala prestatzeko komenigarria izaten da aldez aurretik kalitatezko testuak euskaraz irakurtzea. Ikusi nola aritzen diren idazle onak, aztertu beraien idazkera, eta buruan gorde gehien gustatzen zaizkizun egiturak, hitzak eta esamoldeak.

2. Saia zaitez jarriko dizuten gaia asmatzen. Kontuan izan aztertzaileak arazo bera izaten duela gaia aukeratzeko orduan, eta, horrelakoetan, gaurkotasuneko gaietara jotzen duela gehienetan (egunkarietako berriak, aldizkarietako artikuluak…).

3. Praktikatu behin eta berriro, eta, ahal izanez gero, azterketaren baldintzak errespetatuz (denbora, luzera…). Gero, aberasgarria izan daiteke dakien bati testua ematea eta zuzentzeko eskatzea.

4. Honaino helduta, ohartxo bat: azterketara prestatuta eramaten diren idazki-zatiei (sarrerak, amaierak) igarri egiten zaie normalean. Batzuetan, tokiz kanpo daude; beste batzuetan, ez dute zerikusi handirik idazlan osoaren maila eta tonuarekin. Hitz batean: ez zaizue komeni horrelakoetara jotzea. Horrek ez du esan nahi, jakina, den-dena inprobisatu behar dugunik. Zenbait gauza landuta eraman daitezke, adibidez, esaldien arteko lotura batzuk etab.

5. Prestatu ondo azterketara eraman behar duzun materiala: karneta, boligrafoa, ezabagailuak…

6. Aztertzaileek gai edo egoera bat proposatuko dizute idazlanean, eta zuk egoera hori benetakoa balitz bezala jokatu behar duzu. Demagun zinegotzi bati idatzi behar diozula zerbaitetarako. Idatziozu, ba, serio, eta egiazko gutuna bidaliko bazenio bezala, aztertzaileak zinegotzia bailitzan begiratuko baitio mezuaren funtsari.

7. Banatu denbora, hiru ekintza hauek kontuan izanik: eskema, idazlana bera eta zuzenketa. Eskaini aldi bakoitzari merezi dituen minutuak.

8. Eskema egiten emandako denbora ez da lan alferra; izan ere, eskema on batek gaiaren garapen egokia ziurtatzen du, eta inprobisazioa baztertzen. Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean hasiko.

9. Errespetatu ematen dizuten gaia eta proposatzen dizuten idazki-mota. Ez tranparik egin.

10. Irakurri arretaz azterketako oharrak, baina ez kopiatu hitzez hitz argibideetako esaldiak eta adibideak.

11. Idazten hasi baino lehen pentsatu ondo zein den idazkiaren helburua (informazioa ematea, zerbait eskatzea, konbentzitzea…), zein eragin sortu nahi duzun irakurleengan (harritzea, zure aldeko bihurtzea…), nolako tonua erabiliko duzun (formala…), eta abar.

12. Litekeena da euskara zure ama-hizkuntza ez izatea edota erdara baino gutxiago menperatzea. Jakin ezazu euskaraz idazterakoan zure mailak zeozer jaitsi behar duela ezinbestez; hau da, erdaraz esaten dituzun gauza batzuk edo esaten dituzun moduan nekez eman ahalko dituzula euskaraz. Hori onartzea eta apaltasunez jokatzea abiaburu ona izaten da.

13. Eginahalak egin euskaraz pentsatzeko, eta ez gaztelaniaz. Egizu kontu gaia ahoz azaldu behar duzula, hizketan. Horrek izan behar du zure abiapuntua, eta hortik aurrera, nahi duzun bezala apaindu idazlana, beti ere, euskal diskurtsoan oinarriturik.

14. Aztertzaileek gutxieneko abstrakzio maila eskatu ohi dute. Istorioak, pasadizoak… ondo daude eta onargarriak dira, gaia eta argudioak biribiltzeko. Baina, maiz, idazlana anekdotetan oinarritzea adierazpen pobreziaren erakusgarri izan daiteke.

15. Komunikagarritasunak izan behar du gure helmuga. Aztertzaileak behin bakarrik irakurri beharko luke esaldi bakoitza; hortaz, ez luke zertan ibili saltoka esanahiari antzemateko. Hori dela-eta, testua zuzentzerakoan kontuan izan behar dugu guretzat argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago, hobe berridaztea.

16. Ahalegindu zaitez letra onez idazten aztertzaileak ez nekarazteko; eta, aukeran, letra txikiz; bestela, aztertzaileek ezin dute neurtu nola erabiltzen dituzun letra larriak.

17. Izenburuak, azpi-izenburuak, oinoharrak eta horrelakoak lagungarriak izan daitezke testua egituratzeko.

18. Erabili lerroaldeak azpigaiak garatzeko.

19. On da papera aurreztea, baina utzi arnasten testuari. Marjinak eta zuriuneak eskertzekoak dira, gutxiago idazteko aitzakia gisa hartzen ez badira, behintzat.

20. Idazlanen ehuneko handi batek “ohiko” hasiera izaten du, adibidez: Gaur egun argaltzea da gure gizartea gehien kezkatzen duen gaietariko bat. Ez ahaztu lehen lerroaldeak aztertzailearen arreta erakartzeko balio duela, eta bide ugari dagoela horretarako; horietako bat, originaltasuna.

21. Idazlanaren azken lerroaldearekin agur egiten diozu aztertzaileari. Presaka ibili arren, testu bat ezin da edozein modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure idazlanari nolabaiteko betetasuna ematen.

22. Idatzian aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu egiten da askotan, eta, horren ondorioz, akatsak pilatu egiten dira bukaeran. Eutsi kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze guztiak biltzen badira.

23. Idazten ari zarela, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak, azaldu nahi duzuna adierazteko.

24. Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak idaztea komeni da ideiak jorratzeko. Edozein modutan ere, monotonia hausteko, esaldi luzexeagoak eta laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin jokatuz.

25. Testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar dute; eta lerroaldeen artean ere halako lotura bat beharrezkoa da, horrek bideak urratzen baitizkio ideien garapenari.

26. Arestian esan dugu idazten hasi aurretik garbi izan behar dugula zein den gure helburua eta baita testuan barrena erabiliko dugun tonua ere. Hori horrela, zenbait idazki formaletan tokiz kanpo egon daitezke honelako esamoldeak: kristona, demasa …

27. Azterketari askorentzat, puntuazio-zeinuak jartzeko garaian, eta kasurik hoberenean, koma eta puntua besterik ez dago; eta, batzuetan, gaizki erabilita. Gogoratu bestelako zeinuak ere hortxe ditugula eta testua antolatzen laguntzen digutela: galdera eta harridura markak, efektu erretoriko batzuk sortzeko; parentesiak eta marra luzeak, azalpenak esaldi nagusitik kanpo ateratzeko; eta horrela… asko eta asko.

28. Egitura batzuk, nahigabe, errepikatzeko joera daukagu, eta testuak -(e)larik, -z, bait eta horrelakoez betetzen dira. Azterketa egin baino lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak eta saiatu kontrolatzen eta parekoak bilatzen.

29. Aztertzaileak ezin du jakin zuk esaldi bat izan duzula buruan eta ez duzula asmatu behar bezala idazten. Ideia bat emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era batera. Azken batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta, beraz, idazkia; ez alderantziz.

30. Azterketa egin behar duen jende askok uste du gramatikako zailtasunetan oinarritu behar duela bere idazlanaren garapena; hau da, zenbat eta subjuntibo eta baldintza gehiago sartu, orduan eta aukera handiagoa izango duela aztertzaileak liluratzeko, eta ondorioz, azterketa hori gainditzeko. Kontuz horrekin. Idazlan bat ezin da aurrera atera, euskaltegian ikasitako guztia biltzeko aukera izango balitz bezala. Idazlan batean gai bat jorratu nahi dugu ideia batzuen bitartez; horrenbestez, hasierako eskeman jasotakoa garatzera jo behar dugu, ustez nota ona eman behar diguten baina tokiz kanpo egon daitezkeen kontuak bazter utzita.

31. Idazten ari zarela, gelditu noizean behin, irakurri idatzitakoa, eta gustura ez bazaude, berridatzi. Berriro ere gogoratu irizpide nagusia: irakurtzerakoan, zu zeu, trabatuta geratzen bazara, seinale txarra.

32. Amaitzeko hamar edo hamabost minutu falta direnean hasi zaitez zuzentzen, eta ahal dela, modu sistematikoan (ortografia, joskera…).

33. Arreta handiz begiratu aztertzaileek ere arreta handiz begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak….), edota etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko esaldiak eta konpletiboak nahastu…).

34. A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten duzun bakoitzean, begiratu ea nahi gabe arazoren bat sortarazi duzun komunztaduran.

Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat, programatik kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena: gozatu idazten eta idatzi gozatuz. Azterketa batek egoera larrian jartzen bazaitu ere, ez ibili estu eta larri: saiatu aztertzaileei erakusten zein ondo idazten dakizun.

Joseba Lozano
HAEEko administrazioko hizkeraren arduraduna

A D M I N I S T R A Z I O A E U S K A R A Z

Comments { 0 }
-->