Joxean Agirre Odriozola 1949ko maiatzaren 18an Azpeitian jaio zen euskal idazle ezaguna dugu. Soziologia lizentziatura ikasi zuen Parisen eta bi urtez Eibarko ikastola bateko irakasle izan ondoren, historia ikasteari ekin zion. Hirugarren urtean, irakaskuntza alde batera utzi eta Egin egunkarian hasi zen lanean. Honen itxieraz geroztik Garan egiten du lan. Bere idazteko zaletasuna dela medio, lanean idazteaz gain bere kontura ere idazten du Agirrek, gauzak horrela, Lehen Triptikoa izeneko narrazio bat eta hainbat nobela publikatuak ditu jada. Horien artean dago nola ez, La lutte finalle liburua.
Liburu honen ardatz aldaketa sozialak eta adinaren eraginak dira, berak bizi izan zitzakeen edo bizi izan dituen bi elementu. Horiez baliatuz, bere iragana eta oraina irudika ditzakeen pertsonaiekin jolasten du liburu osoan zehar.
Arestian aipatu bezala, liburuaren mamia egoera sozialak eta adinaren eraginek osatzen dute, baina hau dena amodio istorio nahasi eta lizunez estalia agertzen da liburu osoan zehar. Horrenbestekoa da maitasunaren gaiak liburuan duen presentzia, non gaia nagusitzat har daitekeen. Trama nahasi hauek osatzen duten istorioaren gaiak errealitate bat isla dezakeen arren, bere egiazkotasuna hutsa da, aurrerago aipatuko ditudan lekuak benetakoak diren arren pertsonaiengan duen ezagutza mailak salatzen baitu, ezinezkoa baita berak azaltzen duen punturaino pertsonak ezagutu eta beraien sentimenduak horren era zehatzean definitzea. Hala ere, liburuaren muina eta denboraren arteko erlazioa oso landua dago, bertan iragana eta oraina txukun eta argi bereiziz. Lehenengoak istorioan duen presentzia oso murritza bada ere, liburuaren ulermenean ezinbesteko lana jokatzen du iraganeko hainbat gertaerek baldintzatzen baitute etorkizuna, kasu honetan gure protagonisten oraina.
Ekintza oro jazotzen den denboraz gain, Joxeanek maisuki landu duen beste atal bat paisaia eta lekuen deskribapenena izan da. Gertaerak bi herrialdeen artean banatzen diren arren, Euskal Herria eta Venezia, zaila litzaiguke autoreak zein toki hobeto ezagutzen duen zehaztea, biei eskaintzen dizkien deskribapenak oso landu eta aberatsak baitira. Bateko nahiz besteko gertakizunetan lortzen duen fideltasuna txalotzeko modukoa da, eta horri esker ez da batere zaila egiten protagonistak zapaltzen dituen inguruak imajinatzea.
Liburuak deskribatzen duen akzioa gertatzen den lekuaz esan dugun gauza bera esan dezakegu garaiko egoera sozial eta politikoari buruz ematen dizkigun azalpenei buruz; zoritxarrez, ordea, ezin dugu gauza bera esan aurretik aipatutako eszenatoki horretan antzezle diren pertsonaiei buruz. Nahiz eta hauen zerrenda oso urria izan, zail egiten da oso bukaerara arte batzuk besteengandik bereiztea, alde psikologiko batetik begiratuta noski, eta honek istorioaren jarraipen garbia egiteko garaian oztopo handia suposatzen du.
Liburuaren egiturari so eginez gero, hau orri kopuru oso ezberdinetako kapituluz osatua dagoela azpimarra dezakegu eta, egia esan, autoreak istorioa horrela banatzearen arrazoiak ez ditut batere garbi. Horren adibide zehatza liburuaren hasieran ageri den kapituluen autonomia dugu, hauen banaketarekin zerikusirik izan gabe kontatzen baita istorioa. Egituraren gaiari heltzen jarraituz, akzioen kronologia eza aipatu beharra dago, kontakizuna iraganean hasi ostean liburuaren zati handiena orainaldian aurkezten baitigu. Nahiz eta egitura bitxi honek hasiera batean nahasmena sor dezakeen, istorioa bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoa da, eta horri esker gertakizun batzuk beste batzuengandik zerikusia ez izatetik denak trama bereko elementu direla argitzera heltzen da Joxean.
Horren egoki deskribatutako leku horietara bueltatuz, istorioa bi lekutan ematen dela errepikatu beharrean nago. Veneziak hartzen du liburuan zehar garrantzirik handiena, bertan ematen baitira gertakizun nagusiak; Euskal Herrian jazotzen direnak, berriz, aurreko horien kausa baino ez dira. Narratzailea istorioko protagonista bera da eta orojakilea, pertsona guztien sentimendu, ideia eta ekintzak inork baino hobeto baitakizki. Protagonista izatearen ondorioz edo, bere jarrera ez da batere objektiboa, beste kideen sentimenduak azaltzen dituen era berean bereak ere oso argi uzten baititu. Aipatu bezala, narratzailea pertsonaia nagusia da, baina ez bakarra. Liburuan azaltzen diren trama korapilatsuetan beste hiru pertsonaiez inguratua azaltzen da une oro, bi emakumezko eta gizonezko bat, eta denak helburu beraren bila mugitzen dira kontakizunean zehar: sexua. Halere, nahiz eta puntu horretan bat etorri, nork bere arazoak ditu. Testuaren egiturarekin amaitzeko, narrazio bat dela esan beharra dago. Bertan deskribapenak nonahi azaltzen dira eta Agirrek maisuki deskribatu ditu liburu honetan hainbat paisaia, pertsona eta sentimendu, honi esker liburua ulerterrazagoa eginez.
Autorea La Lutte Finale liburuaren aurkezpen egunean (Argazkia: Elkar) |
Nahiz eta istorioaren zati handiena sexuari eta hau lortzeko eginiko trikimailuei buruz hitz egin, autoreak liburu honetan bi gai azpimarratu nahi izan ditu aurrekoa gai hauen estalki moduan erabiliz: egoera soziala eta adinean aurrera joateak sortzen duen kezka. Lehenengoa, kontakizuna kokatua dagoen momentu historikoan zegoen mugimendu politiko eta sozial batean oinarritzen du, Marxismoan. Protagonista mugimendu horretako kide izanik, garai horretako egoera aldatzeko grina azaltzen digu autoreak. Bigarrena, aldiz, sexuarekin erlazioa duten atal guztietan nabaritzen dute protagonistek, adinaren ondorioz gaztetako maila ematerik ez izateak kezkatu egiten baititu. Bi gaiak uztartuak ere ikus ditzakegu behi edo behin, zahartzaroak gaztetako borrokarako gogoa galarazi diela aipatzen baitute protagonistek.
Autoreak erabili duen hizkuntza maila euskara maila normala duen edonor ulertzeko modukoa da. Aldian behin eguneroko bizitzan gutxi erabiltzen diren hitz eta adjektiboak azaldu arren, honek ez du testuaren ulermenean arazorik sortzen. Gauzak horrela, ez dago liburua ulertzeko arazorik. Joxean Agirreren La lutte finale liburua ez zait gehiegi gustatu, eta horrek liburuaren hainbat puntutan aurrera ez jarraitzeko gogoa sortu dit. Hala ere, liburuaren azken aldera gauzak aldatzen joaten dira, eta beste begi batzuekin ikusten da istorioa.
Liburuaren alderdi txarrak aipatzean, nahasmena aipatu beharrean nago. Ia amaierara arte ez duzu istorioaren nondik norakoa ulertzen eta horrek irakurketa izugarri zailtzen du, aurretik irakurritakoa eta momentuan irakurtzen ari zarena lotzea zail egiten baita. Alde onak aipatzekotan, liburu osoan zehar behin eta berriz txertatzen dituen deskribapenak dira. Maisuki deskribatzearen ondorioz, gertaerak ematen diren tokian zaudela dirudi sofatik mugitu ez zaren bitartean. Horrez gain, amaiera ere oso ona da; izan ere, ezer ulertu gabe liburua amaitu behar delako ustearekin zaudenean, dena argitzen baita orri gutxitan.
Eleberri honi buruz orain arte idatzitakoak irakurri nahi izanez gero, jo Elkar argitaletxeko hemerotekara.
Iruzkin berriak