Tag Archives | tenisa

Tenislariak kokoteraino

Lehen NBAn edo LFPn (Espainiako futbol liga) gertatu zen bezala, orain tenisera pasatu da greben arazoa, nahiz eta azkeneko hilabeteetan garrantzia galdu duen. Aipatu ditudan aurreko bi adibideetan arazoaren eragileak beste batzuk izanda ere, bukaerako emaitza berdina da hiru kirol hauetan. NBAko kasuan, greba moduko hau taldeen, jokalarien eta beraien ordezkarien arteko baldintzen negoziazioan ados jarri ez direlako izan da. Futbolaren kasuan, ordea, jokalarien soldaten inguruan izandako arazoengatik sortu da. Tenisean planteatu den greba hau, berriz, tenislarien egutegi gogorragatik izan da, ez baitute denboraldi osoan zehar astirik lasaitu bat hartzeko. Hauek eskatzen dutena egutegia berregitea da, txapelketa gutxiago egonda, denbora gehiago izango dutelako atsedenaldia egiteko. Esan beharra dago aurreko bi kasu hauei irtenbidea aurkitu dietela; beraz, tenisaren txanda iritsi da.

Gai honen garrantzia txikitzen joan zen aurreko denboraldian zehar, baina US Open edo Estatu Batuetako irekian berriro ere indarra hartu zuen, Andy Murray edo Rafael Nadal berak final erdietara iristeko hiru partida jokatu behar izan zituztenean, eguraldi txarra zela eta. Murrayk dioenez, gauza txiki batzuk baino ez dituzte aldatu nahi: txapelketa batzuk gutxiago denboraldian zehar eta horrelakoak. Jokalarien asmoa arazoa ahal den azkarren bukatzea da, horrelako aldaketak egutegian egitea oso zaila baita. Hori dela eta, bost edo sei urteren buruan gauzatuko litzateke aldaketa. Beraz, ordurako gaur egun punta-puntan dauden tenislari gehienak erretiratuak egongo lirateke. Arazoa lehenbailehen konpontze aldera, ATP (Asociacion de Tenistas Profesionales) eta ITF (Federacion Internacional de Tenis) erakundeekin hitz egiteko asmoa dute. Antza denez, tenislari hauek beraien aldarrikapenak lortzeko aukera handiak dituzte. Lortuko balira, tenis partidak eta txapelketak orokorrean, askoz ere dibertigarriagoak edo, beste era batera esanda, ikusgarriagoak izango lirateke; izan ere, jokalariak deskantsatuagoak egongo dira fisikoki eta psikologikoki, eta, ondorioz, ikuskizun gehiago egongo da. Denek uste dute tenisa ez dela fisikoki asko nekatzen duen kirola; halere, egutegi gogorra dela medio eta kontuan izanda gaur egun tenisa lehen baino azkarragoa, bortitzagoa, hau da, fisikoagoa dela, nik txirrindularitza, igeriketa eta atletismoaren pare jarriko nuke.

Bestetik, albiste zoragarria izango da egutegiaren murrizketa hau. Denek telebistak eta hedabideak dituzte buruan. Greba egiten bada, tenis partidak ezingo dituztela eman besterik ez dute pentsatzen. Jende askok ez dio erreparatzen jokalarien osasunari. Orain dela gutxi Dinara Safina tenislari errusiarrak tenisetik erretiratzea erabaki du, bizkarrean zituen arazoek ia-ia bizitza arrunta egiten uzten ez ziotelako. Denbora guztian mutilez ari gara, baina arazo berdina dago emakumeen egutegian ere. Esan nahi dudana da, egutegiaren murrizketa hau ematen bada, tenislariek gutxiago sufrituko dutela; hau da, beraien osasuna hobea izango da eta berrietan gutxiago entzungo ditugu kirolari erretiratuen albisteak.

Egia da, tenis txapelketa gutxiago egonda, lehen aipatu ditudan ATP eta ITF erakundeek diru gutxiago lortuko luketela txapelketetatik; halere, hori konpontzea erraza da. Nire proposamena da, txapelketa gutxiago egonda, txapelketa hauen kalitatea hobetzea. 3 ATP txapelketa mota daude: 250, 500 eta 1000. 250 motako txapelketak kendu eta 1000ko gehiago jartzea izango litzateke aukerarik onena. Edo Grand Slam (ATP 1000 mailako txapelketak baino maila handiagoa dutenak) bat gehiago jarri urtarrilean dagoen Australiako irekiaren eta ekainean dagoen Roland Garros Grand Slamen tartean. Nire proposamena zabalduz, Asian jarriko nuke txapelketa (beste 4 kontinenteetan bakoitzean bana dagoelako), Txina eta inguruko herrialdeen bultzada ekonomikoa aprobetxatuz. Gainera, han punta-puntako instalazioak daude (pista estaliak…), edozein arazori aurre egiteko prest.

Aurreko guztia laburbilduz, ondorio bakarra atera daiteke: urratsak ematen jarraitzea izango litzateke aukerarik onena, beste modurik ez dagoelako publizitate, komunikabide eta jokalarientzat, alderdi guztientzat, ona izango den akordio batera iristeko. Alde batetik, tenislarien osasuna zainduz, beraien eskaerei baiezkoa emanez eta, beste aldetik, komunikabide eta tenis erakundeez arduratuz, tenisari berritasun bultzada bat ematea izango litzateke greba aukera hau saihesteko konponbiderik egokiena.

Jarraian grebaren garrantzia handitu zuen ekintzetako baten bideoa:

Comments { 5 }
-->