Noiz arte?

noiz_arte_1Albiste ugari izan da amaitzera doan 2008 urte honetan; batzuk onak eta beste batzuk, berriz, ez hain onak. Horien artean krisi ekonomikoa izan daiteke askorentzat urte honetan pairatu den arazo nagusia; halere, horrez gain, bada urteak aurrera egin ahala oraindik ere konpondu ez den eta gizartean egunerokotasunez bizi dugun arazo larri bat.

Berriako bilatzailean tratu txarrak jarri ostean, guztira 490 testu azaltzen direla konturatu naiz. Benetan datu lotsagarria dudarik gabe. Baina, pixka bat pentsatuta, zenbaki normaltzat hartu dut; izan ere, ia egunero, edo behintzat astero, entzuten baitugu indarkeriarekin loturiko berri penagarriren bat.

Indarkeria, Harluxet entziklopediaren arabera, norbait menderatzeko indar zakar eta basa da. Beraz, gogorkeriaren barruan hainbat atal bereiz daiteke: genero indarkeria, haurren aurkakoa, bullynga, tortura… Hori horrela izanik, duela gutxi komunikabideetan nagusitu den Albaren kasua aipatu nahi nuke. Alba egun gurpildun aulki batean dagoen Bartzelonako haur errugabe bat da; medikuen arabera, ez du gehiago hitz egiteko gaitasuna berreskuratuko. Edonola ere, hori guztia ez da jaiotzetik duen arazo bat, ez. 2006ko martxoan, Albak 5 urte zituenean, bere aitaordeak emandako jipoiaren ondorio larri bat baino ez da. Baina, ez hori bakarrik, bere ama biologikoak ere ez zion laguntza gehiegirik eskaini, ez ikusiarena egin baitzuen lagundu beharrean.

noiz_arteDena den, ez pentsa gisa horretako basakeriak gure inguruan gertatzen ez direnik. Bartzelonatik Euskal Herrira etorriz, Euskal Estatistika Erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 3223 emakume izan ziren beren bikote edo parekoren baten biktima 2007. urtean; noski, tratu-txarrak salatu ez zituzten emakumeak kontuan hartu gabe. Azken finean, numero hori irakurtzeko nahikoa dugu segundo bat; hori dela eta, askotan zenbaki batean baino ez da geratzen, egoera jasangaitzak bertan jarraitzen duen bitartean.

Lehengo hariari jarraituz, amaraunean informazioa bilatzen ari nintzela, erasotzaileek erasotzeko dituzten arrazoiak topatu nituen. Horien artean, aurretik jasan dituzten tratu txarrak, arazo psikologikoak, bizi izandako familia giroa… zeuden. Edozelan ere, eta hori kontuan hartzekoa den arren, ez dut uste horrek pertsona baten heriotza edo zauri fisiko zein psikologikoak eragitea justifika dezakeenik.

Amaitu baino lehen, honelako egoeraren bat bizi duenari -genero indarkeria, ikaskideen erasoak edo situazio hau jasaten ari den norbait ezagutzen duenari-, lehenbailehen salatzea komenigarria dela adierazi nahi nioke; izan ere, inongo dudarik gabe, ulertezina da XXI. mendean, oraindik, horrelako gertakariak nozitzen jarraitzea. Ez al da, bada, hau aurrera doan herria?

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->