Tag Archives | gure ekoizpenak

Aitorren hizkuntza zaharra

Bai zu mutiko gazte! Kaixo ta zer moduz?
Ez al duzu ikasi ezer niri buruz?
Ahotsaz baliatuz esangoizut kantuz,
egon zaitez zu adi eta ibili kontuz,
asmatuko baituzu abestian murgilduz.

Jatorria da nire sekretu kuttuna,
nire jaioteguna da ezezaguna.
Adituek eginiko guztiz lan astuna
ez da izan nahikoa lortzeko erantzuna.
Nahiko zaharra izan arren, ez naiz ez tuntuna.

Oraindik ez al duzu nor naizen asmatu?
Altxa behingoz ohetik ta guztiz esnatu.
Ez dizkizut gauzatxo guztiak kontatu.
Mesedez ez ezazu abestiz aldatu,
jarraitu niri entzuten eta motibatu!

Behin Etxeparerekin hasia idazten,
berari esker hasi nintzen ni amesten.
Eta ospetsu ere apurka egiten.
Nire izena joan zen munduan zabaltzen,
berari esker jendeak ez nau inoiz ahazten.

Une oso latzak bizi izan ditut sarri,
baina borrokatu dut nahiz ta egon larri.
Eskerra eman nahi diet nik Etxeberriri,
Oihenart, Leizarraga ta Gazteluzarri,
noski ,ahaztu gabe, Pedro Axularri.
Oraindik ez al duzu nor naizen asmatu?
Altxa behingoz ohetik ta guztiz esnatu.
Ez dizkizut gauzatxo guztiak kontatu.
Mesedez ez ezazu abestiz aldatu,
jarraitu niri entzuten eta motibatu!

Erdara da denetan etsai nagusia,
ipurdiko arantza amorragarria.
landare eder guztien arteko sasia,
mami xamurrik gabe dagoen ogia,
beti nire alboan den bidaiaria.

Nire burua aurkezten ari naiz saiatzen.
Zu entretenitu ta pixka bat alaitzen,
baina eskakizun bat dago honen atzen.
Zuzenean ez naiz ba esatera ausartzen,
horregatik ari naiz abesti hau asmatzen.

Lagun arren ez zaitez zu gelditu lotan
gauza asko baitauzkat nik hemen jokoan!
Erabil nazazu bai maiz zure ahotan
Nire geroa dago zuen eskuotan,
ez askatu nahiz egon bero-bero sutan.

Aitorren hizkuntz zaharra ni nauzue hara
eta zuen indarra beharrezkoa da.
Zer egin behar duzun badakizu jada:
erabil ta maitatu ezazue euskara,
ta jalgi nazazue arren plazetara!

Iñaki Apalategirekin bertsoa!.
 

 

Comments { 2 }

#U21, gazteon ikuspegia

Julen, Asier, Javier, Alexander eta Eñaut

Egungo egoera politikoaren gorabeherak direla eta, hauteskundeak gertu zeudela ikusirik, ardura politikoz beteriko ikaskide talde batek egitasmo honi ekin genion duela zenbait aste. Ezagunak genituen jada alderdi guztien hauteskunde-programak eta asmoak; nolanahi ere, gazteoi eragiten diguten gaien inguruan informazio gehiago lortu nahian, helburu zail bezain zirraragarria jarri genion geure buruari: lehendakaritzarako hautagaiak elkarrizketatu eta hautagaiekin aurrez aurre mintzatu euren gazteon inguruko politika zein den jakiteko, hau da, gazteenganako duten pentsaera eta egitasmoak ezagutzeko.

Erronka hau helburu, prestakuntzari ekin genion eta alderdi guztiekin harremanetan ipintzen saiatu ginen. Batzuen erantzunik jaso ez arren; galdera konkretu, zuzen eta aproposenak eratu genituen eta beharrezko material guztia eskuratu. Azkenean, gorabehera batzuk tarteko, zenbait alderdirekin adostu genituen elkarrizketak, eta horietara joateko prestatu ginen. Honela, hurrengo hautagaiak elkarrizketatu genituen hurrenez hurren: Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza), Iñigo Urkullu (EAJ), eta Antonio Basagoiti (PP). Ezker Batua Berdeak-eko Raquel Modubar-en idatzizko erantzunak ere jaso genituen, beste alderdiekin, berriz, ezin izan genuen elkarrizketarik hitzartu.

Elkarrizketak burutu eta handik oso gutxira hauteskundeak iritsi zirenez, ezin izan genuen lana bere osotasunean plazaratu, baina bai aurrerapen txiki bat.  Horren ostean, azken aste hauetan, lana osorik  zintzilikatzeko prestatzen egon gara: bideoa, bloga, gure joan-etorrien storifya…  Elkarrizketetatik eskuratutako informazioa antolatu eta gure ondorioak atera ditugu. Hementxe duzue bideoa ikusgai:

#U21, gazteon ikuspegia.

Pixka bat atzera eginez, onartu behar dugu hasieran norabide jakinik gabe ibili ginela, gaia nondik heldu ziurtasunez jakin gabe; halere, argi geneukan gauza bat: zer interesatzen zitzaigun. Hutsune bat ikusten genuen. Hutsune horren ertz batean, gazteok geunden; bestean, aldiz, gizartea eta politika. Gauzak horrela, hautagaiek gazteekiko izango duten politika gertutik ezagutaraztea izan da gure helburua, gai horren inguruan sarean eta euskaraz gazteok dugun informazio urria aintzat hartuta.

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gurekin egon diren lehendakarigai guztiei eta haiekin harremana erraztu diguten taldekideei. Hemen aurkezten dizuegun blog hau ibilaldi horren guztiaren fruitu izan da. Espero dugu gu bezalako gazteek gure esperientziatik zerbait ikastea. Guri dagokigunez, saiakuntza honetatik eskuratu dugun eskarmentua hurrengo batean aplikatu ahal izatea da gure nahia. Besterik gabe, hementxe uzten dizuegu gure lanaren emaitza: #U21, gazteon ikuspegia.

Taldekideak: Julen Harto, Asier Egia, Javier Valdivielso, Alexander De La Cuesta eta Eñaut Muerza.

Egin klik irudiaren gainean, bloga ikusteko: #u21, gazteon ikuspegia

Comments { 5 }

Euskaraz jolasten

Maddalen, Uxue, Garazi, Irene eta Itxaso

Gaur egun, euskarazko programak oso mugaturik daude, nagusiki haurrenak. Telebistan begiratzen hasiz gero, gaztelaniaz dauden programa anitzekin alderatuz, marrazki bizidunak baino ez ditugula euskaraz jabetuko gara. Non geratu dira garai bateko Betizu, Egin Kantu eta Ordu Txikitan bezalako telebista saioak? Umeek gero eta gutxiago goza dezakete euskal kulturaz. haiek dira etorkizuna. Hortaz, gure haurrak euskararen erabilerara bultzatuz gero, herri euskaldunagoa lortuko dugu. Zalantzarik ez dago: gure hizkuntza esparru guztietara zabaltzea onuragarria izango da guztiontzat. Hori dela eta, euskal saio bat sortzearen beharra ikusi dugu gaztetxoenak gehiago ikasteaz gain, ondo pasa dezaten, hau da, saio ludiko-pedagogiko bat ekoiztu dugu. Nagusiki haurrentzat izan arren, entretenigarria izango da baita gazte eta helduentzat ere.

Guri dagokigunez, benetan onuragarria izan da proiektu honetan parte hartzea. Telebista munduan murgildu eta teknologia berriaren erabilpenari buruz gauza asko ikasi dugu. Eduki aldetik, lehen hezkuntzako ikasleei zuzendutako lehiaketa sortzean, hizkuntza maila egokitu behar izan dugu. Erraz egin daitekeen atala badirudi ere, ordu ugari eskaini dizkiogu; izan ere, edukiak moldatzeko, euren irakasleekin harremanetan ipini behar izan baitugu behin baino gehiagotan. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu Mariam irakasleari (bere gelan lehiaketa egiten uzteagatik, besteak beste) eta Marijori (laborategian egindako esperimentuekin laguntzeagatik).

Honez gain, telesail bakoitzaren atzean, Mihiluze edo Goenkale kasu, dagoen lan guztiaz jabetu gara. Gure egitasmoa haurrei zuzendua izanik, eduki aldetik ez dugu  aparteko zailtasunik topatu, esan bezala; hala ere, bost baserritarrek aurkeztutako saio honek atal ezberdinak dituenez -leihaketak, magia saioak, eskulanak eta laborategiko esperientziak…-,  ez da guk uste bezain erraza izan. Bai alor ezberdinak jorratzeak baita muntaia egiteak ere hainbat buruhauste ekarri dizkigu: laborategian patataren eta globoaren esperientziak egiteko orduan, hainbat arazo izan ditugu eta ez dira guk nahi bezain ondo atera. Hori dela eta, birritan grabatu behar izan ditugu.

Ondorioz eta hau guztia laburbilduz, euskara bultzatzeko pauso berri bat eman dugula esan daiteke. Pauso hau gustura eman dugun arren, ez da batere erraza izan; izan ere, eskola orduez gain, makina bat lan egin behar izan dugu ikastolako orduz kanpo. Bidea oraindik luzea da, helmuga oraindik urrun dago. Garbi dago, guretzat gure proiektua hasiera besterik ez dela, urrats ugari ditugu oraindik emateke. Euskara gehiago zabal daiteke eta eginkizun hau denon esku dago. Anima zaitezte!

Euskaraz jolasten 1

 

Euskaraz jolasten 1 from Maite Goñi on Vimeo.


 

EUSKARAZ JOLASTEN 2 from Maite Goñi on Vimeo.

Maddalen, Uxue, Garazi, Irene eta Itxaso

Comments { 7 }
-->