Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

Euskara agurgarria…

Euskara agurgarria,

Gaur ere, urtero bezala, zure eguna ospatzen ari gara, nahiz eta zure egunak ez duen datarik behar, euskararen eguna egunero baita. Hala ere, aipatzekoa da azken urte hauetan izan dugun jarrera desegokia: Gipuzkoan, zure erabilera %33koa izan da; Bizkaian, %13koa; Araban, %4koa; Nafarroan, %6koa; eta Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin, %10ekoa.

Datu hauekin batera, jakitekoa da, herrialde batean bere herritarren %33k hizkuntza bat hitz egin ezean, hizkuntza horrek galtzeko aukera duela. Zure erabilpena %13koa dela ikusirik, hau da, erdira ere iristen ez denez, esan genezake datua nahiko kezkagarria dela.

Dena dela, argi izan, gu zuri laguntzeko prest gaude! Nahiz eta ez izan asko, bagaude batzuk oraindik ere zure bizitza luzaroan ikusi nahi dugunak: zu mintzatuz, entzunez, sentituz, maitatuz… Eta, beraz, hemendik aurrera zure bidea errazagoa izango delakoan gaude.

Gure herriaren hizkuntza bermatzea beharrezko ikusten dugulako, herri bat hizkuntzarik gabe gorringorik gabeko arrautza delako, denetan ederrena zarelako eta berezi sentiarazten gaituzulako, hobe esanda, euskaldun sentiarazten gaituzulako, Euskal Herrian behar zaitugu! Gora euskara! Animo eta hurren arte!

2. batxilergoko ikasleak

Comments { 11 }

Zer dakigu gure kulturaz?

Kurtso hasierako euskarako klase batean, Maitek lehenengo hiruhilekoan, taldeetan banatuta, proiektu bat egin behar genuela adierazi zigun. Gure taldea bildu bezain laster heldu zen lehenengo buruhaustea: zeri buruz egin lana? Maitek baldintza gutxi batzuk betetzeko besterik ez zigun eskatu, gaia librea zen. Baldintza horiek ziren, labur esanda: proiektuak sarean euskara zabaltzen lagundu behar zuen, eta guri euskararen inguruko zerbait berria erakutsi behar zigun. Bueltak ematen hasi eta, proiektua euskara bultzatzeko zenez, euskara eta euskal kulturari buruzko lan bat egitea bururatu zitzaigun .

Gure lanketa hiru zatitan banatu genuen. Lehenengo zatian, Ordiziako kaleetara atera ginen, bertako herritarrek gure kulturari buruz zenbat dakiten jakiteko asmoz. Horretarako, Badaki, ez daki programaren formatua erabili genuen, lana joko baten antzera hartuz. Arratsalde luze eta dibertigarri bat igarotzeaz gain, zenbait ordiziarrek gure kulturaren atal batzuk ez dituztela oso ongi menperatzen antzeman genuen. Hala ere, ohikoa den bezala, hiritar askok euskal kultura ongi ezagutzen dutela ohartu ginen.

Ezpairik gabe, euskara da euskal kulturaren ondasunik garrantzitsuena. Hortaz, gure laneko bigarren zatia euskarari eskainiko geniola erabaki genuen. Zati honetan euskaren zabalkundean lan ikaragarria egiten duten erakundeetako bat bisitatu genuen: Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegia.

Bertako zuzendaria den Jon Urdangarin elkarrizketatu genuen, euskaltegien eta euskararen egoerari buruzko zenbait berri eskuratzeko. Azkenik, bertan ikasten ari diren hainbat ikasleri ere galdera batzuk egin genizkien euskara eta euskaltegiaren inguruan.

Gure lana, berriz, ez da hor amaitu. Hirugarren zati bat ere badu, euskal kultura orokorrari lotua. Galdera sorta bat prestatu dugu zenbat dakizuen neur ezazuen. Galdera  batzuk besteak baino zailagoak izango dira, baina ziur gaude gehienak asmatuko dituzuela. Ea ba zenbat asmatzeko gai zareten!

Burututako proiektu honekin, gauza ugari egiten ikasi eta beste batzuk hobetu ditugu. Hasteko, talde lanak modu eraginkorrean egiten ikasi dugu, hau da, egin beharrekoa banatuz, denen artean erabakiak hartuz… Baina ez hori bakarrik, prestatukako elkarrizketak eta bat-batekoak nola egin ditzakegun  ikasi dugu eta  bideo muntaiak egiten hobetzeko ere balio izan digu.

Amaitzeko, ahaztu barik, eskerrak eman nahi genizkioke proiektu hau burutzea posible egin duten guztie: kalean lagundu zigutenei, Maizpideko zuzendari, irakasle eta ikasleei eta Jakintza ikastolari. Eskerrik asko denei! Proiektua zuen gustukoa izatea espero dugu. Ikus ezazue denbora galdu barik!

Josu Agirre, Aritz Insausti, Iker Nieto, Jokin Auzmendi, Ander Rivera eta Mikel Lekuona.

Comments { 4 }

#U21, gazteon ikuspegia

Julen, Asier, Javier, Alexander eta Eñaut

Egungo egoera politikoaren gorabeherak direla eta, hauteskundeak gertu zeudela ikusirik, ardura politikoz beteriko ikaskide talde batek egitasmo honi ekin genion duela zenbait aste. Ezagunak genituen jada alderdi guztien hauteskunde-programak eta asmoak; nolanahi ere, gazteoi eragiten diguten gaien inguruan informazio gehiago lortu nahian, helburu zail bezain zirraragarria jarri genion geure buruari: lehendakaritzarako hautagaiak elkarrizketatu eta hautagaiekin aurrez aurre mintzatu euren gazteon inguruko politika zein den jakiteko, hau da, gazteenganako duten pentsaera eta egitasmoak ezagutzeko.

Erronka hau helburu, prestakuntzari ekin genion eta alderdi guztiekin harremanetan ipintzen saiatu ginen. Batzuen erantzunik jaso ez arren; galdera konkretu, zuzen eta aproposenak eratu genituen eta beharrezko material guztia eskuratu. Azkenean, gorabehera batzuk tarteko, zenbait alderdirekin adostu genituen elkarrizketak, eta horietara joateko prestatu ginen. Honela, hurrengo hautagaiak elkarrizketatu genituen hurrenez hurren: Laura Mintegi (EH Bildu), Mikel Arana (Ezker Anitza), Iñigo Urkullu (EAJ), eta Antonio Basagoiti (PP). Ezker Batua Berdeak-eko Raquel Modubar-en idatzizko erantzunak ere jaso genituen, beste alderdiekin, berriz, ezin izan genuen elkarrizketarik hitzartu.

Elkarrizketak burutu eta handik oso gutxira hauteskundeak iritsi zirenez, ezin izan genuen lana bere osotasunean plazaratu, baina bai aurrerapen txiki bat.  Horren ostean, azken aste hauetan, lana osorik  zintzilikatzeko prestatzen egon gara: bideoa, bloga, gure joan-etorrien storifya…  Elkarrizketetatik eskuratutako informazioa antolatu eta gure ondorioak atera ditugu. Hementxe duzue bideoa ikusgai:

#U21, gazteon ikuspegia.

Pixka bat atzera eginez, onartu behar dugu hasieran norabide jakinik gabe ibili ginela, gaia nondik heldu ziurtasunez jakin gabe; halere, argi geneukan gauza bat: zer interesatzen zitzaigun. Hutsune bat ikusten genuen. Hutsune horren ertz batean, gazteok geunden; bestean, aldiz, gizartea eta politika. Gauzak horrela, hautagaiek gazteekiko izango duten politika gertutik ezagutaraztea izan da gure helburua, gai horren inguruan sarean eta euskaraz gazteok dugun informazio urria aintzat hartuta.

Amaitzeko, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gurekin egon diren lehendakarigai guztiei eta haiekin harremana erraztu diguten taldekideei. Hemen aurkezten dizuegun blog hau ibilaldi horren guztiaren fruitu izan da. Espero dugu gu bezalako gazteek gure esperientziatik zerbait ikastea. Guri dagokigunez, saiakuntza honetatik eskuratu dugun eskarmentua hurrengo batean aplikatu ahal izatea da gure nahia. Besterik gabe, hementxe uzten dizuegu gure lanaren emaitza: #U21, gazteon ikuspegia.

Taldekideak: Julen Harto, Asier Egia, Javier Valdivielso, Alexander De La Cuesta eta Eñaut Muerza.

Egin klik irudiaren gainean, bloga ikusteko: #u21, gazteon ikuspegia

Comments { 5 }
-->