Archive | euskaljakintza

RSS feed for this section

ASKE

Arratsalde on, adiskideok. Edo egunon. Edo gabon. Egokitu bitez lerrook norberaren egoerara.

Esertzearen esertzeaz pintura urdina erabat galdu duen Donostiako tren geltokiko metalezko banku honetan, trenaren zain, nagoela, burutik pasatzen zaidan oro idaztea otu zait. Hortaz, koadernoa hartu, eta orri zuri eta huts bat betetzeari ekin diot, gogoetez betetzeari, alegia. Ea burua galdu dudan? Ez nuke erantzuten jakingo. Izan ere, inoiz baino aktiboago egon da ene burua azken egunotan. Baita zuen guztiona ere. Dakidan gauza bakarra zera da: selektibitatea bukatu dela, eta selektibitatearekin, bizitza honen etapetariko bat. Hamazortzi urte bete dizkidan etapa bat. Jabetzen al zarete horrek suposatzen duenaz? Ez nago erabat ziur, baina Nietzscheren nihilismoaren antzeko zerbait dela esango nuke. Baina ez Jainkoaren heriotzaren ondorio, noski, ikastola amaitzearen ondorio baizik.

Trena heltzear dago oraindik. Ordulariari begiratzen diot etengabe. 16:58. Zazpi minutu ditut oraindik. Zenbait neska nire alboko zoru zikinean eseri dira, aurretik ondoan nuen eta bere portatilaren pantailatik begirik kentzen ez duen negozio gizona kontuan hartu gabe. Nesketariko batek kimikako apunteak atera ditu. Taula periodiko bat bereizi ahal izan dut orri mordo zimurtuaren artetik.

Harrigarria da momentuko gauzak, bizipenak, sentsazioak… gertatu ahala idaztearen sentsazioa. Gure Nietzsche maiteak ere hala egiten omen zuen. Kuestioa da neskatila beltzaran bat builaka aditu dudala andenaren aurkako aldean. Mutil bat du atzetik, motorrean ibiltzeko moduko kasko bat buruan duela. Azken hau builaka hasi zaio neskari, biraoka beharbada, ez baitut hitzak garbitasunez bereizterik izan. Neskak eskailera batzuetan gora egin du, trenbidea gainetik zeharkatzen duen zubira ematen duten eskaileretan gora. Mutilak biraoka jarraitu du, neskaren atzetik, azken honen negar-zotinen gainetik nabarmendu nahian bezala. Ez dut deusik ulertu, ez hitzei eta ezta gertatutakoari berari dagokionean ere. Alde batera nahiz bestera begiratzean, guztiak gertakariari so aurkitu ditut, alboko enpresaria izan ezik. Baina hor ez da guztia amaitu. Derrepentean, neskak zubiko eskutokiaren gainetik salto egiteko imintzioa egin du; oin bat barretariko baten gainean pausatu eta bere gorputzari gorantz eragin dio…

Aitzitik, hor zegoen mutila zentzugabekeria oro (edo batek daki zer) saihesteko. Azkenean, guztia ustekabe txiki bat baino ez da izan. Hori iruditu zaigu geltokiko guztioi, bederen.

Askok ez du gertaturikoa sinestuko. Izan ere, nola idatzi hau guztia segundo gutxi batzuk baino iraun ez dituen une ziztrin batean? Kuestioa da trena jada iritsi dela, eserleku bakun bat hartzearekin konformatu behar izan dudala eta Ordiziara bidean nagoela. Baina utz ditzagun zirkunstantzien (Ortega, zu ere gogoan zaitugu) deskribapenak alde batera, horrelakorik azaltzea ez baita zehatz-mehatz artikulu honen helburua.

Selektibitatea amaitu da. Bai, berriro ere errepikatuko dut, badaezpada ere: selektibitatea amaitu da, 2006koa. Etapa baten amaiera. Ez al duzue ezer berezirik sentitzen? Bigarren aldiz jaiotzearen antzeko zerbait dela esango nuke. “(…) gizakiak, balio absolutua ete lege moral objektiboa hondatzean, galduta, desorientatuta ikusten du bere burua (…)” Zer dator honen ostean, lagunok? Jarrera positiboa ala negatiboa izango da hartuko duguna? Galdera honen erantzuna argi eta garbi dakigu denok, helburu bat izateak soilik galdera horri erantzuten baitio. Eta guztiok (hori uste dut, behintzat) zehaztu baititugu jada gure helburuak. Batzuek besteek baino gehixeago, baina guztiok.

Azkenaldian askoren eta askoren hitzetan ikastolaren gaitzespena sumatu dudala ezin dut ukatu. Hitz hauek ez naute bereziki mintzen, ez pentsa horrelakorik, baina pertsonalki ez nioke hainbeste urtetan zehar elkarturik mantendu gaituen ikastolari errurik botako. Leku berean urte asko izan direla? Hori onar daiteke neurri batean. Dena den, nik ez dut inoiz horrenbesterainoko zama sentitu. Ezta nire 10 kg-ko motxila bizkarrean eramatean ere. Zergatik? Beharbada, une bakoitzari bere etekina ateratzen asmatu dudalako, edota gai desberdinak ahalik eta interes handienaz lantzen saiatu naizelako. Batek daki zergatik. Halere, aipaturiko jarrera ezkorra erakusten duzuenoi ez nizueke unibertsitate, modulu nahiz beste edozein ikasketa ikuspuntu beretik abiaraztea gomendatuko. Sormen askea garatzea ezinbestekoa da hemendik aurrera; orainaldiko ekintza oro etorkizunera bideratu eta bizitzeko, garatzeko, hobetzeko (ez gaizki ulertu!) grina azaltzeko unea heldu da. Edo laster helduko da. Bai, laster. Etapa berri baten hasierak erreakzio bat eskatzen du, horrelakorik gabe etapa berri oro gauzaezina izango baita. Jarraian datorkigun hiruzpalau hilabeteko nihilismo galdu baina, inondik inora, “arinaren” ostean (laster), bizitzaren etapa berri horri gogoz eta ilusioz ekitearen garrantziaz ohar zaitezten baino ez dut nahi. Hori esanda geratzen da; norbaiten erreflexioa bultzatu eta lagungarri gertatzen bazaio, nahikotzat jotzen dut ene burua.

Azken hitzok testuaren izenburuarekin bat ez datozela pentsatuko duzue askok eta askok. Dena den, izenburuak zirkunstantzia puntual honi erreferentzia egiten diola aipatu beharra dago. Azken finean, guztiok une honetan sentitzen duguna islatzea baino ez da nire helburua. Nihilismo arraro hau nolabait deskribatzea.

Gure bideak banantzeko unea heldu da, lagunok. Batzuk gure ikasketak hemen inguruan burutzeko aukera izango dugu, beste batzuk etxetik urrunxeago mugitu beharko dira, eta agian egongo da Euskal Herritik kanpo ikasiko duenik ere. Zorte on guztioi. Ortegak esango zukeen bezalaxe, urte hauek guztiak ez lirateke zuek gabe gauza bera izango. Hobeak edo okerragoak, baina, zalantzarik gabe, desberdinak. Ni, dena den, oso gustura sentitzen naiz zuen ondoan bizi izandako guztiarekin. Polita izan da bizitzaren etapa hau. Batzuei agur esan behar izan diegu, beste batzuei ongi etorri. Eta, noski, honetan guztian ikasle nola irakasleak sartzen dira.

Ez nuke txepelkerietan erori nahi, ziur jada bat baino gehiago nardatuta sentituko dela (honaino irakurri duenak irakurtzeari orain utziko ez diola bezain ziur). Halere, “familiatasun” hau inoiz sentitu ez duela esaten duenari ez nioke sinetsiko. Noski, bizitza ez da beti marrubi zaporekoa, guztiok bizi behar izan baititugu une latzak behin baino gehiagotan. Dena den, urte hauek atseginez gogoratuko ditudala ziur nago. Beharbada ez nuke artikulu hau publikatzeko idatzi beharko, nire burua “askatzeko” modu gisa baizik. Alabaina, zuen buruetan jira-biraka, zuen erreflexio-gai gisa, nire gau-mahaiko kaxoian baino lan egokiagoa gauzatzen duela ziur nago.

Banantzeko ordua heldu da, baina elkar ikusiko dugu beti parrandetan, herrian bertan edo batek daki non. Beharbada kanpotik ere helduko zaizkigu haren edo beste haren inguruko albisteak. Etorkizuna gizakiak duen inkognitarik irrikagarriena da. Momentuan ireki ezin dezakeen oparia. Gaur zuen eskuetan jartzen dudan hau, denboraldi baten buruan ireki ahal izango dugu guztiok. Bien bitartean,

Betira arte, adiskideok.

Xabier A.

Comments { 8 }

GURE ISTORIOAK!

LIBURUZAINA DA GILTZA

Ez dut giltzarik erabili. Ez da zuek uste duzuena. Dena argitu dezaket. Irekita zegoenean sartu eta gero han geratu naiz, zain, denek alde egin arte. Zenbat ordu daramatzat hemen? Hiru bakarrik? Gehiago esango nuen. Hasieran han, bulegoan bertan, saiatu naiz kontuak argitzen. Altu asko esan diet nire bila bidali dituzuenei ni ez naizela espioia, ezta lapurra ere. Ni liburutegiko bazkide arrunt bat naizela. Bai, liburutegikoa. Askotan joaten naiz. Galdetu bestela liburuzain egoten den emakume petral horri. Bai. Berari. Apustu egingo nuke, oraintxe bururatu zait, baina apustu egingo nuke berak esan dizuela susmagarria naizela. Ikusten? Hari dena susmagarria iruditzen zaio! “Obabakoak” nire aurretik nork hartu zuen galdetu nionean bezala. Ze aurpegi jarri zidan ikusi izan bazenute! Ez. Baina zerikusia badu honekin. Bai. Orduan hasi baitzen istorio hau dena.
(Arantxa Iturbe, idazlea)

Ezaguna egiten zaizue goiko pasartea, ezta? Bada, asteburu osoa ikasten pasatuko zenutenez 🙂 , oparitxo batekin natorkizue. Izan ere, ondo baino hobeto etorriko baitzaizue eten bat egin eta pixka bat deskantsatzea! Beraz, utzi egiten ari zaretena eta irakurri zuek ekoiztutako istorioak, kostata (e, Ibai?) baina, azkenean, hementxe dituzue eta!

Aitortu beharrean nago izugarri gustatu zaizkidala bakoitzaren ukitu bereziak ikaragarri aberastu baitu gela bakoitzeko narrazioa. Irudimena eta gogoa, behintzat, ez zaizue falta! Gainera, denak epe barruan…ZORIONAK bene-benetan! Ez legoke gaizki euskaljakintzatik idazle ospetsuren bat ateratzea, ezta?

Ea, bada, klikatu ondorengo laukitxoetan kontakizunak osorik irakurtzeko eta eman bukatzerakoan zuen iritzia. Zein izan duzue gustukoen? Zein pasarte iruditu zaizue interesgarrien?

Klikatu 2Akoek idatzitako istorioa irakurtzeko Klikatu 2Bkoek idatzitako istorioa irakurtzeko
zuen jakin-mina erabat asetzeko, hementxe duzue Arantxa Iturbek hasiera horri eman zion jarraipena!

Comments { 0 }

LURRERATZEA

Herritik kanpo urte batzuk pasa ditugunon ahotan maiz dabil hitz hau dantzan. Horixe da hitza, urtetan ezer aldatu ez eta, era berean, osorik aldatu den errealitatearekin talka egitea. Urrutitik bizi izan duzun herrian lur hartzea. Errealitatearekin tupust egitea. Zergatik, baina, danbatekoa? Ba ezer aldatu ez eta dena desberdina delako, zuk berdin jarraitzen duzulako eta, era berean, desberdina zarelako.

Lurreratze prozesu honetan argi ikusten ari naiz herria ez dela internetez iristen zaizkizun albisteen bidez ezagutzen. Herri, bailara bateko gizartea egunerokotasunean ezagutzen da, astean zehar tabernak hutsik nola dauden ikustean, asteburuko parranda desfasatuen testigu zarenean, eskiatzen ez baduzu ere denboraldia noiz hasi eta bukatzen den jakiten duzunean. Paperetan txukun-txukun esplikatzen dizkiguten inkestek herritarron kezkei buruz informatzen gaituzte: etxebizitza, langabezia,… Ni bizi izan naizen herrialdeetan ere halaxe zen, toki guztietan berdintsu nioen nire artean. Zergatik, orduan, danbateko hau? Galdera gaizki bideratua neukalako agian. Herritarron pentsaera eta honek dakarren eguneroko ekintza ez du bere buruhausteak baldintzatzen, kezka horren aurrean hautatzen duen bideak baizik. Zein bide hautatu du babes ofizialeko etxebizitzetarako zerrendan dagoen 20 urteko ikasleak, lanean hasi eta 3-4 kiloko autoa erosi duen gazteak, 40 kiloko etxea eskuratu berri duen bikoteak edo pisu hori erosteko abala eman duen gurasoak? Zein da goierritarrok hautatu dugun bidea?

Lurreratze prozesuan daramadan urte honek kasu gehienetan eman didan erantzuna bakarra izan da: banakotasun edo indibidualitatea. Nire kezkak aldamenean dudanaren berdinak badira ere, nire bidea egin behar dut, eta nire bidea aldamenekoaren desberdina da. Arazo eta buruhauste hauei aurre egiteko dudan ahalmena aldamenekoaren desberdina da.

Granadako irakasle batek esaten zigunez, filosofo guztiak baieztapen bakarrean daude ados: gizakion azken nahia zoriontasuna da. Ibiltze horri jartzen diogun helmuga, beraz, beti berdina da. Bideak hamaika direla jakin badakidan arren, inguruko elkarrizketa eta ekintzek bakarrerantz naramate. Gogoetak asko, horiek espresatzeko hitzak gutxi eta ekintzak are gutxiago. Honexegatik, beste bide horiek ireki eta jorratzen ahalegintzen direnei, hala nola Ordiziako eta Beasaingo gaztetxeak edo Eskarabillako jaien batzordea, nire errespetu eta estimu guztia.

Comments { 0 }
-->