Warning: Creating default object from empty value in /home/berria/berria.euskaljakintza.com/wp-content/themes/canvas/functions/admin-hooks.php on line 160
Tag Archives | medikuntza

3D inprimagailua, XXI. mendeko arma ekoizle berria?

3D inprimagailua (Wikimedia Commons)

3D inprimagailua (Wikimedia Commons)

Orain dela zenbait egun, interneten nenbilela, albiste batek nire atentzioa erakarri zuen eta txarrerako gainera. Albistearen izenburua irakurtzea nahikoa izan zen ni asaldatzeko; izan ere, ikasle batek arma bat sortu zuen 3D inprimagailua erabiliz. Gertakariaren mamia irakurtzeak benetako buruhaustea sortu zidan eta nire alde kritikoa martxan jarri nuen denoi nire kezka zabaltzeko helburuarekin. Beharbada buruari birak emango dizkiozue nire kezka zertan oinarritzen den asmatu ahal izateko edo baliteke ez ulertzea zergatik aukeratu dudan gai hau artikulua idazteko, baina testu honen azkeneko lerroak irakurtzerako nire ezinegona ulertuko duzuelakoan nago.

Hasi baino lehen, gaiaren inguruan zenbait datu eskuratzeko asmoz, informazio iturri batzuk arakatu nituen eta nire larritasunak okerrera egin zuen; izan ere, hainbat gaztek ikasle honen pausoak jarraituz, iskilu berriak sortu baitzituzten. Hau guztia ikusita, badirudi XXI. mendeko gazteriaren artean denbora-pasa berria bihurtu dela; bestetik, ziur nago gaur egun eskaintzen diren aukera berriekin eta horiek eskuratzeko dauden erraztasunekin egoerak okerrera egingo duela. Lehengo hariari jarraituz, 3D inprimagailuen salneurria nabarmen jaitsi da eta horrek tresna honetan interesa dutenen kopurua handitzea ekar dezake; izan ere, Media Markt-en 500 eurotan topa dezakegu modelo arrunt bat eta online dendetan 1300 euroko eredu konplexuagoak aurki daitezke. Era berean, armak egiteko beharrezkoak diren materialak oso sinpleak dira eta prezio merkean aurki daitezke interneten ez ezik, informatikan espezializatuta dauden saltokietan ere.

Beste alde batetik, gaur egungo gerretan parte hartzen duten herrialdeek metodo hau erabil dezakete guduetarako beraien armamentua handitzeko. Honek sekulako abantailak ekar diezazkieke soldaduei; batetik, arma gehiago eduki ditzakete epe laburragoan eta, bestetik, armetan diru gutxiago gasta dezakete. Hala eta guztiz ere, egoera honek arriskuan jartzen gaitu, kontrolik gabeko armen produkzioari bidea ematen baitio. Horrez gain, armak plastikoz eginda daudenez, aireportuetan eta beste zenbait tokitan egiten diren segurtasun kontroletan ezin dira antzeman. Hortaz, nork ziurtatzen digu gure aldamenean eserita doanak ez daramala iskilurik? Eta armak egin dituenak haiek sortzeko planoak sarean jartzen baditu, gutako zenbatek jarraituko genituzke ikasle horren urratsak?

Egia da inprimagailu hauen erabilera egokiak onura ugari ekar diezazkiokeela gizarteari. Adibidez, tresna honi esker egindako protesiek gorputz adarren bat ez dutenei lehen egin ezin zituzten jarduerak egiteko ahalmena eman die eta, horrez gain, organoak hondatuta dituzten gaixoei bizi hobea eskaini die. Hori guztia ikusita, baliteke jendeak armak egiteko ideia hau alde batera uztea eta zuzen jokatzea; hala eta guztiz ere, gizakiok jaiotzez besteek egiten dutena imitatzeko joera dugu eta, adrenalinak bultzatuta, arriskutsuak eta legearekin bat ez datozen gauzak egiteko irrika pizten zaigu; beraz, armak egiten dituzten gazteen kasu gehiago ikusiko ditugu seguruenik.

Aurreko guztia laburbilduz, esan daiteke 3D inprimagailua tresna baliotsua eta oso erabilgarria izan daitekeela bide zuzena jarraituz erabiliz gero. Ondorioz, armen ekoizpenean zure harri-koskorra ekarri baino lehen, pentsa ezazu zure ekintzek gizartean izan dezaketen eraginean. Hitz gutxitan esanda: zentzutasunez jokatu, dibertsioaren benetako esanahia kontuan hartuz.

Gaiaren inguruan sakondu nahi izanez gero, ikusi bideo hau ingelesez [3D Printed Guns (Documentary)] edo ondorengo hau:

Comments { 0 }

Hurrengo eguneko pilula, konponbide ala arazo?

Denok entzun dugu hurrengo eguneko pilula oso maiz kontsumitzea txarra dela, baina benetan ez diogu inoiz garrantzi handirik eman. Duela hilabete batzuk, El Diario Vasco-ko artikulu batean 23 urteko emakume bati jazo zitzaion gertaera tamalgarria irakurri ondoren, benetan ez dela txantxetan hartzeko ezer konturatu eta horri buruz idaztea erabaki nuen.

Gaiaren haria jarraitzeko, 23 urteko neska gazte batek garun-infartu bat pairatu zuen. Madrilgo ospitale batean ari dira kasua aztertzen eta askok diote hurrengo eguneko pilularen ondorioz jasan zuela infartu hau. Hala ere, badago susmo txiki bat gaixoak jasaten zituen migrainen ondorioz izan zela. Beraz, kasu honek sortutako buruhaustearen ondorioz eginiko gogoetarekin jarraituko dugu, nahiz eta oso garbi ez izan albo-ondoriorik baduen.

Benetan egokia dela iruditzen zaizue pilula hau antisorgailu bezala erabiltzea? Egia bada inongo albo-ondoriorik ez duela eta honen gehiegizko kontsumoa ez dela desegokia, zergatik ez erabili, orduan, antisorgailu moduan? Lehen aipaturiko gertaera tamalgarri horretan, oraindik ere ez dute erabat ziurtatu, baina, teoria moduan, pilula honen ondorioz neska gazte honek ictus bat jasan duen aztertzen ari dira. Dena den, ez dute baztertu beste hainbat kausa.

Egia da larrialdiko une batean, haurdun gaudela uste dugunean, pilula honek estuasun batetik atera gaitzaikeela; baina, nire uste apalean, kontuan izan beharko genuke, behin eta berriz erabiltzekotan,  ustezko albo-ondorio hauek: goragaleak, bertigoa, nekea, bularretako mina eta hilekoaren gorabeherak…

Gogoeta honi amaiera emateko, zera esango nuke: nahiz eta hainbat eta hainbat emakumek pilula hau antisorgailu modura erabili eta ezer ez gertatu edota nahiz eta horren ondorioz inongo albo-ondoriorik ez duela pentsatu, zer gertatuko litzateke kontrakoa gertatuko balitz?  Eta kontu pixka batekin erabiliko bagenu?

Comments { 1 }

Alternatibo ala iruzur?

Mi power balance (Al fondo a la derecha, CC)

“Bizitza heriotzara garamatzan gaixotasuna da” esan zuen behinola norbaitek (uste dut Kierkegaard filosofo danimarkarra izan zela). Arrazoi zuen, izan ere, jaiotzen garen unetik dugu denok heriotzara iristeko zoria. Bizitzako legeei gaixotasunek lagundu badie ere, giza jakinduriak naturari kontra egiteko tresna sortu du: medikuntza.

Hasieran, esperientzian oinarritzen zen sendagileen lana: noizbait norbaiti balio izan zion sistemaren bat aplikatzen zitzaion edozein gaixori. Pixkanaka-pixkanaka, esperientzia hori nagusituz joan ahala, medikuntza metodo zientifikoan oinarritzen hasi zen matematika, biologia, fisika eta kimikaren laguntzaz. Eta estatistikari esker, botiken benetako eragin onak zein kaltegarriak neurtzea lortu da.

Hamaika froga eta erremedio erabiltzen dira, egun, gaixotasunak antzeman eta eri bakoitzarentzako egokia den tratamendua aurkitzeko. Erremedio horiek lortzeko prozesuak denbora eta baliabide handiez gain, diru kopuru izugarriak ere eskatzen ditu. Ondorioz, gizateriaren zati pribilegiatu batek dugu medikuntza modernoa jasotzeko aukera. Tamalez, gehienek lehengo erremedio eta sinesmenetara jo behar izaten dute, behar hainbat baliabide ez dituztelako.

Hala ere, medikuntzak ez du lortu gaixotasun guztientzako konponbidea eta gure gizartean ere asko dira, bai mesfidantzak bai etsipenak bultzatuta, “medikuntza” alternatiboetara jotzen dutenak: homeopatia, iridiologia, mediumak, astrologia, terapia kiropraktikoa, akupuntura, iman bidezko eskumuturrekoak… Mota, kolore eta forma askotako tramankulu, botika eta terapiak.

Sinesmenak eta iruzur horien ustezko albo-ondorio ezak bultzatuta, oso arriskutsu bihur daitezkeen kontsolamenduetara errazegi jotzen dute zenbaitek. Apendizitisak eragindako tripako mina sendatzeko homeopatiara jotzen duenak, esaterako, aukera guztiak ditu larrialdi zerbitzuetara beranduegi iristeko.

Kontuak kontu, ziur nago, gizarteak kontzientzia hartzen ez duen bitartean, sasimedikuntzak edozein produktu sortzen jarraituko duela, gizartea etengabeko engainuetan eroraraziz. Gizartea gaitz honetatik babesteko hezkuntza eta jakinduriaren txertoak erabakigarriak izango dira.

Informazio gehigarria:

Duela egun batzuk Edzard Ernst eta Simon Singhek idatzitako Trick or treatment? Alternative medicine on trial (Sendabide ala iruzurbide? Medikuntza alternatiboa proban) liburuaren euskal bertsioa argitaratu du Elhuyarrek. Medikuntza alternatiboaren inguruan egia bilatu eta plazaratzen duen liburua da honako hau, gaiarekiko interesa edo zalantzaren bat duenarentzat guztiz gomendagarria.
Helbide honetan medikuntza ikasten ari diren ikasle batzuk homeopatiaren oinarriak zalantzan jartzen dituzte.

YouTube kanalean 2001. urteko hitzaldi batean James Randik homeopatiari buruz esandakoa duzue honako hau:

Comments { 2 }
-->