Archive | abuztua, 2005

HAUTAPROBAK

06-07 ikasturtea

EUSKARA


Ariketa zuzentzeko IRIZPIDEAK


1. AZTERKETAK BI ATAL NAGUSI DITU:


a) ULERMENA (6 p.):


  • Ulermenean, batetik edukiari buruzko galderakegiten dira. Erantzunetatik testua ulertu dela aditzera ematen bada, puntuazio gorena emango zaio galdera bakoitzean.Bost galdera direnez, bakoitzari 0,4 puntu dagozkio. Hemen ez da begiratuko erantzuna gramatikaren aldetik zuzena den, ikasleak testua ulertu duen baizik.

  • Bestalde, testuaren laburpen txiki bat egiteko eskatzen da eta gaia zein den esateko. Lan hori txukun egiten bada (ideia funtsezkoak emanaz eta testuaren nondik norakoez jabetu dela erakutsiz), beste bi puntu emango zaizkio, gramatika oker nabarmenik ez bada behintzat.
  • Esaldi erraz batzuk berridazteko ere eskatzen zaio ikasleari. Ongi erantzuteak esanahi du testuko esaldiak eta honen ordainak adiera bera izan behar dutela. Eta, horretarako, parentesi artean ematen den hitza edo hitzak bere horretan jarri behar direla, behar izanez gero, atzizkiren bat edo aurrizkiren bat erantsiz, baina ez gehiago. Esaterako, adizki bat ematen bada, adizki hori bere horretan gordeko da. Eskatzen diren ordainak ongi emanez gero, beste bi puntu emango zaizkio ikasleari.


b) IDAZLANA(4 p.):


  • Idazlanagatik beste 4 puntu jasoko ditu ikasleak. Horretarako, proposatzen den gaiari eutsi behar dio eta ez beste bati, adibidez. Hizkuntza zuzentasunaz gainera, aberastasuna ere kontuan hartuko da, bai joskeran bai hiztegian. Ideiak elkarrekin behar bezala josiak, testu koherente batean, argi eta zuzen idatziz gero, puntuazio gorena emango zaio ikasleari. Argudioak eman behar direnean, argudiatzeko modua nolakoa den ere kontuan hartuko da.

2. FROGAREN EZAUGARRIAK:


  •  Luzera: 400 hitz inguruko testu bat emango da aztertzeko.

  •  Azterketa egiteko denbora: Azterketa egiteko 90 minutu izango dute ikasleek.

  •  Testu motak: Testuak argudio-testuak, azalpenak, narrazioak edo deskribapenak izango dira. Kazetaritzazkoak gehienbat, baina zientzia arlokoak edo literarioak ere izan daitezke. Euskara batuan idatziak eta erregistro jasokoak izango dira. Behar denean, hiztegiari buruzko zenbait azalpen emango da oinohar gisa.

 3. GALDERAK:


Bi zati izango ditu ariketak: bata ulermenezkoa eta bestea adierazpenezkoa.


· Ulermena:


  • Testuaren laburpena egitea (6-8 lerrotan) eta ideia nagusia (esaldi labur batean) ematea eskatuko da. (2 p.) Iruzkin kritikoetan ohi denez, ikasleak bere hitz propioakerabili behar ditu eta ez du balio testuko esaldiak osorik eta besterik gabe jasotzeak.

  • Testuaren ulermena ziurtatuko duten zenbait galdera egingo dira (2 p.) Erantzun hauetan izan ezik, beste guztietan idatziaren zuzentasuna kontuan hartuko da, bai ortografiari dagokionez, bai morfologiari, sintaxiari edo lexikoari dagokionez.

  • Esaldiak berridatzi edo hitz batzuen sinonimoak eman edo adiera azaldu. (2 p.) Testuko zenbait esaldi edo hitz beste modu batera ematea da hemen eskatuko litzatekeena.


· Idazlana:


  • Testuko gaiaren inguruan idazlan bat egitea eskatzen da hemen. Idazlan hau argudiatze motakoa izan daiteke edo deskribapen bat nahiz narrazio labur bat.

ARGUDIO TESTUA IDAZTEKO AHOLKUAK: (urtean zehar emandako apunteak errepasatzea komenigarria litzateke, dena den, laburpena hementxe doa)


Hiru atal nagusi ditu argudio testu batek:


1. SARRERA: eztabaidaren aurkezpena egiten da bertan. Batzuetan defendatu nahi den tesiaren aipamena ere egiten da. Atal honek 1go paragrafoa hartzen du eta, Ondorioa paragrafoarekin batera, testuko atalik laburrena da (150 hitzeko testu batean, 3-4 lerro).


a. Gaia testuinguru historiko batean koka daiteke
b. Gaira hurbiltzeko norberari gertatutakoa erabil daiteke
c. Galdera erretorikoaren bidez irakurlea gaian sar daiteke
d. Egungo egoera azpimarra daiteke


Atal hau idazterakoan erabil daitezkeen esaldi topiko zenbait (oso lagungarri gertatuko zaizkizue):

1. Gaurkotasun/interes handia du gai honek, izan ere…
2. Orain dela … urte … . Gaur egun, berriz,…
3. Askoren ustez,…da. Hala ote da benetan?
4. Azaletik/sakonki ezagutzen dut gai hau, urrunetik/hurbiletik ezagutzen dut eta.


Ez ahaztu SARRERATIK GARAPENERA: galdera erretorikoez gainera, sarreraren eta hurrengo paragrafoen arteko jauzia egiteko, lotura bat erabiltzen da gehienetan. Sarreraren azken esaldia izaten da, hau da sarrera ixten duen nolabaiteko lotura esaldia da. Hona hemen adibide batzuk:


e. Gaia jorratzeko, honako puntuak erabiliko ditugu.
f. Gai hau aztertzerakoan, honako puntuak hartuko ditugu kontuan.
g. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.
h. Baina gatozen harira.


2. GARAPENA: argudio testuaren muina da atal hau. Bertan biltzen dira artikulugilearen hipotesiak, jarrerak…; bere ideiak defendatzeko erabiltzen dituen arrazoi guztiak, alegia. Baina, kontuz!, hierarkia baten arabera antolatu behar dira argudioak. Paragrafo bakoitza argudio baten inguruan antolatuta dago, eta ideia eta argudio bakoitzak paragrafo bat hartzen du.


a. HAINBAT ARGUDIAKETA MOTA:


i. Autoritate argudioa: pertsona, elkarte edota erakunde baten iritzia erabiliz, idatziaren tesia sendotzeko erabili ohi dugu argudiatze modu hau. (Munduko zientzialari jakintsuenek diotenez,…)


ii. Irakurlea eta idazlea talde bereko: idazleak bere pentsaera beste askorena dela agertzen du. Pluraleko lehen pertsona, gu, azpimarratzen da argudiatze mota honetan. (Motorzaleok badakigu kaskoa beharrezkoa dugula…)


iii. Adibide bidezkoa: iritziak argiago, ulergarriago eta, aldi berean, pisu handiagoko egiten dituen argudiatzea dugu hau. (Esate baterako, zein gurasok mugatzen du telebista aurreko egonaldia?)


iv. Tesien kontrajarpena: norbere eta besteen tesiak eztabaidatuz, arrazoizko tesi bat proposatu bukaeran. (Telebista bidez ez omen da ezer ikasten, baina egia da dokumental ederrak ere ematen dituztela)  Oso garrantzitsua!!!


b. TESTUAREN BATASUNA: Testuak barne lotura izateko, elementu hauek erabiliko ditugu: ANTOLATZAILEAK (lokailu-juntagailuak) eta ERREFERENTZIA BALIABIDEAK.


i. ANTOLATZAILEAK: testua eta arrazonamenduaren haria bideratzen dute. Aukera zabala bada ere, guk, argitze aldera, batzuk baizik ez dizkizuegu emango: ANTOLATZAILEEN ZERRENDA .

ii. ERREFERENTZIA BALIABIDEAK: testuan agertutako elementu bat beste era batera aipatzeko moduak dira. Besteak beste, hauek izan daitezke:


1. Ordezkapena: zerbait modu ezberdinez aipatzea. Ordezkapenaren bidez, elementu bat behin eta berriro ez errepikatzea lortzen dugu.

2. Pronominalizazioa: izenordain (hau, hura, bera hauek…) eta aditzondoenak (gehienbat aurretik aipatutako lekuren bati egiten dio erreferentzia -han, bertan…- bereiziko ditugu.


3. KONKLUSIO ETA ONDORIOAK: argudio testuaren azkeneko paragrafoa hartzen du. Atal honek bi helburu ditu funtsean: batetik, testuan zehar garatutako ideia nagusia(k) laburbildu, eta, bestetik, ondorio batzuk atera.


i. Erabil daitezkeen zenbait lokailu-juntagailu: beraz, hortaz, aurreko guztia laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke, amaitzeko…


4. AZKEN AHOLKUAK:


  • Tintaz idatzi eta letra ulergarria egin
  • Marjinak eta paragrafo arteko zuriuneak zaindu
  • Ortografia zaindu
  • Idatzitakoa errepasatu
  • Ondo irakurri galderak eta eskakizunak
  • Argudioa testua egiteko aholkuak (baldin eta mota honetako testua egiteko aukera badago, noski!):
  • Ondo pentsatu idazten hasi aurretik
  • Eskematxoa egin argudioekin
  • Hiru atal hauek izango ditu:
    • Sarrera: gaiaren aurkezpen laburra eta garapenarekin lotuko duen esaldia.
    • Garapena: argudiatzea (lokailu-juntagailuak, erreferentzi baliabideak…). Ideia baten aldeko eta kontrako arrazoien eztabaida.
    • Konklusioa edo ondorioak: ideia nagusien laburbilketa eta ondorioak atera. Norbere iritzia ere gehitu daiteke, edo irakurlearen arreta piztu galdera erretoriko baten bidez.

    • Paragrafoak. Atalak paragrafotan bereiziko dira: paragrafo bakoitza ideia baten inguruan antolatuko da; ideia batek osatuko du paragrafo bakoitza. Testuaren eta paragrafoen arteko batasuna zaintzeko, unitatean zehar erabilitako testu-antolatzaileak hautatuko dira.

    • Lokailu-juntagailuak. Ideiak aurkezteko, gehitzeko, kontrako arrazoiak emateko edota ondorioak ateratzeko unitatean landutako lokailuez baliatuko zara: lehenik eta behin; beste aldetik; gainera; adibidez; azkenik; beraz…
     

    Comments { 0 }

    SUITZAKO JAK-A

         Tibertarrek jak izena eman zioten Calude Marthaler bizikletazale suitzarrari, ile oso luzea zuelako, hautsez beteta zebilelako, eta jak baten gisara mugitzen zelako, kulunkan. Marthalerrek zazpi urte eman zituen munduko bideetan barna, Europatik Asiara, handik Ameriketara, gero Afrikara, eta buelta.

         Claude Marthaler 1994ko martxoaren 12an abiatu zen, Suitzatik. Bere lehen asmoa Japoniara iristea zen. Bi urte geroago Sobiet Batasuna zenekoan bakarrik bidaiatu zutenen lehen europarretako bat izan zen. Urte hartako negu gorria Kirgiztar Errepublikan barrena eman zuen. Gero, Zetazko ibilbidea hartu zuen, hegoaldetik, Taklamakandik. Tibeteko goi ordokietatik ibili zen gero, eta, zenbaitzuetan, 5.000 metro baino gehiagoko mendateak igaro zituen.

         Japoniara iritsi zen, bai, baina ez zuen bidaia bukatutzat eman, eta Alaskara joan zen 1997an. Ozeano Artikoraino ibili zen, eta handik hegoalderantz, AEBetako mendateetatik eta Andeetatik. 1999ko martxoan, Ushuaiara iritsi zen. Baina orduan ere, ez zuen etxerako biderik zuzenena hartu, eta Afrikara joan zen. Hala, Lurmutur Hiritik iparraldera jo zuen. Gerra garaian, Kongo zeharkatu zuen, zailtasun handiz egin ere, eta Saharako basamortua Mauritaniatik igaro zuen. Azkenik, 2001eko ekainean, Suitzara iritsi zen. 122.000 kilometro. 60 herri. Lau kontinente. Zazpi urte.

         Zazpi urteko bidaian, jendeak gauza asko eman zizkion Marthalerri: janaria, ostatua, laguntasuna… “Eta jasotzen duzunaren zati txiki bat bertzerik ez duzu ematen” adierazten du berak. “Horregatik, zazpi urte bizikleta gainean eman eta gero, ezin duzu bakarrik kilometroez eta martxurez hitz egin. jendeari hitza eman behar zaio, munduko bizimodu oso desberdinen berri eman behar da”. Marthalerren ustez, munduaren aurpegi gogorra eman ohi da, baina berak aurpegi “atseginagoa” ikusi du, “pertsona arrunten eguneroko bizitza”. (Asier Azpilikueta).

    Jak= Asiako mendietan bizi den bufaloaren antzeko abere handia.

    Ordoki= lautada, zelai; menditsua ez dena

    A) ULERMENA (2 puntu)

    1. Marthalerrek non eta noiz hasi zuen bere bidaia eta non eta noiz bukatu?

    2. Non egon zen Afrikara joan baino lehen?

    3. Bere bidaia luzeetan nola garraiatzen zen eta non hartzen zuen ostatu?

    4. Zer esan nahi du “jendeari hitza eman behar zaio” esaten duenean?

    B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 5 lerro). (2 puntu)

    C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengo lokailuetariko bat erabiliz: halere, halaber, ordea, beraz). (2 puntu)

    1. Marthalerrek bufaloaren itxura zuen. Tibetarrek jak izena eman zioten.

    2. Bizikletaz mugitzen zen. Lau kontinente zeharkatu zituen.

    3. Alaskara joan zen. Lurmutur Hirira ere joan zen.

    4. Jendeak gauza asko eman zizkion. Berak jendeari jaso zuenaren zati txiki bat baino ez zion eman.

    D) IDAZLANA (25 lerro). (4 puntu)

    Gaia: Bidaiak.

    • Zer iruditzen zaizu Marthalerren bidaia.
    • Zuri zer motako bidaiak gustatzen zaizkizu.
    • Nola prestatuko zenuke zure gustuko bidaia.
    • Zer egingo zenuke beharrezko finantziazioa lortzeko.

    2004ko ekaina

    Comments { 0 }

    HOMO ECONOMICUS

         Homo economicus-a analisi ekonomikoan pertsonaia oso ezaguna da: guztiz arrazionala, berekoia, independentea, beti osasuntsua, inoiz ez gazteegia eta ezta zaharregia ere, merkatuan oso aktiboa. Eta kontuan edukita nola mugatu duen ekonomiak bere analisi esparrua, ezinezkoa zaigu beste itxurako aktorea imajinatzea. Baina, guk, behintzat, ez dugu horrelakorik ezagutzen eta, gutxienez, erakusten duen independentzia ez da egiazkoa. Denok, bizitzan zehar, askotan, besteen laguntza beharrean izaten gara. Nor egiten da gure kargu horrelakoetan? Gaur arte, besteak zaintzea gehienetan familiako emakumeen ardura izan da, eta lan hori isilik egin ohi dute, esker handirik jaso gabe. Jakina, emakumeen artean ezberdintasun handiak daude, eta nahikoa normala da errenta maila altuko emakumeak lan horiek beste emakume pobreagoei pasatzea, sarritan emakume inmigranteei.

         Zainketa lanak ez dira linealak izaten; bizitza zikloaren arabera aldatzen dira, eta denbora asko ematen dute tartean ume txikiak daudenean, gure inguruan ezbeharren bat gertatzen denean, senideak gaixotzean eta zahartzean. Bestalde, inkesten arabera, gizonezkoen partaidetza emakumeena baino askoz txikiagoa da, eta gainera, emakumeena baino linealagoa, hau da, bizitzan izandako aldaketek, ustekabekoek zein ohikoek, apenas aldatzen dute haien ardura. alde horretatik, gizonezko asko homo economicus-aren antzera portatzen dira; baina zertan geratuko lirateke gizon ekonomikoak, emakume zaintzaileak desagertuz gero? Ezerezean, berehala urtuko lirateke.

         Eta ez bakarrik gizon ekonomikoa: sistema guztia ere kolokan geratuko litzateke. ekonomia, merkatuaz bakarrik arduratzen da, produkzioaz, eta merkatutik kanpo egindako lanak, erreprodukzio lanak, etxekoak, ahaztu egiten ditu, eta balio ekonomikorik ematen ez dutenez, askotan, ezkutuan gelditzen dira.

         Seguru asko, ez genioke homo economicus-ari hainbesteko garrantzirik eman behar. Ez genuke inoiz begi-bistatik galdu behar azken helburua pertsonak hobeto bizitzea dela, ezin dela dena dirura mugatu. On egingo liguke begirada, tartean behin merkatutik kendu eta esfera pribatuan mugatuan ipintzeak. Munduaren itxura aldatuko liguke, eta, seguru asko, beste behar batzuk agerian geratuko lirateke. (Mertxe Larrañaga).

    A) ULERMENA (2 puntu)

    1. Homo economicus-a benetan al da hain dotore eta independientea? Zergatik?

    2. Zer egiten dute sarritan emakume etorkinek?

    3. Zer esan nahi da “zainketa lanak ez dira linealak” esaten denean?

    4. Zergatik jarriko litzateke kolokan sistema guztia emakume zaintzaileak desagertuz gero?

    B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 5 lerro). (2 puntu)

    C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengo lokailuetariko bat erabiliz: nolanahi ere, hala ere, ondorioz, beraz). (2 puntu)

    1. Ekonomia merkatuaz arduratzen da. Merkatutik kanpo egindako lanak ez ditu kontuan izaten.

    2. Sistema ekonomikoa autonomo bezala azaltzen zaigu. nabarmena da erreprodukzio lanik gabe ez lukeela luzaro iraungo.

    3. Inkesten arabera, emakumeek etxeko lanaren %75etik gora egiten dute. Gizonen partaidetza askoz txikiagoa da.

    Bizitzan, noizbait, denok dugu besteen laguntzaren beharra. merezi du hori kontuan izatea

    D) IDAZLANA (25/30 lerro). (4 puntu)

    Gaia: Zaintza lanak eta ekonomia.

    • Ezagutzen dituzun zaintza lanak.
    • Zaintza lanen garrantzia.
    • Ordaindu gabeko zaintza lanek merkatuan duten eragina.
    • Egunero zertan ematen dugun denbora (lanean, joan-etorrietan, kiroletan, telebista ikusten eta kiroleta, lo egiten, norbera zaintzen, besteak zaintzen…)
    • Etorkizunean emango diren aldaketak.

    2004ko uztaila

    Comments { 0 }
    -->