Archive | urria, 2005

Euskal Herria aukerez josia!

Lehengo batean lagunekin kalean nengoela eztabaida txiki bat izan genuen: hondartza ala mendia? Egia da, betidanik kostaldeko herri edo hiriak askoz ere turista gehiago izan dituztela; baina, hala ere, hau guztia aldatzen ari da, azkenaldian, nekazal turismoa geroz eta gehiago garatzen ari baita.

Euskal Herrira datozen turistek gure kultura, ohitura, gatronomia… ezagutzeko eskaintza handia dute. Euskadi, atsegin handiz web orriak dioenez:

Euskadi kontrastez beteriko lurralde bat da: industria asko eta populazio kopuru handia, baina baita oso berdea eta birjinala ere. Bi parajeak kilometro eskasotara daude kokaturik, eta beraz natura guneak eta ekosistemak aurkitu daitezke bere jatorrizko egoeran hiri handietatik oso hurbil. Parke eta erreserba hauen garrantziak eta edertasunak aukera asko sortzen dituzte txangolarientzat, kirol ezberdinak praktikatzeko eta atseden bat hartzeko.

Gainera, era guztietako erakundeak aurki ditzakegu: kultura aldetik hainbat museo ( Artium Gasteizen, Guggenheim Bilbon, Txillida Leku Hernanin, etab.); gastronomiari dagokionez, ostalaritza eskola ugari ( hain ezagun den Karlos Argiñanoren Zarautzen kokaturiko Aiala sukaldaritza eskola, esate baterako); hezkuntzari dagokionez, beste hainbat erakunde eta unibertsitate ( Ikastolen Elkartea , EHU, Deustuko Unibertsitatea , Mondragon Unibertsitatea …), aisialdiari begira hipodromoak, kasinoak ( Kurtsaaleko Kasinoa Donostian eta Nerbioi Kasino Handia Bilbon), parke ekologikoak eta, etxeko gaztetxoenentzat (eta ez hain gaztetxoentzat ere), jolas-parkeak.

Monumentuak ere ugariak dira. Nahikoa da edozein herritara joatea eta bertako udaletxe nahiz eliza edota kale zahar estuak beneratzea, gure buruko kezka guzti-guztiak uxatzeko. Eta ez hori bakarrik, aipatu beharra dago Santiagoko bideak Euskal Herria ekialdetik mendebalderantz igarotzen duela, beraz, aterpetxe eta ospitale dexente ere badaudela.

Urdaibai Baina hasierako harira bueltatuz, kostaldeko turismoak Bizkaia eta Gipuzkoako hondartzez gozatzeko aukera aparta ematen digu. Eta ez hori bakarrik, surfa, urpekaritza eta hainbat eta hainbat ur-kirol burutzeko aukera ere badugu. Nork deritzo hondartzari aspergarria?

Hala eta guztiz ere, lasaitasunaren bila bazoaz, argi eta garbi dago nekazal turismoa aukera aproposena duzula: turista dentsitate baxua, etxe edo baserri galduak, erabateko isiltasuna, ipuinetako baso eta errekak… Asteburu ahaztezin bat igarotzeko prest bazaude bisita itzazu Euskaraz.com orriak eskaintzen dituen informazio eta estekak.Txindoki

Azkenik, hirietako turismoa daukagu, kanpotar gehienak erakartzen dituena. Hain ezagunak diren Bilboko (Marijaia), Donostiako eta Gasteizko (Zeledon) Aste Nagusiak eta, nola ez, Iruñeko San Ferminak turista ugari ekartzen dituzte Euskal Herrira.

San Ferminak

Honek guztiak argi eta garbi uzten du Euskal Herrian giro aparta dagoela. Gainera, hirietan- ostalaritza arloari dagokionez- beste tokietan baino askoz ere eskaintza handiagoa dago, beraz, orokorrean beste kasuetan baino errazagoa izaten da azken orduko erreserba bat egitea.

Badakizu, lasaitasunaren bila bazoaz lagun, nekazal turismoa duzu aukerarik onena. Eguzki izpi batzuk nahiago badituzu, jo ezazu kostaldeko turismora. Baina, nire kasuan bezala, festa giro on baten bila bazabiltza, euskal hiriek aukera bikaina eskaintzen dute! Eta zuk zer deritzozu? Ezagutzen al duzu txoko erakargarririk? Hala bada, hementxe duzu horren berri emateko gunea…

Informazio guztiz interesgarria nahi izanez gero, joan EUSKADI, atsegin handiz web orrira, ez zara damutuko!

Comments { 0 }

CURRICULUMA

Curriculuma

Comments { 0 }

Jaio.Musika.Hil

Hori da Berri Txarrak taldeak hilabete honen hasieran kaleratu zuen 5. diskaren izena. Lekunberrikoak uztailaren 10ean hasi ziren hau grabatzen etxetik gertu duten baserri batean, baina abestien nahasketak egiteko ozeanoa zeharkatu eta Kansasera joan ziren Black Lodge estudioetara. Nahasketak Coalesce, The Get Up Kids edota Kurt Cobain berarekin lan egin izanagatik ezaguna den Ed Rose ekoizleak egin zituen. Diskoaren produkzioarekin amaitzeko, hau da diskoa masterizatzeko, berriz, New Yorkera joan ziren, Turtletone estudioetara hain zuzen ere. Bertan, Mike Fossemkemper ibili zen masterizazio lanetan.

Emaitza, 12 abesti hauez osaturiko diskoa:

Jaio.Musika.Hil
1. Zertarako amestu
2. Berba eta irudia
3. Oreka
4. Iparra galdu: Hegora joan
5. Jaio.Musika.Hil
6. Onak eta txarrak
7. Iraultza Txikien Asanblada
8. Bueltatzen
9. Kezkak
10. Isiltzen banaiz
11. Breyten
12. Gelaneuria

Disko berri honek dakarren aldaketarik nabarmenena orain taldean hiru besterik ez direla da. Taldeak aipatzen duen beste aldaketa bat letrei dagokiona da. Hirukoteak dioenez, disko honetako abestien letrak inoiz idatzi dituzten gogorrenak dira, eta, era berean, pertsonalenak ere bai. Musikari dagokionez, agian aurreko diskoak baino lasaiagoa da, baina oso melodia zainduak eta, beti ere, Berri Txarraken doinu karakteristikoez bustia. Aurretik noiz edo noiz gertatu bezala, kolaborazio bat izan dute disko honetan ere, Deabruak Teilatuetan taldearen abeslari zen Aritz Mendietak Iraultza Txikien Asanblada izeneko abestian parte hartzen du.

Jaio. Musika. Hil honen abestiak zuzenean entzuteko aukera euskaldunok izan dugu jada. Urrutira joan gabe aurreko ostiralean Ibarrako gaztetxean izan ziren, baina bertara gerturatu ez zirenek badute aukera laster Gasteizen, Bilbon edota Irurtzunen taldea ikusteko. Tarteka Euskal Herritik atera eta Espainiako hainbat tokitan ere izango dira, azaroan Estatu Batuetara abiatu arte. Bertan, 4 kontzertu eskainiko dituzte, horietako bat Betagarri taldearekin batera. Ondoren bueltatu eta kontzertuak eskaintzen jarraituko dute Espainian zehar.

Nire ustez, kontzertuak disko bat zein ona den egiaztatzeko leku aproposenak diren arren, aukera ez izanez gero, ezer baino hobe diskoa bera entzutea da, beraz, ez galdu denborarik eta eros ezazue, benetan merezi du eta!

Comments { 2 }
-->