About maitanee

Author Archive | maitanee

Bilbao Live Festival

Bilbao LiveUztailaren 13, 14 eta 15ean (hau da, gaur bihar eta etzi) ospatuko den musika jaialdia dugu Bilbao Live Festival. Hau, jakina, Bilbon ospatuko da, Kobetamendin, hain zuzen ere.

Musika oso ezberdina jotzen duten talde ugarik osatzen dute jaialdiaren lehenengo edizioko kartela, ezagunenen artean Deftones, Placebo, Guns ‘n’ Roses, Andres Calamaro edota Pretenders daudelarik. Baina jaialdian ez zaie kanpoko taldeei soilik lekua egin, Gatibu talde euskalduna ere, adibidez, bertan izango da. Dena den, talde hauen kontzertuak ez dira jaialdian musikaz gozatzeko bide bakarrak izango, DJak egongo diren hiru karpa ere antolatu baitira techno musika edo pop musika gustuko dutenentzat.

Gainera, Kobetamendin, erlaxatzeko gune bat, merkatuak (diskografikoa eta modakoa), 2 VIP zona, bazkaltzeko 6 karpa eta hainbat ekintza ezberdin antolatu dira.

Sarrerei dagokienez, alde batetik, jaialdiaren hiru egunetan Kobetamendin egon nahi dutenek hiru eguneko bonoa eros dezakete; horrela, han bertan kanpatzeko eskubidea izanik. Bestalde, egun bakarra pasatzeko asmoa dutenek egun bakar baterako sarrera erosteko aukera izango dute.

Garraio aldetik, eremura iristeko bide bakarrak organizazioak antolatu dituen eta dohain izango diren autobusak edota ordaindu beharreko taxiak hartuz izango dira. Horrela, kotxeak eremura gerturatzeko autobusak hartzen diren leku berean, San Mames zelaiaren atzealdean dagoen erakustazokan, utzi ahal izango dira 3€ ordainduz.

Informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen (jaialdiaren webgune ofiziala).

Ea zuetariko norbait animatzen den eta elkar ikusten dugun Bilbon! 😉

Comments { 0 }

BLACKOUT – Xabier Montoia

Rock musikan aitzindari gaztetandik, idazle gasteiztar hau betidanik saiatu da musika eta literatura uztartzenMontoia. Poesia eta narrazioa landu du gehienbat. Lan horren fruitu, bost poema-liburu argitaratu ditu; Anfetamiña (1983), Likantropo (1985), Narraztien mintzoa (1988), XX. mendeko poesia kaierak (2000) eta Bingo (2005).

Montoiaren beste lan batzuk Emakume biboteduna (1992), Gasteizko hondartzak (1997) eta Baina bihotzak dio (2002) dira. Hauek ipuin liburuen sailean kokatzen dira.

Eleberriak ere idatzi ditu; Non dago Stalin? (1991), Hezur gabeko hilak (1999), Denboraren izerdia (2003), Blackout (2004) eta Elektrika (2004).

Aipatzekoa da ere idazleak eginiko Plastikozko loreak erregearentzat (1998) kronika-liburua.

Hauen guztien artean nik Blackout eleberria aukeratu nuen. Irakurtzen hasi eta lehenengo kapitulua amaitu ondoren, istorioa ulertzen ari ez nintzela konturatu nintzen, hasierak liburuaren erdian egon beharko lukeen zati bat baitzirudien. Eleberriari buruzko informazioa bilatzen hasi ondoren jakin ahal izan nuen Hilen bizimoldea trilogiaren bigarren liburua zela. Hori horrela, trilogiaren lehenengo zatiari buruzko laburpenak eta kritikak irakurri behar izan nituen istorioan kokatzeko.

Blackout
Blackout nobelan kontatzen dena II. Mundu Gerran naziek hartutako Parisen kokatzen da. Trilogiaren lehenengo liburuan bezala, Miarritzekoa den Jean Etxegoien da protagonista. Hau nazien mende dagoen egunkari bateko idazlea da, Frantziako kolaboristen alde jarri eta egunkariko zuzendariorde egiten duten arte. Puntu honetatik aurrera liburuan gehienbat jorratzen dena, protagonistaren bizitzako egoera ezberdinetan izandako elkarrizketa eta izaeraren bidez, traizioa da, eta baita Jeanen burugogortasuna, egozentrismoa edota diru gosea ere.

Liburuari buruzko nire iritzi pertsonala oso positiboa da. Egia esan, liburua izenez ezaguna egiten zitzaidalako aukeratu nuen, eta horrek bere ondorioak ekarri ditu, ez baitzaizkit horrelako gaiez hitz egiten duten liburuak gehiegi gustatzen. Hala ere, esan beharra dago, oso entretenigarria eta irakurtzeko erraza dela. Aurkitu diodan zailtasun bakarra liburua lapurteraz (edo) idatzita egotearena da, baina honek ez du istorioaren ulermena galarazten. Kontaketa sinplea dela iruditu zait, apaingarri gehiegirik gabeko esaldi laburrak erabiltzen dira eta .

Oso gustukoa izan dut idazleak garai hartako errealitatea adierazteko modua eta protagonistari eman dion izaera. Istorioa gogorra, oso krudela da eta harrigarriena iruditu zait atseginak edo bihotz onekoak diren pertsonaia bakarrak emakumeak izatea.

Aipatzekoa da elkarrizketek hartzen duten garrantzia istorioan, hemen erakusten baititu autoreak jendearen intentzio txarrak eta odol hotza egoera zailen aurrean.

Horrela, orokorrean liburu erakargarria iruditu zait. Kontatzen dena oso interesgarria da nire aburuz eta Montoiaren idazteko era ikaragarri gustatu zait. Beraz, irakurtzea gomendatuko nukeen liburuetako bat da dudarik gabe. Ni trilogia amaitzen duen azkeneko liburuaren bila hasi naiz jada 😉

Liburuaren zati bat irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Sinestesia

Kasualitate hutsez, behin, ezohiko gaixotasunei buruz hitz egiten zuen artikulu bat aurkitu eta irakurri nuen. Horietako gaixotasun bat bereziki interesgarria iruditu zitzaidan, eta horri buruzko artikulu hau idaztea bururatu zitzaidan.

Pertzepzioarekin zerikusia duten arazoen artean intentsitateari [objektu batekiko pertzepzioaren gehikuntza (hiperestesiak) edo pertzepzioaren gutxipena (hipoestesiak)], fideltasunari [objektu baten deformazioa (ilusioa) edo benetan ez dagoenaren deformazioa (aluzinazioa)] edo integritateari [antzematen den objektuaren distortsioa (dismorfopsia) edo objektuaren eraldaketa (metamorfopsia)] eragiten diotenak daude.

Pertzepzioaren integritateari eragiten dioten arazo sensopertzeptiboen artean, begi bistaz jasotako objektu bat distortsionatu eta horren osagarri bat galdu beharrean, pertzeptzioak eransten dituen bat badago: sinestesia. Ohikoa ez den pertzepzioaren arazo bat dugu hau, zentzumenetako baten kinadaren bitartez, sentsazioa beste zentzumen batean sortzen duena. Sinestesiaren ezaugarriak honako hauek dira:

sinestesia
– Kinada berdinek beti pertzepzio bera eragiten dute.
– Pertzepzioak nahigabekoak dira.
– Pertzepzioak norbanakoak dira: sinestesiko bakoitzak kolore eta forma ezberdinak elkartzen ditu.
– Pertzepzioak asimetrikoak dira, hau da, baliteke 7 zenbakiak kolore urdina gogoraraztea, baina kolore urdinak ez du zertan 7 zenbakia gogorarazi.
– Pertzepzioak etengabeak dira, txiki-txikitatik hasi eta ez direlako inoiz aldatzen.

Sinestesia ohikoenek ikusizko pertzepzioak eta entzumenezkoak nahasten dituzte; horrela, soinuek, hitzek edota musikak koloreen ikusmena sortzen dute. Sinestesia pairatzen dutenak aztertuz, erreakzio ohikoena zenbakiak eta hizkiak erakutsiz, kolore bat edo kolore batez oroitaraztea eramaten dieten soinu bat bururatzea litzateke. Kasu arraro baina posibleen artean soinuak entzutean ukimen sentsazioak edukitzearenak, objektu jakin batzuk ikustean zaporea sentitzearenak edota pertsona ukitzean usaina nabaritzearenak daude.

Arazo hauek sortzen dituzten faktoreak ezezagunak dira, hala ere, genetikoki transmititzen direla sinesten dute ikertzaileek. Gutxi gorabehera 2000 pertsonatatik 1ek duela gaitz hau kalkulatzen da, eta emakumezkoen kasu gehiago ezagutzen dira gizonezkoenak baino. Gainera, datuen arabera, ezkertiek edo homosexualek, eskuinek edo heterosexualek baino gehiago pairatzen duten arazoa da.

Badago pentsatzea sinestesikoak arteen mundutik gertuago daudela sinestesikoak ez direnak baino, baina ez da nahitaez horrela. Hala ere, egia da artista ugarik jasaten duten zerbait dela.

Sinestesiari buruz zerbait gehiago jakin nahi baduzu, klikatu hemen.

Comments { 2 }
-->