Archive | azaroa, 2007

Animalia eta landare espezie ugari galtzorian

ElefanteakAzken urte hauetan, galzorian dauden animalia eta landare espezieen kopurua handitu egin da, 16.300 espezie baino gehiago desagertzeko arriskuan daude, 2007. urteko zerrenda gorriaren arabera. Bestalde, hamar espezietatik lau gizakiaren erruz galtzen da eta egoera ez doa hoberantz. Datu berri eta, era berean, kezkagarri honekin gero eta urrunago geratzen da biodibertsitatea mantentzeko hitzarmenak adostutakoa, espezieen desagerpen prozesua 2010. urterako geldiaraztea, hain zuzen ere. Lurreko bizia agudo desagertzen ari da eta hala jarraituko du premiazko ekintzak burutu ezean. Arazo guztiek bezala, honek ere bere konponbidea du, zalantzarik gabe, eta egiteko honi soluzioa bilatzea gizakiaren betebeharra da, bera baita erantzule.

Betidanik gertatu al da?

Diotenez, ezpezie desberdinen desagerpena guztiz arrunta da lurreko bizitzaren bilakaeran; baina, zoritxarrez, gizakiok suntsitzeko dugun gaitasunaren ondorioz, desagerpen prozesu hori lastertu egin dugu. Historiaurreko gizakia garai hartako Ipar Amerikako mamifero espezie handienen desagerpenaren erantzuletzat jotzen da. Hori dela eta, animalia eta landareen desagerpena betidanik gertatu dela esan dezakegu; nolanahi ere, gaur egun, arazo larri bilakatu da. Gizakiak era zuzenean edo zeharka errudun gara, guk, animaliak ez bezala, gure ingurunea epe laburrean guztiz eraldatzeko gaitasuna dugu eta honek bertako biodibertsitatea suntsitzen du.

Gaur egungo egoera

Afrikako gorilaSarreran aipatu bezala, 16.300 espezie baino gehiago galzorian daude. Bestalde, Biodibertsitatea Mantentzeko Hitzarmenaren (UICN) arabera, lau ugaztunetatik bat, zortzi hegaztietatik bat, anfibioen heren bat eta katalogatutako landare espezieen %70 desagertzeko arriskuan dago. 785 espezie desagertu dira jada ezagutzen ditugunen artean, beste 65 espezie beraien habitatetatik desagertu eta zoo edota laborantza guneetan baino ezin dira aurkitu. Gizakia al da gaur egungo egoeraren eragilea? Munduan ia ez dago gizakiaren eraginik jasan ez duen tokirik; gauzak horrela, bai animalia basatiek, bai landare orok, gizakiak eragindako txikizioaren aurka borroka amaigabean dihardute. Afrika erdiko goriletatik hasita, Australiako kanguro edota itsas zabaleko baleetaraino, lurreko edozein gunetan animalia eta landareen biziraupena kolokan dago. Beste aldetik, kilma aldaketak ere ez du batere lagunduko buruhauste honetan; are gehiago, arazoa larriago bihur dezake.

Hori gutxi balitz, modu bizkorrean zabaldu den beste eragileetako bat espezieen salerosketa da: hirugarren postuan azaltzen da, armen eta drogen salerosketaren ondoren. Faunaren aldetik, esan dezakegu, 10.000 milioi dolar mugitzen dituela urtero eta florak 7.000 milioi baino gehiago. Zifra hauei salerosketa klandestinoetatik lortzen diren etekinak erantsi beharko dizkiogu. Adibidez, urtero 600 eta 900 tonelada marfil kontsumitzen da eta, horretarako, 150.000 elefante letagin behar dira. Atera kontuak.

Orduan zer egin?

Galzorian dagoen Siberiako tigrea edo tigre zuria 2Galzorian dagoen Siberiako tigrea edo tigre zuriaGinebran zerrenda gorriaren aurkezpena egin dute, orain dela ez asko. Bertan, katalogatuta dauden espezieak baino ez dira azaltzen; oro har, zientziaren arabera, ezagutzen ditugun espezieen kopurua urria da. Gainera, zerrenda horrek azaldutako beste puntu garrantzitsu bati erreparatzen badiogu, jakin ahal izango dugu gaur arte egin diren saiakera garrantzitsuak ez direla guztiz eraginkorrak izan.

Berehala jardun behar dugu, arazo tragedia bihur ez dadin: Horretarako, lehenik, zerrenda gorriaren laguntzaz, arriskuan dauden espezie bakoitzarentzat neurri konkretuak hartu behar ditugu bere ezaugarriak kontuan hartuz. Esaterako, galtzeko arriskuan dagoen animalia eta landare klase bakoitza babestu beharko genuke, betiere, ahal den neurrian, beraien habitatean mantenduz, eta, honela, tokian tokiko biodibertsitatearen bizirautea ahalbidetuz. Gure esku dago animalia eta landareen biziraupena; baita gurea ere. Ez al zaizue horrela iruditzen?

Comments { 3 }

Jostailu erakusketa eta tailerra

Jostailuen erakusketa

Datorren asteartean eta asteazkenean Jostailuen erakusketa eta Jostailuen tailerra izango dira Ordiziako Udalak Lukusin Plazan irekiko duen Gazteleku berrian. Jostailu erakusketa eta tailerra Udaleko Euskara sailak antolatu ditu, Arrasateko Txatxilipurdi Haur eta Gazte Ekintzak elkartearekin batera.  

Jostailuen erakusketan, jostailu ezberdinen eskaintza zabala aurkeztuko diete herriko guraso eta hezitzaileei Txatxilipurdikoek: euskal produktuak, kooperatiboak, sinbolikoak… Jostailuek dauzkaten arlo pedagogikoak ezagutzeko aukera izango dute, azken batean. 

“Eguberrietan publizitate-eraso ikaragarria izaten dugu, eta, hala eta guztiz ere, hutsune informatibo handia daukagu jostailuen inguruan. Gurasoei pedagogiaren ikuspegitik jostailu egokia aukeratzen lagunduko diete Txatxilipurdikoek erakusketa gidatuan”, azaldu dute Udaleko Euskara sailetik.  

Jostailuen erakusketa, asteartean izango da zabalik, 14:30etik 19:00ak arte. Gurasoek noiznahi joan ahal izango dute, nahi izatera, haien umeek lagunduta. 

Jostailuen tailerra, berriz, bi egunetan zabalduko da, bai asteartean, bai asteazkean: 17:00etatik 20:00etara. Tailerrean, ohiko materialak beste ikuspuntu batetik ikusteko aukera emango diete 6-12 urte bitarteko haurrei: “Jolasa eta birziklapena, helburu eta tresna dira aldi berean jostailuen tailerrean. Ohiko materialekin jostailuak egiten ikasiko dute haurrek”.  

Jostailuen tailerrean gehienez ere 25 haur onartuko dituzte Txatxilipurdikoek, taldeko. Hori dela-eta, aldez aurretik eman beharko dute izena haien seme-alaba tailerrean izatea nahi duten gurasoek. Hiru talde osatu dituzte Euskara Zerbitzukoek: A taldea (azaroaren 27an, 18:30-20:00); B taldea (azaroaren 28an, 17:00-18:30) eta C taldea (azaroaren 28an, 18:30-20:00). Bihar, azaroak 23, amaituko da jostailuen tailerrean izena emateko epea. Euskara Zerbitzura deitu edota idatzi beharko da horretarako: 943 80 56 22 / euskara@ordizia.org.

Comments { 0 }

Arauak 22: zehargaldera orokorretako -eN/-eNETZ eta -eLAKO/-eN izenekin.

Gaurkoan, iaz hasitako Euskaltzaindiaren arauen ikastaroari jarripena emanez, zalantza eta oker ugari sorrarazten duten  arau bi azalduko ditugu. Atzizkiekin zerikusia dute  biek. Alde batetik, zehargalderetako -eN eta -eNETZ atzizkien arteko ezberdintasunaz arituko gara, eta –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkien erabilera okerra aipatuko dugu, bestetik. Prest? Pasa gaitezen, bada, arauak zehaztasunez aztertzera.

ZEHARGALDERA OROKORRETAKO ADITZ-ATZIZKIA: -(E)N ETA -(E)NETZ

1. Zehargaldera guztietan bezala, zehargaldera orokorretan ere aditzak –(e)n forma hartzen du, eta aski da atzizki hura, zehargaldera ongi osatzeko, nahiz harekin batera ea edo ote bezalako beste zenbait indargarri ere erabil daitekeen:

a) Ez dakit zuzen mintzatu naizen.

b) Galdetzera noa ea norbait azaldu den.

2. Halere, zehargaldera orokorreko aditzari atzizki indargarria erantsi nahi bazaio (baietza ala ezetza azpimarratzeko), anbiguitaterik sortzen ez duen –(e)netz atzizkia erabiltzea gomendatzen du Euskaltzaindiak euskara baturako. Beraz, bai-ez erako galde-perpausekin (galdetzailerik ez daukatenekin, alegia) baino ez dira erabiltzen.

a) Begira iezaiozu ongi ea gaitzik ageri duenetz.

b) Askotan banago gizon horrek besterik ikusten ote duenetz .

c) Ez dakit ikusi dugunetz.

Araua osorik (pdf).

Praktika

-ELAKO ETA -EN ATZIZKIAK IZENAK GOBERNATURIKO PERPAUS OSAGARRIETAN

• Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz, iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka, promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru … eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan –eLAKO eta –eN atzizkiak erabiliko dira euskara batuan:

• Ekonomia gaizki doalako berriak ez gintuzke harritu behar.

• Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zelako ustean.

• Nork zabaldu du Maite eta Koldo banatu direlako zurrumurrua?

• Euskara Afrikatik datorrelako hipotesiak indarra galdu du azken urteotan.

• Berriro elkar ikusiko dugulako esperantza ez dut galdu.

• Maite gaituztelako seinale da egin diguten harrera beroa.

• Adi! Ohikoa izaten da perpaus osagarriotan –eLAREN, –eNEKO edo –eNAREN atzizkiak erabiltzea, baina gisa honetako perpausek ez dute lekurik euskara batuan:

• *Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar.

• *Ameriketara joan zen, han hobeto biziko zeneko ustean.

• *Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera beroa.

Araua osorik (pdf)

Praktika

 

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/en_elako.swf" width="640" height="400" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }
-->