Archive | otsaila, 2011

Metablogintza

Zertaz idatziko dut? Horixe da burura etortzen zaigun lehen galdera artikulu bat egiterako garaian. Mundu mailan milioika gauza gertatzen ari diren arren, ezin dugu aurkitu gustuko gai bat. Baina badira lan hau erraztuko diguten hainbat erreminta interneten.

Nik gehien erabiltzen dudan tresna, eta pertsonalki erabilgarriena iruditzen zaidana, Google Reader da. Honen erabilpena oso erraza da, hala ere beraien YouTubeko kanalean aurki dezakezue tresna honen oinarrizko erabilerarako laguntza batzuk. Zer-nolako laguntza eskain dezake Readerrek, baina? Esaterako, botanikaren mundua zure pasioetako bat bada, lanabes honek interneten botanikaz hitz egiten den orrialde batzuk gomendatuko dizkizu. Honek gaia pentsatzearen atala erraz dezake. Horrela, botanika oso interesgarria iruditzen zaizunez, Google Readerrera iristen zaizkizun botanikari buruzko sarrerez hitz egiteko gai izan beharko zenuke.

Behin gaia aukeratu duzula, beste urrats handi bat dago. Artikulu mota. Nolako artikulua egingo dut? Kritika egingo al diot gai bati ala informazioa besterik ez dut emango? Web orrialde honetan 15 aukera ematen dituzte. Horietako batzuk dagoeneko euskaljakintzanjorratzen ditugu (liburu bati kritika eta elkarrizketa, esaterako). Pertsonalki oso artikulu interesgarria iruditu zait; izan ere, blog bat kudeatzen dugunok askotan gaia eduki arren, ez baitakigu irakurleari hura nola adierazi.

Gaia aukeratu duzu eta dagoeneko badakizu zein artikulu mota egin behar duzun. Orain beste arazo bat dugu, baina. Nola hasiko naiz? Ondo idatzi al dut? Nondik aterako dut informazioa gai honi buruz? Lehen aipatutako web orrialdean, artikulua idazteko 15 aukerak emateaz gain,artikulu on bat idazteko 7 ohar edo laguntza ere eskaintzen ditu. Denok jakin beharko genuke badaudela informazio iturri oso onak Googlez gain. Delicious, adibidez, oso bilatzaile ona da. Bertan erabiltzaileek interesgarriak iruditu zaizkien web orrialdeak gordetzen dituzte eta, ondorioz, Google bilatzailean aurkitzeko oso zailak diren web orrialdeekin topo egin dezakezue.

Lehen aipatutako zazpi oharrez gain, badago nire ustez zortzigarren bat: estekak ondo jartzea. Hauek zure informazio iturriak adierazteko erabiltzen dira; pertsona batzuek, ordea, ez dituzte estekak ondo erabiltzen. Hauen funtzioa, ez da, nolabait esatearren, txakur edo etxe hitzen esanahia adieraztea. Esteka on batek aipatu duzun gai horri buruzko informazio gehiago dagoen toki bateta eraman behar zaitu. Adibidez: “(…) Gabon gauean urtero hildako asko egoten dira errepideetan, Diario Vasco egunkarian azaltzen den bezala 10 hildako egon dira aurten (…)”. Ikusten duzuenez, informazioa zabaltzeko erabili dut esteka.

Bukatzeko, beste pare bat gauza hartu behar dira kontuan. Alde batetik, irudiak edo bideoak txertatu, hauek artikulu bat erakargarriagoa egiten baitute. Eta, bestetik, artikuluari gainbegiratu bat eman eta ortografia akatsak edo linkak ondo jarrita dauden egiaztatu.

Ohar edo gomendio hauek artikulu bat idazteko bidea samur dezakete, baina ez dituzte mirariak egiten; izan ere, atikulu on baten oinarria lana baita.

Comments { 1 }

Sari mordoxka Jakintza Ikastolako ikasleentzat XXI. Beasain Idazlehiaketan

Urduritasuna, kezka, hitzak trabatzea… duda izpirik gabe, edonork izan ditzakeen sentsazio eta bizi ditzakeen sentimenduak ditugu. Halere, badirudi arestian aipaturiko emozio horiek guztiak pertsona bakar batean eta une berean uztartzerik badagoela. Eta, hain zuzen ere, horixe da pasa den larunbatean, otsailak 12, goizeko 12:00ak heltzeko azken segundoak kontatzen ari ginen bitartean gehienoi sentitzea tokatu zitzaiguna. Lipar batez baino ez zen izan, atoan urduritasunari ilusioa eta poza gailendu baitzitzaizkion.

Izan ere, beste behin, dagoeneko bere XXI. ediziora heldu den Beasaingo idazlehiaketa burutu zen eguerdiko 12:00etan Beasaingo Udalaren eskutik. Hain juxtu, aipatzekoa da sariketa honek ia bi dozena urte badaramatzala literaturzale gazteen egarria asetzeko lanetan; eta, aurtengoan ere, Jakintza ikastolako ikasle garenok, Goierri eskualdeko idazle gaztetxo eta ez horren gaztetxoekin batera, gogotsu zapaldu dugu Beasaingo Usurbe Antzokiko zorua.

Horren entzutetsua den lehiaketa honetarako ibilbidea iazko urrian hasi zen. Jakintza ikastolako ikasleok, patxadaz eta beharrezko denbora hartuz, lanak idatzi eta geure irakasleei eman genizkien, hauek zuzenketa eta hautaketa prozesuari hel ziezaioten. Hala, bakoitza zegokion kategoriara aurkeztu zuten abendu hasiera aldera. Bada, urtarrilaren amaierarako hortxe genituen horrenbeste lan egin eta gero lortutako emaitzak. Ez dira gutxi izan, aurten ere, Jakintzakook maila ezberdinetan eskuratutako sariak.

Horrela, larunbatean, sari-banaketako ekitaldirako ateak zabaldu zizkiguten, eta guztiok Usurbe Antzoki barrura sartu ginen ezjakintasuna eta urduritasuna begietan. Dantzari, txistu eta danbolinak eman zioten hasiera bizi eta koloretsua ekitaldiari, eta, Irati Goikoetxea aritu zen aurkezle lanetan, beste mutiko batekin batera jardunean. Jarraian, Ekaitz Goikoetxea epaikideak hartu zuen lekukoa, eta, honen hitzaldi eta azalpenen ondoren, sariak banatzeari ekin zioten.

Edizio honetan ere, Jakintza Ikastolari sari ugari egokitu zaizkio. Ikasle sarituon artean, batzuek lehenengo aldiz arnastu dugu sari-banaketako oholtza. Beste batzuen kasuan, aldiz, esperientzia daukagu euskal literaturaren ibai luzetik baldekada bat ur hartu eta honi hurrupa egiten. Halere, historialak gorabehera, sariak oso gustura heldu dira gure eskuetara, irribarrea lagun.

Gure lanak zuekin partekatu nahi ditugula eta, hementxe uzten dizkizuegu:

Gure idazlan sarituak:

Hitz lauz, A mailan

Olerkian, A mailan



Comments { 8 }

Zu bezalakorik inon ez, Michael!

“…I’m starting with the man in the mirror, I’m asking him to change his ways and no message could have been any clearer, if you wanna make the world a better place take a look at yourself and then make a change…”. Kantu hau entzuten ari nintzen unean ailegatu ginen bertara. Izugarria zen, egundokoa! Inoiz ez nuen pentsatuko bertan egongo nintzenik; ni Neverlandeko ate parean! 2010eko ekainaren 25a zen, Michael Jacksonen heriotzaren lehenengo urteurrena. A zer nolako jendetza! Italia, Mexiko, Espainia, Ingalaterra, Txina eta beste herrialde askotatik etorritakoek euren oroigarriak utzi zituzten ate ondoko lorategi inguruan. Batzuek, Michael Jacksonen argazkiak; beste batzuek, ordea, olerkiak… Izugarrizko iskanbila zegoen. Aho zabalik gelditu nintzen horrenbeste jende ikustean! Ez da harritzekoa, ez, hainbeste jarraitzaile edukitzea. Indianako abeslaria itzela da! Mundiala!

Ez dago zalantzarik bera dela baltseoaren erregea! Handia da, oso handia; bere dantzak diren bezalaxe. Liluraturik uzten gintuen hark, bere dantza saioekin; ez dut inon ikusi horrelako ikuskizunik. Adibide garbiena da berak oso ezagun egina zuen Moonwalk pausoa. Ikaragarria da. Ni hainbatetan saiatu naiz pausoa egiten, baina onartu beharrean nago oso zaila egiten zaidala eta ez dudala lortzen! Michaelek trebetasun ikaragarria zuen dantzatzerako unean, xehetasun hauek direla eta ohar gaitezke. Aipatu beharra daukagu bere koreografia gehienak hark taxuturikoak direla, eta horrek merezimendu ikaragarria du, oso zaila baita halako ideiak eta dantzaldiak hozitzen dituen norbait aurkitzea. Era berean, dantzak ez dira izan berak egin duen lan guztia, entzunenak izan arren. Bi liburu idatzi zituen: lehenengoa, Moonwallk izenez ezaguna dena, 1988. urtera arte bizitakoa edestuz; eta bigarrena, “Dancing in the dream”, non bizitza, umeak, animaliak eta beste hainbat mintzagairi buruzko olerkiak agertzen diren.

Ez hori bakarrik, abeslari ezagun honek jasan izan dituen kritikak oso gogorrak izan dira: umeak masturbatzen zituen, pedofilotzat hartu, hainbat ebakuntza izan zituen azala zuritzeko… Den-dena gezurra! Alde batetik, ezin izan da frogatu umeena. Kargu guztietatik aske utzi zuten. “Mujer terrako” artikulu batean irakurri dudanez, bortxatua izan omen zen haurrak egia osoa azaltzen du. Bestalde, Michael Jacksonen azal zuriari dagokionez, uste dut jende askok oraindik ez duela jakingo azaleko gaixotasun bat zuela, Bitiligo izenez ezaguna. Gezurretan ibili ziren haren aurka berbetan hainbat ebaketa egin zituela esaten zutenak. Bitiligoa daukatenei, zelulak hiltzen zaizkie eta azala zuritu; hori dela eta zuen hain itxura xelebrea abeslari honek.

Kontuak kontu, izugarri ondo aritu zen, jasandako guztia jasanda ere. Eskerrak eman nahi dizkiot berak egin duen guztiagatik, inork ez baitu lortu hark lortu zuena. Eta nahiz eta orain gurekin ez egon hemen, bera beti egongo da gure bihotzean. Eskerrik asko, Michael Jackson!

Informazio gehigarria:

Comments { 1 }
-->