Archive | tutorialak

RSS feed for this section

Sortu zure jokoak Gaurko Hitza plataforman

Gaurko hitza plataforma

Gaurko hitza plataforma

Plataforma berri bat dago denon eskura, atzotik aurrera, joko itxurako aukera anitzeko galdeketak sortzeko. Tresna hau bereziki irakasle eta ikasleentzat pentsatutakoa bada ere, edonork egin dezake kontua bertan eta jokoak sortu. Egitasmoa abian ipintzeko orduan, ondorengoak izan dira helburu nagusiak:

  • Irakasleek ikasleentzat ariketa moduko jokoak sortzea, gai bat errepasatzeko edo.
  • Adin bateko ikasleek ere gauza bera egitea, ikasleak sortzaile eta, aldi berean, irakasle bihurtuz. Gainera, sortzen dituzten jokoak Tuenti, Twitter edo nahiago duten sareetan parteka ditzakete. Horrela, euren lagun, guraso, irakasle edo nornahiri jokatzeko aukera eman diezaiekete.
  • Interneteko euskarazko edukiak areagotzea.

Esan behar da plataforma Forma 3.0 enpresak -duela gutxi arte Ihardun- garatutakoa dela eta HPSk diruz lagundua. Adibide honetan ikus dezakezuen bezala, test moduko joko edo ariketak sortzeko aukera ematen du, eta sortutakoa sare sozial ezberdinetan partekatzeaz gain (Tuenti, Twitter, Facebook eta Google+), korreoz ere bidali ahal izango da. Azken aukera, irakasle edota ikasleentzat interesgarria izan daitekeena, ‘enbotatu’ edo nork bere web orrian, gelako zein ikastetxeko blogean txertatzearena da.

Joko bat egin nahi duenak plataforman alta eman eta 15 galdera sortu beharko ditu. Nahi adina joko sortzeko aukera izango du erabiltzaile orok eta sortutako guztiak bere profilean gordeta geratuko zaizkio. Erabiltzaile ezberdinei jarraitzeko aukera ere egongo da. Eman beharreko urrats guztiak ondorengo bideotutorialean ikus ditzakezue (hementxe jarraibideak idatzita).

Gonbidatuta zaudete zuen jokoak bertan sortzera!

Comments { 0 }

Google aplikazioak lantzeko txokoa

Azkenaldian, behin baino gehiagotan suertatu zait Google aplikazioei buruzko ikastaroak ematea (Hik Hasi Udako Topaketak, Garatu…). Jakina den bezala, posta kontu bat baino ez da behar Googlen, Gmailen hain zuzen, postaz gain, beste hamaika aplikaziora sarbidea izateko une horretantxetik aurrera. Aplikazio horietako asko eta asko guztiz interesgarriak, praktikoak eta erabilerrazak dira, eta ezaugarri horiek egiten dituzte aproposak hezkuntza munduan IKTak txertatzen hasteko, batik bat, urrats hori emateko errezeloa erakusten duten irakasleen artean. Aurreko guztiari erantsi behar zaio Googlek Google Apps for education deituriko aplikazio pakete osoa eskaintzen duela, doan, irakaskuntzan erabili ahal izateko. Hari horretatik tira eginez, gero eta ikastetxe gehiago ari da sartzen Google Apps aplikazio bilduma euren ikastetxeetan.

Erabili, beraz, erabiltzen da/dugu. Ezin dugu ahaztu, baina, Google aipatzean, badaudela alderdi batzuk albo batera utzi ezin ditugunak. Alde batetik, gutako batzuk hainbatetan aldarrikatu dugun euskararen presentzia. Hainbat aplikazio euskaratuta badago ere, osotasunean ez. Aplikazio zehatzak euskaraz erabili nahi baditugu, aplikazioen arteko nabigazio menua desagertu egiten da eta horrek batetik bestera ibiltzeko aukera zaildu egiten du. Hori horrela izanik, askok gaztelaniaz edo ingelesez erabiltzeko hautua egite dute. Bestalde, ezin dugu ahantzi hain kritikatua izan den Google ahalduna hartzen ari den monopolio itxura. Noraino lagundu behar dugu irakasleok bide horretan?

Guztiarekin ere, Google Unibertsoa deituriko txoko bat sortu nuen Google Sites aplikazioa erabilita (guneak modu errazean egiteko aukera ematen duena), handik eta hemendik topatzen nituen erreferentzia eta baliabide interesgarriak biltzeko asmoz. Nire baratzeko baratxuri batzuk, hau da, nik sortutako hainbat baliabide (bideotutorial eta aurkezpen) ere bertan txertatu ditut. Txoko hau ikastaroetan erabili izan dut, eta beste norbaiti ere erabilgarria gerta dakiokeela irudituta, hementxe uzten dut denon eskura.

Bideotutorial bat, adibide gisa:

  • Google Unibertsoa
  • Comments { 0 }

    Creative Commons euskaraz azaldua

    Twitterren, @Txente -ren tuit honen bidez, ¿Qué es Creative Commons? infografia interesgarriarekin egin dut topo (originala, portugesez, nerdson.com gunean topa dezakegu).

    Azalpena oso garbia iruditu zait, eta euskaratzeari ekin diot ikasleekin erabiltzeko asmoz. Beraz, autoreak berak ematen duen baimena tarteko, hementxe uzten dut euskarazko bertsioa, ondo badatorkizue, zuek ere erabil dezazuen.

    Jatorrizkoa: CC Aitortu © cc-by: Karlisson Bezerra, Nerdson / Itzulpena: Maite Goñi

    Artikulu originala maitego.com -en argitaratua. Bertako titulutik  “umeentzat” kendu diot; izan ere, batzuek esan didazuen bezala, umeentzat ez ezik, edonorentzat izan baitaiteke baliagarria azalpena. 🙂

    Informazio gehigarria:

    Comments { 3 }
    -->