Archive | hitz-jokoak

RSS feed for this section

Sortu zure jokoak Gaurko Hitza plataforman

Gaurko hitza plataforma

Gaurko hitza plataforma

Plataforma berri bat dago denon eskura, atzotik aurrera, joko itxurako aukera anitzeko galdeketak sortzeko. Tresna hau bereziki irakasle eta ikasleentzat pentsatutakoa bada ere, edonork egin dezake kontua bertan eta jokoak sortu. Egitasmoa abian ipintzeko orduan, ondorengoak izan dira helburu nagusiak:

  • Irakasleek ikasleentzat ariketa moduko jokoak sortzea, gai bat errepasatzeko edo.
  • Adin bateko ikasleek ere gauza bera egitea, ikasleak sortzaile eta, aldi berean, irakasle bihurtuz. Gainera, sortzen dituzten jokoak Tuenti, Twitter edo nahiago duten sareetan parteka ditzakete. Horrela, euren lagun, guraso, irakasle edo nornahiri jokatzeko aukera eman diezaiekete.
  • Interneteko euskarazko edukiak areagotzea.

Esan behar da plataforma Forma 3.0 enpresak -duela gutxi arte Ihardun- garatutakoa dela eta HPSk diruz lagundua. Adibide honetan ikus dezakezuen bezala, test moduko joko edo ariketak sortzeko aukera ematen du, eta sortutakoa sare sozial ezberdinetan partekatzeaz gain (Tuenti, Twitter, Facebook eta Google+), korreoz ere bidali ahal izango da. Azken aukera, irakasle edota ikasleentzat interesgarria izan daitekeena, ‘enbotatu’ edo nork bere web orrian, gelako zein ikastetxeko blogean txertatzearena da.

Joko bat egin nahi duenak plataforman alta eman eta 15 galdera sortu beharko ditu. Nahi adina joko sortzeko aukera izango du erabiltzaile orok eta sortutako guztiak bere profilean gordeta geratuko zaizkio. Erabiltzaile ezberdinei jarraitzeko aukera ere egongo da. Eman beharreko urrats guztiak ondorengo bideotutorialean ikus ditzakezue (hementxe jarraibideak idatzita).

Gonbidatuta zaudete zuen jokoak bertan sortzera!

Comments { 0 }

Hitzontzi: Segura Irratiko Itaka saioko lehiaketa berria

Ikasturte berriarekin batera, lehiaketa berria jarri dute martxan Itaka literatur saioan. Hitzontzi jarri diote lehiaketari izena. Hitzen ontzia betetzea dute helburu, lehiaketa aitzakiatzat hartu eta entzulea hitzontzi bihurtzea. Esan digutenez, euskaraz euskararekin egin nahi dute jolas eta horretarako astero-astero ariketa berri bat proposatuko diete irrati entzuleei eta jolastu nahi duten guztiei. Ariketa bakoitzari erantzuteko astebeteko tartea izango du parte-hartzaileak eta ariketaren erantzunak itakasegura@gmail.com helbidera bidali beharko ditu. Halaber, saioan bertan tartetxo bat utziko da erantzuna telefonoz eman nahi dutenentzat.

Sari ederra jarri dute parte hartzaileen eskura. Asteroko ariketa zuzen egiten dutenen izenak hilabete bukaerako zozketan sartuko dituzte eta irabazleak otar bikaina eskuratuko du: Aikur etxeko bi ezti pote, Bengoetxe baserriko bi txakolin botila, Ondramuño Aramburu anaien gazta bat, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kamiseta bat eta hilabete horretan irratian izan dituzten musikarien eta idazleen liburu eta disko bana.

Urriaren 15ean jarri zuten martxan lehiaketa. Lehenengo zozketa azaroaren bukaeran egingo dute urriko bi asteotan eta azaroan zuzen erantzungo duten izenen artean. Astero ariketa ezberdina proposatuko dute. Hauxe, adibidez, atzo bitartean buruari eragiteko ariketa:

a, e, i, o eta u bost bokal ezberdinak dituzten hitzen bila gabiltza. “Erakusleiho” hitza jarri dugu adibidetzat.

Astero-astero proposatuko duten ariketaren berri larunbat goizetan, 10:00etan, eta astezken iluntzetan, 21:30ean, Segura Irratiko Itaka saioan izango duzue (Segura Irratia: 89.2 FM), baita iratigoikoetxea.blogspot.com blogean ere. Euskararekin jolasteko aukera polita!

Comments { 1 }

Euskarazko galde-erantzun jolasen bilduma egin nahian

Atzo goizean, @wwwhatsnew -ren tuit batetik Testeando gunera iritsi nintzen. Gustatu zitzaidan bertan irakurri nuen eslogana: ” Si estás testeando estás aprendiendo” (ez bereziki haren edertasunagatik, bere esanahiarengatik baizik). Bertan DBH eta Batxilergoko edukiak (Geografia, Lengua, Historia, Filosofia…) errepasatzeko galdeketak biltzen dira, jolas edo trivial moduan emanak. Jakina da mota hauetako jarduera arinek ez dutela goi mailako adimen-gaitasunak garatzeko balio; halere, baliagarriak izan daitezke hainbat eduki kontzeptual barneratzeko orduan. Baliagarriak eta erakargarriak gure ikasle gehienentzat.

Ez naiz luzatuko ikasleei sorrarazten dizkiedan ariketei buruzko azalpenak ematen, baina kontua da arrazoi askorengatik jarduera hauek oso gustuko ditudala. Gauzak horrela, mota honetako guneak topatzen ditudanean, beti gorde egiten ditut egunen batean antzekoak garatzeko astia izango dudan itxaropenaz edo, besterik gabe, ideia eman eta beste norbaitek garatuko duen esperantzaz.

Ur sakonagoetan sartzen garen bitartean, Leire Narbaiza ( @txargain ) eta biok, Facebooken honetaz ari ginela, pentsatu genuen eduki mota horiek euskaraz jasotzen dituzten guneak identifikatu eta nonbaiten biltzea ideia ona izan zitekeela. Horretarako, laguntza behar dugu. Ezagutzen duzue euskarazko trivial, hitz-joko, galde-erantzun jolasak, hitzapasa edo, nolabait esatearren, euskarazko edukiak modu honetara lantzen dituen gunerik? Hala bada, hauxe da proposatzen dizueguna:

  1. Delicious edo Diigon kontua izanez gero, gorde #euskalquiz etiketarekin.
  2. Twitter bidez helarazi: @euskaljakintza edo @txargain
  3. Mezu honetan bertan erantzun.

Guk hauexek ditugu:

Besterik ezagutzen?

Comments { 1 }
-->