Izen sintagma bat beste bat edo gehiagorekin elkartu nahi dugunean, zalantza ugari sortzen zaigu; izan ere, ez da gauza bera pertsona izenordainak elkartzea, esaterako, edo kasu-marka bera daramaten bestelako sintagmak elkartzea. Nire ustez, azalpenetan edo hitz teknikoegietan galdu beharrean, onena beti adibideak ikustea izaten da; horiek ikusita, errazagoa izaten baita egiten ditugun akatsak identifikatzea.
Gauzak horrela, adibide ugariz baliatuta, Euskaltzaindiak arazotsuak gertatu ohi diren kasuen inguruan erabakitakoa emango dugu. Amaieran, beti bezala, araua praktikan ipintzeko ariketa bat topatu ahal izango duzu.Â
Izen sintagmen arteko juntadura dela eta, tradizioko erabilerak kontuan harturik, Euskaltzaindiak ARAU hauek ematen ditu euskara baturako:
1. Kasu-marka bera dakarten sintagmak beti junta daitezke:
- Bilboko jokalariek eta Bermeoko arraunlariek batzarra egin dute.
- Zuri, niri eta beste askori gertatu zaigu.
- Zure etxeaz eta gure lanbide berriaz mintzatu dira.
- Baionatik, Bilbotik eta Gasteiztik omen datoz ikasle horiek.
2. Hau da erabili behar den juntabidea, pertsona izenordainak elkartzen direnean:
- Zuk eta guk egingo dugu (eta ez * zu eta guk egingo dugu).
- Niri, zuri eta beste lagunei gertatu zaigu (eta ez * ni, zu eta beste lagunei gertatu zaigu).
- Gutaz eta zuetaz mintzo dira (eta ez * gu eta zuetaz mintzo dira).
3. Halaber, singularreko sintagmetan, kasu-markadun sintagmak juntatzea gomendatzen da:
- Itsasoan eta lehorrean bizi diren narrastiak.
- Amarekin eta amamarekin bizi da.
Juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurik doazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daiteke, kasu-marka amaieran ezarriaz:
- Gorputz eta arimatik atera den oihua.
- Bere emazte eta alabari galdetu zien.
4. Pluraleko sintagmetan, izenak ere junta daitezke, kasu-marka amaieran emanaz. Kasu-sintagmak juntatzea edo izenak juntatzea, aukeran izaten da orduan:
- Itsaso, mendi eta basamortuetan ibili da.
- Maite ditut lagun eta ahaideak.
- Adiskide eta lankideei kontatu diet.
- Meatze eta lantegietatik atera den oihua.
- Maite ditut eguzki, zeru eta izarrak.
5. Determinatzailea duten kasu-markarik gabeko izen sintagmak ezin junta daitezke kasu markadun sintagma batekin: Gogoratu asteriskoak erabilera okerra adierazten duela.
- * Mendia eta itsasotik heldu da ura.
- * Adiskideak eta lagunez mintzatu zara.
- * Burua eta zangoei behatu nien.
- * Bihotza eta buruak horretaratzennau(te).
- * Gizon hau eta emakume hark esango dizute.
6. Genitibodun (noren)Â sintagmetan ere ez da zilegi sintagma mugatu soila eta genitiboko sintagma juntatzea:
- * Ikastolak eta gobernuaren arteko bilerak.
- * Irakaslea eta ikaslearen arteko harremana.
Araua osorik.
[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/izensintagma_juntadura.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]
No comments yet.