Nik ere aurpegi bat dut!

Isabelle Dinoire prentsaurrekoan 2005eko azaroaren 27an munduko lehenengo aurpegi transplantea egin zioten 38 urteko Isabelle Dinoire emakume frantsesari. Honek, arazo pertsonal batzuen ondorioz, pilula batzuk hartzen zituen, eta, dirudienez, bere gorputzak ez zituen behar bezala asimilatu eta konortea galdu eta lurrera erori zen. Orduan, bere txakurrak esnatzeko asmoz bortizki eraso zion eta Isabellek, esnatzean, aurpegia txikituta zuen.

Orduan, erietxera eraman zuten. Eta lehen aipatutako egunean, bere familiak aurpegi transplantea egiteko baimena eman zuen, honela, txakurrak suntsitutako kokotsa, ezpainak eta sudurra konpontzeko nahiaz. Ondoren, beste emakume baten azala, larruazaleko gantza, giharrak eta odol hodiak ipini zizkioten aurpegia berregiteko.

Aditu batzuek transplantearen aurka azaltzen ziren, honek arazo psikologiko handiak ekarriko zituelakoan. Baina, azkenean, Isabellen familiak transplantea egiteko baimena eman zuen.

Hau dena egin ondoren, 2006ko otsailaren 6an prentsaren aurrean azaldu zen Isabelle Dinoire. Pozik agertzen zen nahiz eta oraindik erreabilitazio lanak egin beharko dituen aurpegi berria ondo egokitzeko. Berak, beste edonoren antzera, aurpegi bat duela adierazi du eta ebakuntza dela eta, gutxienez, jendearen begiradei aurre egin diezaiekeela. Honekin batera, esan beharra dago bi alabaren ama dela, eta horregatik oso pozik azaldu da, orain beraiekin egoteko aukera izango duelako.

Hau dena esan ondoren, adituek zuten beldurra ezerezean geratu dela garbi dago eta lehenengo ebakuntzaren esperientziaren ondoren, ondorio psikologikoak bideragarriak direla azaldu zuen Isabelle Dinoireri ebakuntza burutu zion medikuetako batek, Bernard Devauchelle delakoak, hain zuzen.

Honela, esan beharra dago transplante honen jarraipena eraman duen Jean-Michel Dubernard sendagileak beste bost transplante egiteko baimena eskatu diola Frantziako Osasun Ministerioari.

Gai honi buruz gehiago jakiteko:

Berria: Beste edonork bezala nik ere aurpegi bat dut orain.
Diario Vasco: La epifanía de Isabelle

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->