Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa

Anima zaitez lehiaketan parte hartzera!

Gaur, DBHO 1 eta 2ko euskarako ordu guztietan tartetxo bat esamoldeak asmatzeari eman behar diogu, baina ez nolanahiko esamoldeak, ez, ligatzeko esamoldeak ideiatu behar ditugu! Kontua da, Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa martxan dela eta denok gurea aurkeztu behar dugula. Ea, bada, jar ezazue zuen irudimen hori dantzan!!!

Ondoren topatuko duzue aipatutako lehiaketan parte hartzeko jakin beharreko guztia:

Ordiziako Euskararen Udal Aholku Batzordeak antolatu du Ordiziako Gazteentzako II: Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa. Lehiaketaren helburua, lagunarteko egoera informaletan euskarazko esamoldeak sustatzea da.

    1. NORENTZAT

Lehiaketa honetan 14 urtetik gorako edozein ordiziarrek har dezake parte. Lanak epaitzeko orduan hiru maila bereiziko dira:

A maila: 14-15 urte (DBH 3)
B maila: 15-16 urte (DBH 4)
C maila: 16tik gora

Pertsona bakoitzak ezin izango du esamolde bat baino gehiago bidali.

    2. GAIA

Lehiaketaren gaia EUSKARAZKO PIROPOA da; hots, ligatzeko esamolde edo piropoak.

    3. LANEN EZAUGARRIAK

. Esamolde guztiak jatorrizkoak, norberak sortuak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
. Lanek, maila edozein delarik ere, esaldi bat izango dute gutxienez, eta bi gehienez.
. Bereziki begiratuko zaio testuaren originaltasun, zuzentasun, jatortasun eta egokitasunari.
. Lanak, DIN A-4 orrian, ordenagailuz idatzita aurkeztuko dira. Posta elektronikoz ere bidali ahal izango dira.

    4. LANAK NOLA AURKEZTU

. Lanean ez da egilearen daturik jarriko, esamoldea bakarrik baizik.
. Egilearen datuak (izen-abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren lema) kartazal itxi batean sartuko dira, eta kartazal horren azalean jarriko da lema.
. Posta elektronikoz bidalitako esamoldeen kasuan, esamoldea fitxategi batean bidaliko da, “esamoldea” izenarekin, eta egilearen datuak (izen -abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren lema), “egilea” izena duen beste fitxategi batean”.

    5. LANAK NORA BIDALI

Lanak eta egilearen datuak dituen kartazala, handiagoa izango den beste batean sartuta, honako helbidera bidali beharko dira:

Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa
Ordiziako Udala- Euskara zerbitzua
Kale Nagusia 24
20240 ORDIZIA

e-posta: euskara@ordizia.org

    6. LANAK AURKEZTEKO EPEA

Lanak aurkezteko epea martxoaren 20an hasi eta apirilaren 3a arte luzatuko da.

    7. HAUTAPENA

. Jasotako piropo guztien artean, hautapen batzordeak sei aukeratuko ditu, maila bakoitzeko bi.
. Jasotako piropo guztiak Ordiziako Udalaren web gunean jarriko dira erakusgai.
. Esamolde guztiak Euskararen Aholku Batzordearen esku geratuko dira.

    8. SARIAK

Maila guztietan:

1go saria: 30 €
2. saria: 20 €

Epaimahaikoak hala erabakiz gero, sariren bat eman gabe gera liteke.

Kamisetak: Diru-sariaz gain, maila bakoitzeko lanik onenen Ordiziako egileek 10na kamiseta jasoko dituzte, lagunen artean banatzeko. Horietan, saritua izan den piropoa joango da diseinatua. Gainontzeko piropo hautatuen egileek ere kamiseta bana jasoko dute. Lanak aurkeztu dituzten guztien artean, gainera, 17 kamiseta banatuko dira.

    9. EPAIMAHAIA

Lehiaketaren epaimahaia Ordiziako Euskararen Udal Aholku Batzordeko bi lagunek, DBH2ko ikasleei Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean saioak eman dizkien Lasarte-Oriako Ttakun euskara elkarteko teknikariak, eta bi ikastetxeetako irakasle banak osatuko dute.

    10. SARI EMATEA

Sari ematea apirilaren 25ean izango da, Barrena Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan izango dira epaimahaia osatu duten kide guztiak.

Den-dena garbi dago, ezta??? Ea, bada, zer bururatzen zaigun!!!

Trackbacks/Pingbacks

  1. zabaldu.com - 2006(e)ko martxoak 29

    Ordiziako Gazteentzako II. Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa

    Ordiziako Euskararen Udal Aholku Batzordeak antolatu du Ordiziako Gazteentzako II: Ligatzeko Esamoldeen Lehiaketa. Lehiaketaren helburua, lagunarteko egoera informaletan euskarazko esamoldeak sustatzea da.

Utzi erantzuna

-->