Palestina hotela- JOSEBA IRIONDO

IriondoJoseba Iriondo Orbegozo Azpeitian jaio zen 1969an. Kazetari ikasketak egin ondoren, bere lehen urratsak Euskadi Gaztean eman zituen. Ondorengo hiru urteak Madrilen korrespontsal bezala jardun zuen. Iraken ere egon zen guda korrespontsal modura. Gaur egun, berriz, EITBko albistegietako aurkezle da. Irakeko egonaldian pairatutako hainbat gertaerarengatik Palestina hotela bere lehen liburua idaztea pentsatu zuen.

Joseba Iriondok idatziriko liburu hau irakurtzearen arrazoietako bat Iraken inguruan gertatzen ari zirenak bertan egondako norbaiten ahoz edo lumaz jakin nahi nituelako izan zen, lehenengo pertsonan, alegia. Nik Euskal Herriko kazetari batek Irakeko guda gertutik nola pairatu zuen jakin nahi nuen. Horrez gain, duela bi urte Durangoko azokara joan nintzenean, kazetari-idazlea liburua sinatzen ari zen eta orduntxe erostea erabaki nuen.

Palestina hotelaSadamen agintearekin bukatuko zuen gerra hasteko, Estatu Batuak Irakek arma suntsitzaileak zituela esan zuen. Nazioarteko erakundeen onespena, alde batetik; eta, bestetik, Espainia, Britainia Handia eta Italia bezalako hainbat estatuk bere alde egiteak behar zuen adorea eman zion estatu ahaltsuari okupazio eta gerra ekintzetan hasteko.

Mundu osoan manifestazio jendetsuak izan ziren arren, aurrera jarraitu zuten. Geroago jakin izan da faltsuak zirela amerikarrek aipatutako arrazoiak eta benetan Irak bereganatzeko arrazoi nagusia petrolioa izan zela. Argi ikusten da diru kontuak tartean daudenean, edozer zilegi dela…

Gerra honetan inbaditzaileek ez dute sekula euren militar hildakoen edo zaurituen inguruko informaziorik eman albistegietara; hori bai, Bagdaden hildakoak bertako biztanleak izan direnean, harrotasun osoz erakutsi izan dituzte hilotzen gorpuak. Bertako biztanleek tortura, hilketa edo beste hainbat gordinkeria jasan izan dituzte. Iriondok egoera horiek berak ikusi zituen bere begien aurrean. Bonbek ere zauritu eta hildako asko utzi zituzten kazetaria bertan zegoenean. Iriondoren lanbide bereko hainbatek ere bizia galdu zuen, horien artean, José Couso kamerak.

Liburua modu sinple batean dago idatzia eta behar diren argibideekin. Duen adierazpen onagatik oso erraz irudika zaitezke zu guda haren erdian. Horrez gain, gerraren aurretik nolako egoera zegoen ere azaltzen du liburuak.

Ezbairik gabe, gaur egungo gertakariak gustuko dituen edonori liburu hau irakurtzea gomendatzen diot. Amaitzeko, Palestina Hotelaren aurkako erasoaren bideoa jarri nahi nizuen baina topatu ez dudanez, beste hauek dituzue ikusgai, gerraren zentzugabeaz pixka bat gehixeago ohartzeko

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->