BEHARREZKO DEN OHITURA

Beharrezko den ohitura

Erlaxatzen garenean nerbio sistemak ohi baino maila apalagoan egiten du lan. Beraz, gure eguneroko bizitzako estutasunei oreka osasuntsu bat lortzeko bide garrantzitsua da erlaxazioa. Gaur egun, erlaxazioa lantzeko teknika ugari garatu dira: muskular progresiboa, pasiboa, bistaratzea, eta psikologiatik kanpo yoga, taichi… Bakoitzak bere erabilera zehatza dauka, baina orokorrean, teknika baino garrantzitsuago den zerbait dago: irmotasuna. 10-20 minutuko erlaxazio saioak egin behar dira, egunero. Hobekuntza lortzeko kirolean entrenamendua behar dugun moduan, erlaxazioan irmotasuna.

Oso erraz egiten da, gainera: begiak itxi, eta pentsatu birikak eta sabela eskusoinu moduko bat direla. Haizea suabe-suabe hartuko dugu, sudurretik, hauspoa bete arte. Beteta dagoenean, bat-bi-hiru zenbtu. orduan, ahotik botako dugu haizea, poliki-poliki, hauspoa hustu arte. Hauspoa bete eta beste hamar aldiz egin hori. Begiak itxita edukitzearekin bakarrik erlaxatu gaitezke. Garunak horretarako uhin batzuk sortzen ditu.

Hona hemen beste erlaxazio teknika erraz bat: begiak itxita, imajina zuen gustuko leku, oroitzapen edo bidaia bat. gogoratu orduko xehetasunak: zaratak, ahotsak, koloreak, ukitutako gauzak eta abar. Erabili zentzumen guztiak, poliki-poliki ikusten duzun eszenatoki hori dastatzeko.

Bide bat edo bestea erabili, gogoratu egunero-egunero eginda erlaxazio hori sakonagoa izango dela. Halaber, erraztasun handiagoa lortuko dugu edozein lekutan edo unean lasaitzeko. Horixe da gakoa.

Erlaxazioa asko erabiltzen da. Asko laguntzen du antsietate kasuetan, fobiak edo beldurrak lantzeko eta depresio batzuetan. Gaur aipatu dizkizuedan teknikak, osasungarriak ez ezik ludikoak izan daitekezke. (Arantza Quecedo. BERRIA)

A) ULERMENA (2 puntu)

      1. Erlaxazioa zergatik da ona?
      2. Nola erlaxa zaitezke?
      3. Testuan aipatzen direnetatik zein da gehien gustatzen zaizun erlaxazio teknika?
      4. Erlaxatzeko orduan, zer da teknika baino garrantzitsuago?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 8 lerro) (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengoetatik dagokiona aukeratuz: jakina, beraz, esate baterako, ordea) (2 puntu)

      1. Erlaxazioa lantzeko teknika ugari daude / Pasiboa, muskular progresiboa, bistaratzea, yoga…
      2. Erlaxazioak asko laguntzen du antsietate kasuetan/ Asko erabiltzen da fobiak edo beldurrak lantzeko.
      3. Estresak gaixotu egiten gaitu /Erlaxazioak sendatu.
      4. Nonahi praktikatu genezake erlaxazioa / Horretarako erlaxazio teknikak ezagutu behar dira.

D) IDAZLANA (20 lerro) (4 puntu)

Deskribatu erlaxazio teknika erraz bat: imajina eta deskribatu zure gustuko leku, oroitzapen edo bidaia bat. Gogoratu eta deskribatu orduko zaratak, ahotsak, koloreak, ukitutako gauzak eta abar.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->