Tinko lehenari, baina…

solidaritateaTradizioak tradizio bihurtzen ditugu gure egunerokoan, urtekoan, hamarkadan, mendean… agian, baina beti edo ia beti lehengo kutsua errekuperatzean edota gogoratzean dago zaharragoa izan den hori, jatekoan, osasun alorrean, sineskeria esparruan, gizarte talde jakinetako zereginetan… gaurko ukitu modernoaz plazaratzeko.

Gure inguruan honelako ekintza ugari ikusi izan ditugu: aparteko azoka bereziak elikadurak duen garrantziaz ohartarazteko, noski produktu natural eta aukeratutakoak erakutsiz; honelako edo bestelako ikuskizunak, gure Euskal Herriko mito zein kondairatan oinarria dutenak; emakumeak gaur egungo egoerara arte bizi izan duen egoera plazaratzeko ekimenak…Ikusle garenok, entzule garenok, berehala prestatzen gara ekintza hauetan parte hartzeko. Interesatu eta kuriositatez murgildu egiten gara giro berezian. Esaterik banu… akaso aberastu egiten gara. Ongi dago. Garrantzizkoa da egiten duguna. Aurrerantzean ere zergatik ez ekimenak mantendu, garaian garaikoari eutsi nahian. Gure ekarpena eta inplikazioa ere baliagarria da.

Denbora pasa eta pasa eta tradizioak behin eta berriz errepikatu, kanten leloen antzera. Gabon garai honetan eta bereziki honetan oso ohikoak izaten ez diren proiektuak gauzatzen dira, talde jakin batek edo besteak, behar gordinak eta gorriak sufritzen dituztenak asetzeko helburuaz, desberdintasunezko mundu artean garapen ekintzak sustatuz… ekitaldiak , orain batez ere. Egoerak, lehenagokoak, ez dira bat-batean sortuak. Gizarte zibilizatutik ageriko dira eta tamalez indartuz doaz. Batzuk, etiketa daramate zintzilika eta abenduan sekulako oihartzuna du gureganaino iristen den premiaren garrasiak.

Sentsazio onak gure barrenean, sentipenak ere. Zipriztintzen dugu, dut, gizakion balio handiaren argia, maitasuna. Sentsibilitateak malkoetara garamatza, narama. Solidaritate bizi-bizia ia ukitzerainokoa da. Irribarre sakona, samurra, ispiluaren isla bezain azkar desagertzen ez ote den susmoa dut.. . egunak igarotakoan, lehengora ez ote garen bueltatzen. Ez nuke horrelakorik nahi. Gizona, emakumea, berriz… irekitasuna, begirada garbi eta zabala gerta bedi gure anaikortasunaren seinale. Gabonetan, urte berrian, aurrerantzean, geroago… berriro ere hurrengo Eguberrian.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->