Ordizian, gazteak piropoketan

Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak gazteei zuzendutako III. Piropo Lehiaketa antolatu du, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Lehiaketa, gazteen artean euskarazko erregistro kolokiala sustatzeko EBPNtik (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) egiten den lanaren proposamen berria da.

Martxoaren 30 bitartean, euskara@ordizia.org helbidera euren piropoak bidaltzeko aukera izango dute 14 urtetik gorako gazteek. Era berean, ikastetxeetan nahiz udaletxean (Kale Nagusia 26) aurkez litezke lanak, eta bertan eskura daitezke, halaber, lehiaketa arautzen duten oinarriak.

Hiru maila edo adin-tarte bereiztu dituzte lehiaketako oinarrietan: 14-15 urte (DBH3), 15-16 urte (DBH4) eta 16 urtetik gorakoak. Lagun bakoitzak ezin izango du esamolde bat baino gehiago bidali, eta esamolde guztiek jatorrizkoak eta norberak sortuak izan beharko dute. Hots, originaltasunari erreparatuko zaio, “inork esan gabeko hori, inork esango ez lukeen moduan� esateari.

Gaia, euskarazko piropoa da; esamoldeak euskaraz behar du izan, euskara bizi eta askean. Izan ere, epaimahaiak bereziki begiratuko dio testuaren zuzentasunari, jatortasunari eta egokitasunari. Hauxe adierazi dute Euskara Zerbitzutik:

Lana aurkezten duen gazteak ondo pentsatu beharko du maite duen horri zer esango liokeen, eta, batez ere, nola esango liokeen. Garrantzitsua da euskarak ematen dituen aukerak arakatzea, bideak bilatzea, euskarak ere bide bat baino gehiago baitu.

Proposamen guztien artean, hautapen batzorde batek aukeratuko du maila bakoitzeko piroporik onena. Horien egileek, diru-saria jasoko dute, bai eta saritutako leloa serigrafiatuta daramaten 10na kamiseta ere, nahi izatera euren lagunen artean banatzeko.

Aurreko bi urteetako piropo lehiaketara lan asko aurkeztu izan dituzte Ordiziako gazteek, eta antolatzaileek lanak izan dituzte piropoak hautatzen. Gauzak hala, honako gomendioa egin nahi diete gazteei: “Laburra bi aldiz hobea da, baita piropoetan ere!�.

Aurreko urteetan egin den antzera, lehiaketara aurkeztutako piropo guztiak bildu eta poltsikorako liburuxka batean argitaratuko dituzte Euskara Zerbitzukoek.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->