Ekaitz Saralegi, Asegarceko pilotaria: “Aimarren aurka jokatzeak beldur txiki bat sortzen dizu barrenean”

Kaixo, gu Iker eta Iker gara, eta Amezketara etorri gara Ekaitz Saralegiri elkarrizketa egitera. Gaur gurekin Asegarceko pilotaria den Ekaitz Saralegi dugu. Azken Lau t’erdiko Txapelketan egin zaigu batez ere ospetsu.

Ekaitz Saralegi Iker goitia eta Iker Irribarriarekin elkarrizketa egunean

Ekaitz Saralegi Iker goitia eta Iker Irribarriarekin elkarrizketa egunean

2013ko Lau t’erdiko Txapelketa atze-atzetik hasi zenuen, Arretxe, Urrutikoetxea, Titin III.a eta Idoate kanporatu dituzu txapelketan. Honaino heltzea pentsatzen al zenuen? Gogorra egin al zaizu? Pentsatu… Azkenean, urte asko pasa eta gero iritsi naiz hona. Asko entrenatu dut eta, zorte ala ez zorte, Aimarren aurkako finalerdira iritsi naiz, oso gustura nago. Gogorra egin zait honaino iristea, baina merezi izan du.

Ekaitz Saralegi eta Aimar Olaizola

Ekaitz Saralegi eta Aimar Olaizola (noticiasdealava.com)

Bukaeraraino iritsita, Aimar handiaren aurka jokatzea tokatu zitzaizun, partida gogorra izan zen oso, zirraragarria eta ia-ia irabaztea lortu zenuen. Zer-nolako sentsazioak izan zenituen? Zer sentitu zenuen? Hasiera batean, Aimarren aurka jokatzeak beldur txiki bat sortzen dizu barrenean. Partidu on bat egiten saiatzeko beldurra da, Aimarren aurka aurpegia ematekoa eta ez kikildu eta barregarri geratzekoa. Partida aurrera joan ahala, ongi jokatzen ari nintzela ikusi nuen. Bera beti bezain ongi ez zebilen eta irabazteko aukerak nituela ikusi nuen. Hortxe ibili nintzen, ia-ia irabazi nuen, baina, azkenean, partidu gogorra izan zen eta ni ere nekatu egin nintzen. Bere ahala atera zuen Aimarrek eta bera izan zen garaile. Hala ere, gustura geratu nintzen egindako partidarekin.

Finalaren ateetan geratu zara, zure lehenengo finalerdia izan da 12 urte profesionaletan pasatu ondoren. Heldu al zara zure gailurrera ala hurrengo urtean hau hobetzeko asmoa daukazu? Zaila izango da hau hobetzea. Enpresak ere bere aukera eman behar du eta agerikoa da horretan gazteei aukera gehiago ematen dizkiela, alde batetik normala den bezala. Niri, berriz, urtebeteko kontratua geratzen zait eta saiatuko naiz hurrengo urtean hobetzen. Badakit zaila izango dela, baina horretarako gaude: entrenatzeko eta gauzak ahalik eta ondoen egiteko.

Zure estadistikak begiratu ostean, esan dezakegu ez zarela partidu asko jokatzekoa inoiz izan. Aurten ere oso partida gutxi izan dituzu eta, hala ere, finalerdietara iristea lortu duzu. Nola da posible hain partida gutxi jokatuta horrelako maila ematea? Bada, ez dakit. Pilotari batzuk partidu gutxirekin ibiltzen dira eta beste batzuek, berriz, teknikoki oso onak ez direnak, partida asko izaten dituzte. Partida gutxi jokatzearen arrazoia izan zen hasieran partida gutxi zegoela, eta udan min harturik egon nintzela. Hala ere, entrenamenduak eginez, teknika hartu eta pixkanaka aurrera egiten dugu.

Saralegi partida batean

Saralegi partida batean (asegarce.com)

Zer lesio izan zenuen, bada? Hankako behatz lodia hautsi nuen uda hasieran, eta uztailaren amaieratik abuztura arte geldi egon behar izan nuen. Hori izaten da txarra, garai horretan izaten direlako partida gehien.

Txapelketako partidetan nabarmen egin du gora zure afizioak, horren lekuko da Labriten izan zen giroa. Uste duzu afizioak gora momentu onean zaudenean bakarrik egiten duela? Ez, egia esan, Lau t’erdian jokatu dudan guztietan beti izan dut jendea nirekin eta eskertzekoa da. Aurtengoa ezberdina izan da. Orain arte bi partida jokatu eta hortxe geratu izan naiz kalean eta oraingoan, berriz, bi partida irabazi eta ligaxkan sartu naiz. Afizioak itxaropena bazuen ni finalerdietara iristeko eta jende asko joan zen. Ikaragarria izan zen.

Pilotan, azken urteetan, prestaketa fisikoak garrantzi handia hartu du. Duela gutxi, Goñik Asegarce utzi du prestatzaile fisikoaren tokia eta, orain, Etor Mendia lazkaotarra ari da jo eta su prestatzen. Uste duzu prestatzaile aldaketa horrek zure txapelketa bikainean eragina izan duela? Bai, dudarik gabe. Lehen korrika egiten genuen eta bera ere ez zen askotan etortzen. Askotan, egin beharreko lana mugikorrera bidaltzen zigun, eta bidalitako lana bakarrik egitea ez da erraza izaten. Orain, berriz, Etor bai astelehenetan eta bai asteazkenetan hor edukitzen dugu, eta nik Lau t’erdia prestatzeko ostiraletan ere, bazkalorduan, berarekin geratzen nintzen. Astean hiru egunetan berarekin ibiltzen naiz eta, azkenean, beti gainean egoten zaizu, zer egin behar duzun esanez. Horrek asko laguntzen du.

Zure etorkizuna jokoan zen  txapelketa honekin. Finalerdietara iristearekin, kontratua luzatu dizute urtebeterako. Pilotariek hainbesteko presioa al duzue eta hainbeste baldintzatzen al du momentuko gorakada batek? Bai, batik bat Urrutikoetxearen aurka lehen aldiz jokatu nuenean. Banekien ondo prestatuta nengoela Lau t’erdian jokatzeko, bi hilabete gogor izango zirela eta partida galtzen banuen seguruenik azkeneko aukerak izango zirela. Azkenean, handik aurrera gora egin nuen eta Aimarren aurka finalerdia jokatzera iritsi nintzen. Eta gustura.

Iker G., Ekaitz eta Iker I.

Iker G., Ekaitz eta Iker I.

Betidanik zure arma nagusia gantxoa izan da: azkarra, ongi markatua eta elektrikoa. Zer hobetuko zenuke zure jokoaz? Orain arte, hasi zinenetik,  zer hobetu duzula iruditzen zaizu? Bai, egia esan, gantxoa erabiltzen dut hobekien. Baina ezkerrarekin, berriz, lautik pilota ateratzea betidanik kostatu zait eta nik uste, hemendik aurrera, hori hobetzea oso zaila izango dela. Azkenean, beste arma batzuk ere baditut eta nik esango nuke azkeneko Lau t’erdi honetan gehienbat astero-astero partidaren bat jokatu dudala eta gehiena hobetu dudana kantxan egote hutsa izan dela. Nik uste dut kantxan egotea astero jokatuz hobetzen dela, ez dago beste sekreturik.

Kontratua luzatuta poztuko zinela pentsatzen dut. Hala ere, Binakako Txapelteta nagusian ez duzu lortu sartzerik. Penaturik al zaude zure urterik onenean Binakako Txapelketan jokatzeko aukerarik eman ez dizutelako? Bai, ez dago pena eman zidan dudarik. Baneukan esperantza txiki bat jokatzeko, Lau t’erdiko Txapelketa ona egin nuelako. Halere, ikusten da enpresak gazteen alde egin duela eta pena izugarria hartu nuen Lau t’erdiko Txapelketan hirugarren geratu nintzelako, txapelketa ona eginez. Enpresa kontuetan ezin dut sartu.

Ekaitz Saralegi (deia.com)

Ekaitz Saralegi (deia.com)

Amezketa Aralarren magalean egonda, pentsatzen dugu buelta ugari egin dituzula Txindoki eta Ganbo aldetik. Mendia erlaxatu eta pilota mundutik deskonektatzeko ala fisikoki  preparatzeko erabiltzen duzu? Entrenatzeko ez dut ibiltzen. Goizetan, gimnasioan edo frontoian entrenatzen dut. Mendira joaten banaiz, zakurrak ateratzeko edo lasai-lasai bueltatxo bat emateko erabiltzen dut. Entrenatzeko beste toki batzuk daude, eta igande goizetan joaten naiz normalean bueltaxka bat ematera. Deskonektatzeko batez ere; izan ere, azkenean, egunero gimnasio edo frontoian ibiltzen gara.

Pilota mundua alde batera utzita, badakigu andrea eta bi seme-alaba dituzula. Nola moldatzen zara etxeko lanak eta familia pilotarekin uztartzeko? (barre egiten du) Ikusten duzu: ahal den bezala. Orain eskolan hasita daude eta, goizean, 09:00etatik 13:00etara eskolan daude, behintzat, eta ordu horiek aprobetxatzen ditut entrenatzeko. Arratsaldean, berriz, umeekin egoten naiz. Azkenean ahal dena, libre gaudenean, saiatzen gara aprobetxatzen, baina ez da batere erraza hauekin.

Ekaitz Saralegi euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->