HOMO ECONOMICUS

     Homo economicus-a analisi ekonomikoan pertsonaia oso ezaguna da: guztiz arrazionala, berekoia, independentea, beti osasuntsua, inoiz ez gazteegia eta ezta zaharregia ere, merkatuan oso aktiboa. Eta kontuan edukita nola mugatu duen ekonomiak bere analisi esparrua, ezinezkoa zaigu beste itxurako aktorea imajinatzea. Baina, guk, behintzat, ez dugu horrelakorik ezagutzen eta, gutxienez, erakusten duen independentzia ez da egiazkoa. Denok, bizitzan zehar, askotan, besteen laguntza beharrean izaten gara. Nor egiten da gure kargu horrelakoetan? Gaur arte, besteak zaintzea gehienetan familiako emakumeen ardura izan da, eta lan hori isilik egin ohi dute, esker handirik jaso gabe. Jakina, emakumeen artean ezberdintasun handiak daude, eta nahikoa normala da errenta maila altuko emakumeak lan horiek beste emakume pobreagoei pasatzea, sarritan emakume inmigranteei.

     Zainketa lanak ez dira linealak izaten; bizitza zikloaren arabera aldatzen dira, eta denbora asko ematen dute tartean ume txikiak daudenean, gure inguruan ezbeharren bat gertatzen denean, senideak gaixotzean eta zahartzean. Bestalde, inkesten arabera, gizonezkoen partaidetza emakumeena baino askoz txikiagoa da, eta gainera, emakumeena baino linealagoa, hau da, bizitzan izandako aldaketek, ustekabekoek zein ohikoek, apenas aldatzen dute haien ardura. alde horretatik, gizonezko asko homo economicus-aren antzera portatzen dira; baina zertan geratuko lirateke gizon ekonomikoak, emakume zaintzaileak desagertuz gero? Ezerezean, berehala urtuko lirateke.

     Eta ez bakarrik gizon ekonomikoa: sistema guztia ere kolokan geratuko litzateke. ekonomia, merkatuaz bakarrik arduratzen da, produkzioaz, eta merkatutik kanpo egindako lanak, erreprodukzio lanak, etxekoak, ahaztu egiten ditu, eta balio ekonomikorik ematen ez dutenez, askotan, ezkutuan gelditzen dira.

     Seguru asko, ez genioke homo economicus-ari hainbesteko garrantzirik eman behar. Ez genuke inoiz begi-bistatik galdu behar azken helburua pertsonak hobeto bizitzea dela, ezin dela dena dirura mugatu. On egingo liguke begirada, tartean behin merkatutik kendu eta esfera pribatuan mugatuan ipintzeak. Munduaren itxura aldatuko liguke, eta, seguru asko, beste behar batzuk agerian geratuko lirateke. (Mertxe Larrañaga).

A) ULERMENA (2 puntu)

1. Homo economicus-a benetan al da hain dotore eta independientea? Zergatik?

2. Zer egiten dute sarritan emakume etorkinek?

3. Zer esan nahi da “zainketa lanak ez dira linealak” esaten denean?

4. Zergatik jarriko litzateke kolokan sistema guztia emakume zaintzaileak desagertuz gero?

B) GAIA ETA LABURPENA (Gehienez 5 lerro). (2 puntu)

C) MOLDATU ESALDIAK (Ondorengo lokailuetariko bat erabiliz: nolanahi ere, hala ere, ondorioz, beraz). (2 puntu)

1. Ekonomia merkatuaz arduratzen da. Merkatutik kanpo egindako lanak ez ditu kontuan izaten.

2. Sistema ekonomikoa autonomo bezala azaltzen zaigu. nabarmena da erreprodukzio lanik gabe ez lukeela luzaro iraungo.

3. Inkesten arabera, emakumeek etxeko lanaren %75etik gora egiten dute. Gizonen partaidetza askoz txikiagoa da.

Bizitzan, noizbait, denok dugu besteen laguntzaren beharra. merezi du hori kontuan izatea

D) IDAZLANA (25/30 lerro). (4 puntu)

Gaia: Zaintza lanak eta ekonomia.

  • Ezagutzen dituzun zaintza lanak.
  • Zaintza lanen garrantzia.
  • Ordaindu gabeko zaintza lanek merkatuan duten eragina.
  • Egunero zertan ematen dugun denbora (lanean, joan-etorrietan, kiroletan, telebista ikusten eta kiroleta, lo egiten, norbera zaintzen, besteak zaintzen…)
  • Etorkizunean emango diren aldaketak.

2004ko uztaila

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->