Ordiziako Klasika (Prueba Villafranca) Ordizian, Gipuzkoan, jokatzen den lineako txirrindularitza proba da eta uztailean ospatzen da, herriko festekin batera. 1922an ospatu zen lehen aldiz, Francisco Sarasola garaile izan zela. Harrezkero, urtero-urtero jokatu da 1936 eta 1937 urteetan izan ezik (Espainiako Gerra Zibila). 2010ekoa 88. edizioa izan zen. Lasterketa ezagun hau Espainiako zaharrena kontsideratzen da eta mundu mailako hirugarrena, Milan-San Remo eta Flandriako Tourraren atzetik. Gainera, 2005. urtetik aurrera, UCI Europe Tour-en barruan dago, 1.1 kategorian.
Azken edizioan garaile suertatu zen txirrindularia Gorka Izagirre ormaiztegiarra da. Profesional mailara igaro aurretik, Ordiziako Txirrindulari Elkartetik (OTE) pasatu izandakoa da. Talde honek Goierri osoko partaideak izan ditu bertan. Benjamin mailatik hasi (8-9 urte) eta jubenil mailara (17-18 urte) bitarteko gazteak biltzen dituen elkarte honetatik hainbat ordiziar pasatu den arren, gaur egun ez dago bakar bat ere. Datu honek hurrengo gogoetara eraman nau: nola da posible kirol honekiko honelako tradizioa duen herri batean hain txirrindulari gutxi egotea?
Ni txirrindularia naiz, ordiziarra, eta barru-barrutik ezagutzen dut mundu hau. Lasterketa bat jokatzera kanpora irteten naizenean, aski ezaguna egiten zaio jendeari nire herria. Ospe hau, ia osotasunean, lasterketa honi zor zaio; edonola ere, ez dirudi hemen honek erakargarritasuna pizten duenik. Nor ez da txikitan triziklo edo bizikleta baten gainean aritu? Nork ez du kasketa bat izan amak bizikleta plazara eramaten utzi ez izanagatik? Zergatik, baina, uzten dugu bizikleta alde batera handitzen goazen heinean?
Agian, eragozpen nagusiena edo entzunena gaueko parranden murrizketa da, hau baita nire adineko gazteen artean txirrindularitza uzteko arrazoirik nagusiena. Gurasoak ere eragozpen nagusienen artean daude, euren seme-alabei errepidera irtetea galarazten baitiete trafikoa dela eta. Esanak esan, espainiar selekzioarekin Lazkaon aritu nintzenean, selekziokideak harriturik gelditu ziren hemen txirrindulariok nola errespetatzen gaituzten ikusita. Alde horretatik, beraz, ez legoke arazorik. Oraindik ere fidatzen ez direnentzat bidegorri zoragarri bat dagoela esan beharko nuke -bertan erritmo handira joan ezin daitekeen arren- Ordiziatik hasi eta Tolosaraino eta, beste aldetik, baita Ormaiztegiraino ere.
Hori horrela izanik ere, nire ustez, txirrindularitzak -eta kirolak orokorrean- ematen dizkizun abantaila nagusienak horren guztiaren gainetik daude. Irakasten dituzun edo ematen dizkizun baloreez ari naiz: esfortzurik gabe ez dela ezer lortzen, azken orduan prestatzen hasitako lanak emaitza nahikoa baina kaskarra ekar dezakeela, konstantzia, helburu batzuk lortzeko lan egitea, adiskidetasuna, kooperazioa, lehiakortasuna… Horiek dira aipagarrienak eta kirolerako zein eguneroko bizitzarako balio mugagabea dute. Bizitza beste ikuspuntu batez ikusten laguntzen dizuten baloreak dira. Hauez gain, ekarpen fisikoak ere badituela esan beharko nuke. Depresioaren eta, batez ere, estresaren gutxitzea baitakar. Hala bada, ni bezalako pertsonentzat, hots, pertsona urduri eta azkar estutzen direnentzat, energia hori guztia nonbait agortzeko bide ezin hobea da. Hori guztia gutxi balitz, gizentasunaren eta bizkarreko zein artikulazioetako minen aurkako jarduera bikaina da, baita D bitaminaren absortziorako eta minbiziarekin zein hiesarekin arazoak dituztenentzako ere.
Horrenbestez, non daukazu Olentzerok ekarritako bizikleta? Ez utzi garajean, hautsez bete dadin. 8 urtetik 18 urte bitartera badituzu, har ezazu zure bi gurpildun tramankulua eta etor zaitez gurekin txirrindularitzaz gozatzera. Ikastolako kirol-arduradunari adieraztea besterik ez duzu gurean egoteko. Zeren zain zaude?
No comments yet.