Ainhoa Garmendia (soprano): “Aisialdian ez zait batere gustatzen opera abestea” (II)

Gaia aldatuz, esan beharra dago zure bizitza profesionalean hainbat sari jaso dituzula, hala nola, 2007ko ekainaren 30ean, Oviedon, Errebelazio Saria jaso zenuen. Zer dakarkio zu bezalako opera abeslari gazte bati horrelako sari garrantzitsu bat jasotzeak? Sekulako ezustekoa izan zen, lehen aipatu dudan bezala, Ingalaterrako kontratu hartan nengoelako. Gogoratzen dut astelehen goiz batean deitu zidatela esanez sari bat irabazi nuela. Nik pentsatu nuen: “Nik sari bat? Nik ez dut eta ezer egin sari bat irabazteko; ez dut inon izena eman!” (barre algarak). Sorpresa handi bat izan zen; izan ere, kritikari talde bat, “Premios del Teatro Campoamor” deituriko taldekoak, urtero elkartzen da, eta urte horretan ni hautatu ninduten Errebelazio Ahots Sariaemateko. Noski, imajinatzen duzun bezala, sekulako ilusioa egiten dizu; gero, Espainia mailan ere asko lagundu zidan, prentsa asko egon baitzen bertan. Ematen du sariek, azken finean, konfiantza gehiago ematen dizutela. Jendea ere animatu egiten da eta beste mota batzuetako kontratuak ematen hasten dira eta, egia esan, ba oso-oso kontentu nago horrekin (barre egiten dugu biok).

2008an, Madrilgo Teatro Realean eta Bartzelonako Liceon, Servilia papera antzeztu zenuen, Mozarten La clemenza di Tito operakoa. Lehenengo aldiz Teatro Realean egotea eta horrelako obra garrantzitsua antzeztea esperientzia ahaztezina izango zen zuretzat, ezta? Bai, lehenengo aldiz abesten nuen bai Bartzelonan eta baita Madrilen ere. Ordura arte, Alemanian ari nintzen gehiago abesten Espainian baino. Horrek ere asko markatu zuen nire karrera: Liceon ikusi nindutenean, paper bera antzezteko hautatu ninduten Madrilen. Hori izan zen nire sarrera Espainia mailan, eta harrezkero Bartzelonan urtero izaten dut kontratu bat bertan abesteko. Madrilen ere abestu dut gehiagotan. Dudarik gabe, Madrileko Teatro Realean abestea sekulako esperientzia ona izan zen, Madrileko teatroa oso espeziala baita: dena oso ongi dago organizatuta eta orain arte abestu dudan leku onenetariko bat izan da.

2008ko abuztuan, Itziar Barredo eta Peio Ramirezekin batera, Bihotzeko Amalur CDa kaleratu zenuten Loretxoa, Kaia Barrenian, Aldapeko… kantu herrikoiekin. Nolatan sortu zen horrelako abesti herrikoiez osatutako bilduma bat egiteko ideia? Itziar Barredorekin askotan egin dut lan, badira ia 12-13 urte elkarrekin lanean ari garela eta nik gogoa neukan esperientzia hau izateko. Disko bat grabatzeko irrikan nengoen, baita ikasteagatik ere. Izan ere, horrelako grabazio bat egiteko oso perfekzionista izan beharra daukazu eta nik gogoa neukan, bai. Hasi nintzen Itziarrekin hitz egiten ea zer grabatu genezakeen eta konturatu ginen badaudela izugarrizko abesti politak Euskal Herrian, betiko abestiak, baina ahots liriko batez grabatuak ez daudenak. Orduan, ideia horri birak ematen hasi ginen. Gero eta ilusio handiagoa sortzen joan zitzaigun eta beste ideia bat izan genuen: ahotsa eta pianoa soilik izan ordez, biolontxeloa ere sartzea. Pello Ramirez otu zitzaigun. Pello nire lehenengo musika irakaslea izan zen 7-8 urte nituela, lehen esan dudan bezala, eta deitu egin genion. Banekien lanean ziharduela Benito Lertxundirekin, eta gainera bere taldean jotzen zuela. Berari deitzea ideia hoberena izan zen. Handik gutxira elkartu ginen, melodia horiek moldatu -bai piano eta baita biolontxeloarentzako ere-, eta elkartzen hasi ginen, entseguak egiten… Gero kontzertu batzuk egiteko aukera izan genuen eta pixkanaka-pixkanaka proiektua aurrerantz joan zen 2007n CDa ofizialki grabatu genuen arte.

Ikusiko al zaitugu laster, Euskadin, operaren batean abesten? Bai, Bilboko Arriaga Antzokian abestuko dut apirilean Mozarten “Las Bodas de Fígaro ”. Gainera, paperik politenetako bat dela iruditzen zait printzipala. Hiru bat astez egongo naiz Bilbon, apirilaren bukaeran (pasa den apirilari egiten dio erreferentzia).

Imajinatzen dut Euskadin obra bat antzeztea garrantzitsua izango dela zuretzat… Oso garrantzitsua. Orain Donostian egon naiz kontzertu batean abesten; baina Bilbo bezalako teatro garrantzitsu batean, opera bat… Egia esan, orain dela 4 urte ez dudala Bilbon abestu, oso lanpetuta ibili bainaiz eta datek ez didate kointziditu nik nahi izan bezala. Zerbait egiteko asmoa banuen, baina ezeztatu egin beharra izan nuen azkenean. Niretzat oso proiektu polita da, gainera maila altuko beste abeslari batzuekin abestu behar dut, Maria Bayo adibidez. Berak kondesaren papera antzeztuko du, eta niri izugarrizko ilusioa egiten dit, noski.

Zure afizioak operan soilik oinarritzen ez direla imajinatzen dut. Beste musika estiloren bat gogoko al duzu bereziki?Niri musika estilo guztiak gustatzen zaizkit: modernoa, pop… denetik. Abesteko, operaz aparte, errezitalak egitea gustuko dut, beste mundu bat baita pianoarekin soilik abestea, edo biolontxeloarekin… Honi kamarako musika deitzen zaio. Eta oratorioak ere atsegin ditut, baita orkestrarekin kontzertuak egitea ere. Beethovenen 9. sinfonia edo Mozarten Requiem-a, mezak… Horiek ere asko gustatzen zaizkit. Gutxiago praktikatzen ditut, ez baita egoten operan bezainbesteko lana; halere, 2010ean, esaterako, Euskadiko orkestrarekin proiektu bat daukat: Euskal Herrian zehar bospasei kontzertu inguru emango ditugu Beethovenen 9. sinfonia interpretatuz.

Azken galdera honi lotuta, zer egitea gustatzen zaizu, opera abesteaz gain, zure denbora librean? Nire denbora librean opera abestea ez zait batere gustatzen (biok barrezka hasten gara). Gainera, hori nire lana da. Libre nagoenean beste gauza asko egiten ditut. Hala ere, hau ez da askotan gertatzen; izan ere, beti daukat zerbait ikasteko, prestatzeko… Erabat libre nagoenean, oporretan, gustuko dut deskonektatzea. Lehengo udan, adibidez, Suediara joan nintzen oporrak han pasatzera. Laku baten ondoan geunden han, eta perretxikoak bilatzen ibili ginen. Naturan ibiltzea gogoko dut, animaliak, irakurtzea… Ordenagailuarekin ere ongi moldatzen naiz.

Bai, hori ikusten da zure orrialde pertsonalean… Orrialdea nik egin dut. Beti ni ibiltzen naiz dena egiten. Diseinua egiten ere lagundu diet lagun batzuei… Informatika betidanik asko gustatu zait eta nahiko independentea naiz horretan. Mila gauza egiten ditut, bai.

Azkenik, aktualitateko gai bat aipatu nahi nizuke; izan ere, koraleko musika, opera eta musika klasikoa orokorrean ez dira gaur egungo gazteen musika mota gustukoenak. Zer esango zenieke XXI. mendeko gazteei musika mota honen jarraitzaile bihur daitezen? Lehendabizi esango nuke herrialde bakoitzean ezberdina dela, baina badaude herrialde asko, non gazte asko operara joaten den. Adibidez, Vienan operara joanez gero, beti dago jende gazte asko Izan daiteke pertsona hauei laguntzak ematen zaizkielako. Espainia mailan, esaterako, sarrerak oso garestiak dira eta ez daude normalean laguntzak ikasleak merkeago sar daitezen. Nik badakit Viena aldean 2-3 euroren truke operara joan zintezkeela; zutik entzuten duzu, baina bueno. Inoiz operan egon ez den pertsona bati esango nioke joateko lehendabiziko aldiz probatzera; izan ere, jende askok esaten du berari opera ez zaiola gustatzen, baina ez dute ezagutzen. Zuk zerbait ezagutzen ez duzunean, nolatan esan dezakezu ez zaizula gustatzen? Batzuetan gertatzen da bai hizkuntza eta baita opera motaren baitako oztopoak egoten direla. Opera batzuk ez dira erraz entzuten, ez badaukazu belarria musika mota horretarako egina. Horregatik nik beti esaten dut, Mozarten operaren bat entzutea dela egokiena lehenegoz joaten zarenean. Jende asko oso harrituta gelditzen da, ez baitu imajinatzen nolakoa den opera. Joaten direnean, asko gustatu zaiela esaten dute askok. Nik baditut lagun batzuk, adibidez, behin ere operara joanda ez zeudenak. Lehenbiziko aldiz nirekin joan direnak, liluratuta gelditu dira, berriro ere itzuli behar direla esanez. Esan eta egin! Bueltatu dira berriro eta gero eta gehiago gustatzen zaie. Nik esango nuke animatzeko eta behintzat behin joateko. Gero, ez bazaie gustukoa iruditu, ba, tira, jende guztiari ez baitzaio gustatuko. Halere, askok ezusteko handiak eramaten dituzte.

Bai, gustukoa dugun ala ez jakiteko, azkenean, probatu egin behar baita… Hori da, nik esango nieke ez esateko hasieratik  “niri ez zait gustatzen eta ez noa”; mentalitatea pixka bat irekitzeko eta, behintzat, probatzeko.

Bada, hauxe izan da gaurkoan eskaini izan dugun guztia. Ainhoa pixka bat hobeto ezagutzea lortu dugu, baita bere bilakaera profesionala gertutik ezagutzea ere. Ainhoa, milioi bat esker Euskaljakintzari tartetxo interesgarri eta atsegin hau eskaintzeagatik eta espero dut zure karrera profesionalean orain arte joan zaizun bezala joatea, etorkizun borobila baituzu aurretik. Eskerrik asko zuei.

,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->