Azken hilabeteotan maiz izan dugu hainbat fenomeno naturalen berri. Urrutirago joan gabe, azkena Kanarietan gertatu zen duela egun batzuk: “Delta� deritzon ekaitz tropikalak artxipielago osoa garbitu zuen, txikizio izugarriak sorraraziz. Gertakari honen ondoren, hainbat hausnarketa egin da fenomeno natural hauen zergatiaren inguruan eta gaiarekiko iritzi ezberdinak egon dira.
Batzuek arruntatzat hartzen dute fenomeno hauen gertaera, naturaren prozesu bat dela diote, ekidin ezin daitekeena. Beste batzuek, ordea, aldaketa klimatikoari leporatzen diote kasu hauen sorrera.
Honek guztiak azken urteetan gogor dabilen ideia baten eztabaida berrireki du, hots, aldaketa klimatikoarena. Hobeto ulerrarazteko, lehenik, Kiotoko protokoloan oinarrituko gara. Berau 1997. urtean ONUko gobernariek aldaketa klimatikoari aurre egiteko sinatu zuten akordioa da. Protokolo honen helburua 2012. urterako negutegi efektuko gasen igorpena %5,2an jaistea da. Aldaketa klimatikoaren eraginei aurre egiteko nazioartean dagoen akordio bakarra da Kiotoko protokoloa. Horrela, helmuga bezala hainbat beharrezko lege dauzka ezarririk akordio honek, non lurralde industrializatuek negutegi efektuaren sortarazle diren sei gasen (karbono dioxidoa, metanoa eta nitroso oxidoa, besteak beste) igorpenak gutxiagotu egin beharra dauzkaten.
Oraintxe aipatu bezala, protokolo hau 2012.urtean iritsiko da bere bukaerara eta gaian adituak direnek diotenez, lanean jarraitzeko premia handia dago; izan ere, duela 5000 urteetatik gertatzen ez diren aldaketa klimatikoen eragina jasaten ari da Europa gaur egun. Neurri berrien beharra argi eta garbi geratu zen duela egun batzuk Europako Ingurugiro Agentziak kaleratu zuen txostenean. Dokumentu hau bost urteko inbestigazio gogor baten emaitza da non oso deigarriak diren hainbat datu aurki daitekeen. Adibidez, eta betiere datuak oinarri gisa harturik, 1998, 2002, 2003 eta 2004 izan dira urte beroenak eta 2003 urteko beroek Alpeetako glaziarren hamarrena urtu zuen. Honetan guztian oinarriturik, jakitunek diote 2050. urterako Suitzako glaziarren hiru laurdenak desagertu egingo direla.
Jacqueline McGladek, Europako Ingurugiro Agentziako zuzendarietako batek zera zioen txostenaren aurkezpenean:
Neurri eraginkorrik hartu ezean eta hamarkada batzuk iragan ondoren, planetaren berokuntzak iparraldeko izotz kontinentalen geruzen atzerapena eta hegoaldeko basamortutze prozesuaren aurrerapena sorraraziko du, biztanleri kontinentala erdigunera mugitu beharko duelarik.
Datuen arabera, nahiz eta lortu planetaren berotzea 2 graduetatik ez pasatzea , gizakiok inoiz aurretik esperimentatutako egoera atmosferikoetan biziko gara. Horregatik, graduen jaitsiera handiagoa behar da. Espainiari dagokionean, egoerak ez du batere itxura onik; izan ere, bere negutegi efektuko gasen igorpena %40,6an igo da 1990 eta 2003 urte bitartean (Kiotoko protokoloak baimendutako %25,6a gehiago).
Hainbat berri negatiboren aurrean, txostenak Europar Batasuneko gobernariek aldaketa klimatikoaren aurrean hartutako ardura era positiboan baloratzen du. Hala eta guztiz ere, ez da ahaztu behar arazoa benetan larria dela eta honen aurrean edozein neurri gutxi dela.
Gai honen inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.
No comments yet.