Apaizac obeto espedizioko kideak, Hizketaldian

Jon Maia Ane Miren MirallesTernua aldeko uretan Apaizac obeto espedizioan bizi izan zituzten esperientzien gainean hitz egingo dute asteazkenean Ordizian Jon Maia bertsolari zumaiarrak eta Ane Miren Miralles ordiziarrak. Diapositiba emanaldia eta hitzaldia, 19:00etan izango da Barrena Kultur Etxean, Hizketaldiak egitasmoaren barruan. Udaleko Euskara eta Kultura sailek antolatu dute asteazkeneko hitzaldia, Hitzaro Euskara Elkartearekin batera.

Apaizac obeto 2006 espedizioak 1.000 itsas milia egin zituen Atlantikoan barna. Antzinako balezaleen modura ibili ziren Euskal Herritik joandako bost lagun Terranova aldeko itsasoetan, ekaitz eta haize bortitzen gordintasuna pairatuz. Abentura bitxia, sei marinelek eta patroi batek egin zuten: Jon Maia, Ane Miren Miralles, Markos Sistiaga, Iker Leizaola eta Xabier Agote euskaldunek eta Ternua bertako Mi’kamaq tribuko indigenak.

ontziaAparteko erronka honetan murgiltzeko, XVI. mendeko bale-arrantzontzi baten erreplika sortu zuten Pasaiako Albaola Elkarteko kideek: Beothuk izeneko untzia, zortzi metro luze eta bi metro zabal den haritzezko ontzi xumea, kubierta eta kabinarik ez duena.

Bidaiari ekin aurretik, tripulazioak sei arraun eta bi belen laguntzaz nabigatzera ohitu behar izan zuen, halakoxea baitzen XVI. mendeko euskal bale-arrantzontzietan erabiltzen zen propultsio sistema bakarra.

Horrez gain, garai hartako janzkerak erabili zituzten ozeanoa zeharkatzeko. Jantziak Kanadan ehortzitako euskal balezaleen hilobietan aurkitu ziren arropen arabera egin ziren. Janariari dagokionez, garai hartan kontsumitzen ziren produktuez elikatu ziren: ogia, ilarrak eta babak.

Espedizioaren izenak euskal bale-arrantzaleen garaiko pasadizo bat dakarkigu gogora, Atlantikoaz bestaldeko indigenek “apaizak hobeto” esaldiaz erantzuten baitzieten euskaldunei hara heldu eta zer moduz zeuden galdetzen zietenean.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->