Arauak 14: BA- eta GABEren idazkera.

Jakintza Hainbat arau korapilatsu ate-joka dagoela eta, gaurkoan, horietara indarrez heltzeko, 5 minutu baino kenduko ez dizkigun arau baten gorabeherak aipatuko ditugu: ba- eta gabe.

BA- ETA GABE-REN IDAZKERA

1. Ba- aurrizkia. Baldintza zein baietza adierazteko erabiltzen denean, aditzari lotua idatziko da beti (beste aurrizki guztiak bezala):

  • Mikel etortzen bada, elkarrekin afalduko dugu.
  • Badator Mikel.

Salbuespena: aurrizkiaren eta aditzaren artean hitzen bat jartzen bada, orduan ba bakarrik idatziko da:

  • Ba omen dator Mikel.
  • Ba ote dator Mikel?

2. Gabe hitza bereiz idatziko da. Partitiboaren marka har dezake gabe-ren aurreko hitzak nahiz gabe-k berak ere, baina ez biek aldi berean; markarik gabe ere erabil daiteke:

  • Argirik gabe,
  • Argi gaberik (argi barik)
  • Argi gabe.

Baina ez argirik gaberik. Barik forma ere ontzat ematen da, gaberik-en aldaera moduan.

Lotsagabe eta kidekoei dagokienez, ikus Euskaltzaindiaren hitz elkarketari buruzko araua. Arau hau nahiko luzea da eta ikasi beharreko salbuespenez josia dago; beraz, gaurkoz horrelaxe utziko dugu eta beste batean ekingo diogu hitz elkartuen araua lantzeari.

Araua osorik.

Praktika

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->