About aalvarezdeeulate

Author Archive | aalvarezdeeulate

Dragoi Bola

Kaixo lagunok! Zuetako nor ez da txikitatik Son Goku heroiaren jarraitzaile izan? Garai politak haiek, memoria kaskar honen arabera arratsaldeko zortzietan hasten zen hasiera batean eta ez zegoen inor nire gelan ordu honetan kutxa tuntunaren aurrean ez zegoena. Askoren ustez, bizitzako telesail onena izan da, da eta izango da.

Txikitatik pagaren zati handi bat kromo eta antzekoak (tazoak, posterrak, txapak…) erosten xahutzen (ge)nituen. Helduxeagoa egin nintzenean, hamar bat urterekin, telebistan Son Goku azaltzen ez zelarik, paga erdiarekin, astero-astero izebaren dendara joan eta “serie amarilla” delakoaren komiki-kolekzioaren faszikulua erosten nuen nire amaren begirada haserrearen pean. Komiki bakoitzak telebistako kapitulu bati zegokion, nire alaitasuna 120. alea jasotzean amaitu zen nire “amatxitok”, bere onetik irtenda, gehiago erostea debekatu baitzidan.

Bost bat urte beranduago, ordea, izebaren dendan nengoela, nire heroi Son Gokuren komikien faszikuloak berriro hasi zirela ikusi nuen , baina oraingoan Japoniako estiloan, hau da, eskubitik ezkerrera, eta gainera lodikoteagoa (hamar bat kapitulu zituen barnean). Bilduma hau ere egiten hasi nintzen eta, momenturik onenean, bidaltzeari utzi zioten. 25. tomoan bilduma bertan behera geratu zen, Freezer-en bigarren metamorfosi eta Son Gokuren sendatzearekin.

Hau guztia ahaztua nuelarik, duela gutxi Planeta de Agostini etxeak serie hau DVD formatuan kaleratzen zuela zioen iragarkia ikusi nuen. Arratsalde horretan bertan joan nintzen izebaren dendara, lehen ez badut esan ere, nire izebaren denda Mujika papertegia da (munduko papertegirik onena :)je je) eta bertan lortu ditut Dragoi Bolako kapitulu gehienak (abuztuan itxi egiten du). Ez zituztela bidali esan zidan. Aste batzuk pasa dira ordundik eta esperantza galdua dut inoiz iritsiko diren ere.

Kuriositatez gaur interneten begira hasi eta Wikipedian Son Gokuri buruzko informazio mordoa dagoela konturatu naiz. Eta benetan poztu nauena bertako link batek eman dit, El mundo de Dragon Ball deritzonak, hain zuzen ere. Bertan bidaltzeari utzi zioten tomo guztiak daude erabiltzaile ororentzat. Argazkiak interesatzen bazaizkizu, egin klik hemen eta milaka izango dituzu. Gainera, jakin dudanez, e-mulen euskarazko lehenengo 28 kapituluak eta gaztelaniazko guztiak eskura daitezke. Euskarazko letra ere lortu dut:

DRAGOI BOLA

Goazen lagunok amets betean
dragoiaren bola bila batera.
Orain badakit nongo zuloan
dagoen altxorrik ederrena.

Gure mundu hau irla haundi bat da
eta hortxe ostenduta altxor eder bat.

Bihotzean badut nik amets on ederrik
eta ez da eguzki dizdiratsuagorik,
goazen bihotza betean aurki dezagun, goazen.

Tximistaren bidetik dragoi bola bila,
itsaso eta lurrez bihotz bete ametsez
eta altxorra geuretzat izango da.

Ekin lagun bideari,
Son Gokurekin ez da beldurrik,
zeru goian nahiz lurrean
hegan eginez laster altxorra dugu.


Letrak, arraroa badirudi ere, Bilbao Basketen orriak duen Dragoi Bolaren sailetik atera ditut.

Comments { 10 }

Jonah Lomuren berragerpena

aurrea joango ote da?
Jonah Lomu urte askotan munduko jokalaririk onenatzat jo izan da. Batez ere, 1995eko munduko errugbi kopako txapelketan erakutsitako joko zoragarriari esker. 1,96 metro eta 120 kilogramoko “basapizti” honek txikitatik erakutsi zuen, maoria izaki, sekulako indarra zuela. Garaiera eta pisu horiekin, sasoirik onenean zegoenean, 100 metroko froga 10 segundo eta 8 dezimatan egin zuen.

Oso txikitatik entrenamentu gogorrak egin izan ditu, horietako bat izan da zelaia zapaltzeko txilindroa gorputzari lotuta korrika aritzea. Bizitzako datu azpimarragarriena 1994an eginikoa da. 19 urte eta 45 eguneko bizitza besterik ez zuela Zeelanda Berriko selekzioarekin (All Blacks ezizenez ezagutuak eta askorentzat munduko errugbi selekziorik onena) Frantziako selekzioaren aurka All Blackseko elastikoa jantzi zuen estreinekoz historiako All Black gazteena bihurtuz.

Errugbilari bikain honek, ordea, bizitzako zati gordin horietako bat jasan beharko zuen, izan ere urte batzuetan jasandako giltzurrun arazoak okerrera egin zuela eta, 2003ko maiatzean Zeelanda Berriko Errugbi Federazioak (NZRFU ingelesez) giltzurruneko gaitz batek jota, dialisia egiten ari zela eman zuen aditzera. Tratamentu gogor hau dela eta kalteak jasan behar izan ditu hanka eta oinetan eta medikuak giltzurrun bat laster aurkitzen ez bazuten, gurpil-aulkian geratzeko arrisku larrian zegoela eman zion aditzera.

Jonah Lomuren egoera larri hau Gara egunkarian ezagutu nuen urte horretako opor batzuetan. Berriak ez zekarren gizon handi honen egoera tamalgarria bakarrik; titularraren azpian, Zeelanda Berriko ehundaka giltzurrun eskaini zitzaizkiola eta berak pertsona berezia ez zelakoan, zerrendako beste kide guztiek bezala bere txanda izan arte ez zuela trasplanterik egingo ere bazekarren. Asko sufritu ondoren, giltzurrun bat hartu zuen txanda-pasa eginez eta denbora gutxira hobetzen hasi zen; hainbeste, non denbora gutxira medikuen begiradatik at errugbian jolasten hasi baitzen.

lepoan hartu ta segi aurrera...
Transplantea egin eta urtebete pasa ondoren, 2005eko ekainaren 4an, jolastu zuen giltzurrun berriarekin lehenengo partida ofiziala. Londresko Twickenham zelai mitikoan izan zen norgehiagoka Ingalaterrako selekzioko Martin Johnson kapitain handiaren agurreko partidan, bakoitza bere hemisferioko selekzioaren buru zela. Partida baina, ez zen nahi bezain zoriontsua suertatu; izan ere, entsegu baten ondorioz, sorbaldan kolpe bat hartu eta zelaia ez uzteagatik erruz kirofanotik pasa behar izan du beste urtebete galduz. Zeelanda Berriko North Harbour taldeararekin zuen hiru urteko hitzarmena baliogabetu eta Cardiff Blues taldearekin sinatu du urte honetako urriaren lehenengo egunean, konpromezu honekin, Lomuk, 2007. urtean Frantzian jokatuko den munduko txapelketan partaide izateko preparazioari ekin zion. Gaitzak gaitz, azkenean, iritsi da eguna eta atzo errugbiko izarra berriz ere jolasten ikusteko aukera izan genuen! Atzoko berrian honelaxe azaltzen zen:

Lomu partida ofizial batean aritu da berriro

Giltzurrunetako gaitzak jota ia hiru urte zelaietatik kanpo egin ostean giltzurrun berria jarri zioten, atzo jokatu zuen berriro Jonah Lomuk partida ofizial bat. Cardiff Blues bere taldearekin aritu zen, Europako Kopan, Calvisano talde italiarraren kontra. Cardiffek irabazi zuen (25-10). 30 urte dauzka Lomuk, eta Zeelanda Berriarekin Frantziako Munduko Kopan aritu nahi du 2007an.

Ordiziatik dena ongi joan dakiola besterik ezin diogu opa!!!

Ez ahaztu, errugbiaren mundu zoragarria ezagutzeko, hemen dituzue kategoria ezberdinen entrenamentu saioak eta jolasten hasi nahi izanez gero, agertu dagokizun kategoriaren entrenamentu saio batean:

Alebinek (92. urtearen ondoren jaiotakoek) igandetan entrenatzen dute goizeko 11:ooetan hasita.

Infantilek (91-92 urteetan jaiotakoek ) astelehentan 19:00etan hasita eta igandeetan 10:00etan.

Kadeteek (89-90 urtean jaiotakoek) eta jubenilek (87-88 urteetan jaiotakoek ) astearte eta ostiralero 18:30ean dituzte entrenamentu saioak (kategoria bakoitza bere aldetik).

Seniorrek (87. urtea baino lehen jaiotakoek) astelehen, astearte eta ostiraletan entrenatzen dute 20:00etan.

Dudarik izanez gero, bisitatu Ordizia Rugby Elkartea-ren webgunea edota foroa.

lomu North Harbour-eko bere kamixetarekin

Comments { 2 }
-->