Kaixo lagunok! Zuetako nor ez da txikitatik Son Goku heroiaren jarraitzaile izan? Garai politak haiek, memoria kaskar honen arabera arratsaldeko zortzietan hasten zen hasiera batean eta ez zegoen inor nire gelan ordu honetan kutxa tuntunaren aurrean ez zegoena. Askoren ustez, bizitzako telesail onena izan da, da eta izango da.
Txikitatik pagaren zati handi bat kromo eta antzekoak (tazoak, posterrak, txapak…) erosten xahutzen (ge)nituen. Helduxeagoa egin nintzenean, hamar bat urterekin, telebistan Son Goku azaltzen ez zelarik, paga erdiarekin, astero-astero izebaren dendara joan eta “serie amarilla” delakoaren komiki-kolekzioaren faszikulua erosten nuen nire amaren begirada haserrearen pean. Komiki bakoitzak telebistako kapitulu bati zegokion, nire alaitasuna 120. alea jasotzean amaitu zen nire “amatxitok”, bere onetik irtenda, gehiago erostea debekatu baitzidan.
Bost bat urte beranduago, ordea, izebaren dendan nengoela, nire heroi Son Gokuren komikien faszikuloak berriro hasi zirela ikusi nuen , baina oraingoan Japoniako estiloan, hau da, eskubitik ezkerrera, eta gainera lodikoteagoa (hamar bat kapitulu zituen barnean). Bilduma hau ere egiten hasi nintzen eta, momenturik onenean, bidaltzeari utzi zioten. 25. tomoan bilduma bertan behera geratu zen, Freezer-en bigarren metamorfosi eta Son Gokuren sendatzearekin.
Hau guztia ahaztua nuelarik, duela gutxi Planeta de Agostini etxeak serie hau DVD formatuan kaleratzen zuela zioen iragarkia ikusi nuen. Arratsalde horretan bertan joan nintzen izebaren dendara, lehen ez badut esan ere, nire izebaren denda Mujika papertegia da (munduko papertegirik onena :)je je) eta bertan lortu ditut Dragoi Bolako kapitulu gehienak (abuztuan itxi egiten du). Ez zituztela bidali esan zidan. Aste batzuk pasa dira ordundik eta esperantza galdua dut inoiz iritsiko diren ere.
Kuriositatez gaur interneten begira hasi eta Wikipedian Son Gokuri buruzko informazio mordoa dagoela konturatu naiz. Eta benetan poztu nauena bertako link batek eman dit, El mundo de Dragon Ball deritzonak, hain zuzen ere. Bertan bidaltzeari utzi zioten tomo guztiak daude erabiltzaile ororentzat. Argazkiak interesatzen bazaizkizu, egin klik hemen eta milaka izango dituzu. Gainera, jakin dudanez, e-mulen euskarazko lehenengo 28 kapituluak eta gaztelaniazko guztiak eskura daitezke. Euskarazko letra ere lortu dut:
DRAGOI BOLA
Goazen lagunok amets betean
dragoiaren bola bila batera.
Orain badakit nongo zuloan
dagoen altxorrik ederrena.Gure mundu hau irla haundi bat da
eta hortxe ostenduta altxor eder bat.Bihotzean badut nik amets on ederrik
eta ez da eguzki dizdiratsuagorik,
goazen bihotza betean aurki dezagun, goazen.Tximistaren bidetik dragoi bola bila,
itsaso eta lurrez bihotz bete ametsez
eta altxorra geuretzat izango da.Ekin lagun bideari,
Son Gokurekin ez da beldurrik,
zeru goian nahiz lurrean
hegan eginez laster altxorra dugu.
Letrak, arraroa badirudi ere, Bilbao Basketen orriak duen Dragoi Bolaren sailetik atera ditut.
Iruzkin berriak