About Maite

Author Archive | Maite

Azken egunak EGAko matrikularako eta beste

ega52 egun baino ez dira falta hurrengo 2009ko EGAko lehenengo deialdi irekirako, eta dagoeneko matrikula egiteko epea zabalik dago. Are gehiago, mugitzen ez bazarete, deialdiaz baliatzeko aukera galtzeko arrisku bizian ikusten zaituztet; izan ere, epea ostiralarekin batera, hilak 23, amaituko baita. Gauzak horrela, lagungarriak gerta dakizkizuekeen hainbat helbide eskura ipintzea otu zait, handik eta hemendik informazioaren atzetik denborarik gal ez dezazuen. Hona, bada, bururatu zaizkidanak:



Atzerako kontaketa

Comments { 0 }

Antzerki Garaia 2009

2009 ANTZERKI GARAIA

Antzerki Garaia 2009Txalo konpainiaren Ate-joka antzerki lanak emango dio hasiera gaur ostirala, hilak 9,  Ordiziako Herri Antzokian, Beasain eta Ordizia Udaleko Kultura Sailek antolatutako “Antzerki Garaia” egitarauari. Euskadiko Antzoki Sarean kokatzen den ekimenak Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailen laguntza jasotzen du. Urtarriletik apirilera bitartean ikusi ahal izango diren zortzi lanek osatuko dute aurtengo edizioa, hamabosgarrena:

  • Urtarrilaren 9an, Ordiziako Herri Antzokian (euskaraz): ATE JOKA, Txalo Teatroa.
  • Urtarrilaren 16an, Beasaingo Usurbe Antzokian (gaztelaniaz): EL APAGON, Kanpingags S.L.
  • Otsailaren 6an, Ordiziako Herri Antzokian (gaztelaniaz): SEXO GRATIS, Kunka Taldea.
  • Otsailaren 13an, Beasaingo Usurbe Antzokia (euskaraz): LOLA IKUSTEN BADUZU ESAN ABERATSA DELA, Ados Teatroa.
  • Otsailaren 27an, Ordiziako Herri Antzokian (euskaraz): OHEAN, Maskarada Taldea.
  • Martxoaren 13an, Beasaingo Usurbe Antzokian (gaztelaniaz): MALDITO PARNÉ, Glu-glu produkzioak.
  • Martxoaren 27an, Ordiziako Herri Antzokian (gaztelaniaz): LOS ANGELES NO TIENE HÉLICES, Dani Perez artista.
  • Apirilaren 3an, Beasaingo Usurbe Antzokian (euskaraz): AHUNTZA…NOR DEN SILVYA?, Txalo teatroa.

Taldeak eta obrak hautatzeko irizpidea kalitatea izan da eta kontuan hartu dira muntaia, lengoaiari emandako trataera, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua nahiz profesionaltasuna eta obren arrakasta.

Sarrera 10 eurokoa izango da emanaldi bakoitzeko, eta 60 euroren truke ziklo osorako abonoa ere lortu ahal izango da Beasaingo nahiz Ordiziako kultura sailetan, antzokietako leihatiletan edo Ordiziako Barrena jauregian. Taldean joan nahi izanez gero, dagokion udaletxeko kultura sailean aldez aurretik jakinarazi beharko da. Emanaldi guztiak gaueko 22:15ean izango dira.

ATE-JOKA, TXALO

Ate-jokaEsan bezala, egitaraua gaur bertan hasiko da Ordizian Txalo konpainiak taularatuko duen “Ate Joka” lanarekin. Neil Simonen La extraña pareja komedia ospetsuan oinarrituta dagoen antzezlan honek bi lagunen elkarbizitza kontatzen digu. Joxemai, dibortziatua, orain arte bakarrik bizi izandakoa eta bizitzako bizio guztien zalea. Eta Andrex, betiko laguna, ezkondua eta dibortziotzekotan; maniatikoa, garbizalea, obsesiboa… Elkarbizitza honek egoera komiko eta barregarriak, tristeak eta mingarriak azalduko dizkigu.

Comments { 0 }

Noiz arte?

noiz_arte_1Albiste ugari izan da amaitzera doan 2008 urte honetan; batzuk onak eta beste batzuk, berriz, ez hain onak. Horien artean krisi ekonomikoa izan daiteke askorentzat urte honetan pairatu den arazo nagusia; halere, horrez gain, bada urteak aurrera egin ahala oraindik ere konpondu ez den eta gizartean egunerokotasunez bizi dugun arazo larri bat.

Berriako bilatzailean tratu txarrak jarri ostean, guztira 490 testu azaltzen direla konturatu naiz. Benetan datu lotsagarria dudarik gabe. Baina, pixka bat pentsatuta, zenbaki normaltzat hartu dut; izan ere, ia egunero, edo behintzat astero, entzuten baitugu indarkeriarekin loturiko berri penagarriren bat.

Indarkeria, Harluxet entziklopediaren arabera, norbait menderatzeko indar zakar eta basa da. Beraz, gogorkeriaren barruan hainbat atal bereiz daiteke: genero indarkeria, haurren aurkakoa, bullynga, tortura… Hori horrela izanik, duela gutxi komunikabideetan nagusitu den Albaren kasua aipatu nahi nuke. Alba egun gurpildun aulki batean dagoen Bartzelonako haur errugabe bat da; medikuen arabera, ez du gehiago hitz egiteko gaitasuna berreskuratuko. Edonola ere, hori guztia ez da jaiotzetik duen arazo bat, ez. 2006ko martxoan, Albak 5 urte zituenean, bere aitaordeak emandako jipoiaren ondorio larri bat baino ez da. Baina, ez hori bakarrik, bere ama biologikoak ere ez zion laguntza gehiegirik eskaini, ez ikusiarena egin baitzuen lagundu beharrean.

noiz_arteDena den, ez pentsa gisa horretako basakeriak gure inguruan gertatzen ez direnik. Bartzelonatik Euskal Herrira etorriz, Euskal Estatistika Erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, 3223 emakume izan ziren beren bikote edo parekoren baten biktima 2007. urtean; noski, tratu-txarrak salatu ez zituzten emakumeak kontuan hartu gabe. Azken finean, numero hori irakurtzeko nahikoa dugu segundo bat; hori dela eta, askotan zenbaki batean baino ez da geratzen, egoera jasangaitzak bertan jarraitzen duen bitartean.

Lehengo hariari jarraituz, amaraunean informazioa bilatzen ari nintzela, erasotzaileek erasotzeko dituzten arrazoiak topatu nituen. Horien artean, aurretik jasan dituzten tratu txarrak, arazo psikologikoak, bizi izandako familia giroa… zeuden. Edozelan ere, eta hori kontuan hartzekoa den arren, ez dut uste horrek pertsona baten heriotza edo zauri fisiko zein psikologikoak eragitea justifika dezakeenik.

Amaitu baino lehen, honelako egoeraren bat bizi duenari -genero indarkeria, ikaskideen erasoak edo situazio hau jasaten ari den norbait ezagutzen duenari-, lehenbailehen salatzea komenigarria dela adierazi nahi nioke; izan ere, inongo dudarik gabe, ulertezina da XXI. mendean, oraindik, horrelako gertakariak nozitzen jarraitzea. Ez al da, bada, hau aurrera doan herria?

Comments { 0 }
-->