Klik baten hotsarekin batera hasi da izerdia isurtzen, badaki zer oparo dion etorkizunak; izan ere, bere bizitzako pasadizo guztiak bi atetara geratu zaizkio murriztuak: heriotza edo bere gorputzeko zati baten galera. Pertsonen kontrako mina bat zapaldu du etxera bidean zihoala, edo medikuarenera, eskolara… zeuek erabaki bere noranzkoa. Horixe da, tamalez, gaur egungo 64 estatu ezberdinetako biztanleen egunerokotasuna. Ikerketek diotenez, 110 milioi mina daude zabalduta arestian aipatu ditudan herrialdeetan, eta beste 100 milioi biltegiratuak daude, 210 milioi bat pertsonen bizitza birrintzeko zain. Birrindu hitza erabiltzen dut, hori baita inoiz asmatu den arma krudelenetariko honen helburua. Minen xedea ez da pertsonen heriotza, areago joaten dira: euren bizitzak guztiz suntsitzen dituzte, ahal duten kalte moral eta fisiko bortitzena sortuz.
Baina zer da pertsonen kontrako mina bat? Aparatu hau lurrean lurperatuta edo ezkutatuta egoten den arma bat da, edozein objekturekin kontaktuan jartzen denean, pisuak egindako presioaren ondorioz, eztanda egiten duena. Ziurrenez, gerra inguruko egoerekin lotuko duzue hau, baina ezberdintasun nabaria du honekin. Gerra aurkari diren bi estatu edo estatuen bake hitzarmenarekin amaitzen da; mina hauen presentzia, ordea, ez da inoiz desagertzen. Beraz, gerra ondoren iritsiko da benetako infernua bertako biztanleriarentzat, bizitzaren egunerokotasunean, hain zuzen ere. Horixe da Afrikako eta Asiako lurralde gehienek pairatzen duten egoera, gune kaltetuenak Angola eta Camboya izanik. Hauetan, esaterako, minen kopurua ugariagoa da pertsonena baino; beraz, hauen atzaparretan erortzeko arriskua ikaragarria da.
Egoera benetan penagarria dela diot nik. Neure buruari hurrengo galdera egin diot behin eta berriro artikulua idazterakoan: nork izan ditzake horrelako arma higuingarriak fabrikatzeko eskrupuluak? Ziurrenik, denoi Estatu Batuak eta antzeko lurraldeak etorriko zaizkigu burura (ekoizten dituzten arma klase ugariak direla eta). Hau horrela da, bai, baina ez ditzagun eskuak hain azkar garbitu; izan ere, gure herri honetan hainbat urtetan aparatu hiltzaile honen ekoizle izan baikara, Explosivos Alaveses enpresaren eskutik, hain zuzen ere. Zorionez, egoerak bere amaiera izan du. Ottawako akordioaren ondorioz suertatu zen hau, Espainiak eta beste hainbeste estatuk euren herrialdean zituzten mina guztiak neutralizatu egingo zituztela hitzartu zutenean. Zoritxarrez, Ottawako akordioa ez da eredu izan Estatu Batuak eta beste hainbat herrialderentzat. Argi dago, txapelik handienak ez du buru hutsik betetzen; beraz, euren kemen ustelaren eskutik 5 minuturo gizasemeren baten bizia birrinduko duen mina bat ekoizten da.
1,8 euroko kostua duten arma hauen biktima nagusiak haurrak eta emakumeak dira, herrixketatik distantzia txikietara ezkutatuta baitaude mina hauek. Hauen zapalketek eragiten dituzten kalteak sekulakoak dira: hanka, beso eta sexu-organoen anputazioak gehienetan. Hau horrela izanda, pertsona bere bizia guztiz aldatuko duen egoera baten aurrean aurkitzen da, askok ezingo dute euren lanekin jarraitu, beste askok ez dute protesi bat ordaintzeko adina diru izango eta makuluaren menpe bizi beharko dira betiko. Milaka egoera ezberdin, eragile bakar bat.
Aipatzekoa da minen ondorioz elbarri geratzen diren lagunei laguntza eskaintzen dieten GKE eta beste hainbat erakunde ezberdin sortu direla zorionez. Euren lanari esker, biktima hauek ez dira ahaztuko. On litzateke euren ahotsa mundu osoan zabaltzea, gure errealitatetik urrun ikusten dugun egoera honen aurrean hurbiltasuna lortzeko, begi aurrean dugun pareta sendo hau behingoagatik botatzeko. Horixe da Nazio Batuek sustatu duten azken bideoaren xedea, geure burua egoera honen aurrean ezartzea. Hala ere, sentsibilizazio kanpaina hau ez da mundu osoan zehar zabalduko; izan ere, Estatu Batuetako telebistek ez dute adorerik izan euren programazioan sartzeko. Eurek sustatutako errealitatearen beldur al daude? Lotsa ematen ote die euren estatu ahalguztiaren benetako aurpegia zein den onartzea?
Bestalde, mina hauek desaktibatzeko lanak ugariak dira, baina ez behar adinakoak. Aipatzekoa da, futbol zelai baten azalera duen lursail bat desaktibatzeko, hiru hilabete behar direla. Hori gutxi balitz, lan hori burutzen duten langile 2 hiltzen dira hauetako 5000 mina desaktibatzen diren uneko. Hala ere, lan honek ez du eragin positiborik izango Estatu Batuak bezalako lurraldeek mina hauek ekoizten jarraitzen badituzte. Horiek horrela, neurri gogorrak hartu beharko liratekeela diot nik; bestela, milioika pertsonen amesgaizto honek ez du amaierarik izango. Euren omenez, inoiz ahatz ez daitezen.
Iruzkin berriak