About agarmendia

Author Archive | agarmendia

Hautsaren Kronika – INAZIO MUJIKA IRAOLA

Inazio Mujika Iraola Donostian jaio zen 1963an. Maisu eta Filologia ikasketak egin zituen eta orain arteko jardunean, ipuingintzan aritu da batez ere.

Nik berak idatzitako Hautsaren kronika ipuin bilduma aukeratu dut. Liburu hori aukeratzearen arrazoia irakurtzeko oso erraza zirudiela izan zen eta liburua irakurri eta ondoren nire susmoak bete ziren. Hona hemen pasarte bat:

Errepideko zuloak eta bihurguneak zirela-eta, gure eserlekuetan airean genbiltzan; bat-batean, ordea, Baio herritik pasatzen ari ginela, gure autobus ttiki xaharrak, aurrera segitzeko gogo gutxi nonbait, hots gor bat egin eta kamino bazterrean geratu zen. Birao bat aditu nuen, eta galiziarren artean hain ohikoa den carallo pila bat. Bidaiari batzuek buruak agertu genituen pasabidera, eta besteek aulkien gainetik begiratu zuten txoferra zegoen aldera. Laster igo zen atzera autobuszalea, eta jaisteko agindu zigun. Herrian bazela taberna bat, eta beste autobus baten zain egon beharko genuela pixka batean. Jaisten ari ginela, dinamoa edo beste trepetaren bat aipatu zuen, ez dakit.

Gogorik batere gabe eta mar-mar batean jaitsi ginen denak. Puskak eskuetan hartu eta bost bat minutu oinez ibili ondoren, herriko tabernara iritsi ginen. Aulki-laguna ere —jakina— nirekin nuen eta ondoan eseri zitzaidan, tabernan mahai bat aukeratu eta. Txoferrak pare bat orduan itxaron beharko genuela iragarri baitzigun, zerbait jango ote genuen galdetu nion orduan ustekabeko nire lagunari. Olagarro platerkada bana eskatu genuen eta lakoi piska bat Padrongo piperrekin. Alabaina, esan zidan Xoxek, gaur egun edozein lekutan dituzu Padrongo piperrak; auskalo nongoak diren.

Pasarte osoa irakurtzeko egin klik hemen.

Hainbat ipuin ezberdinez osatuta dago liburu hau. Denak erretiratu berri den kazetari batek kontatuak. Bere bizitzan zehar entzun eta irakurri dituenak dira. Ipuinak Zabalki eta Habe aldizkarietan argitaratu ziren eta liburu honetan bildu dira.

Liburuan oso ipuin ezberdinak daude, esate baterako, Santa Klara uharteko mitoa edo La Forza del Destin0 delakoa. Lehenengoan, kapitan bati eta bere marinelei gertatutako istorioa kontatzen digu eta istorio honen barruan Santa Klara uharteko mitoa kontatzen digu. Diotenez, bertan deskantsatzen dute marinel hilen arimek. Bigarrenean, Frankoren aldean borrokatu zuen italiar faxista baten familiak ispiluekin duen madarikazioaz hitz egiten digu, bere aitonaren hilketa susmagarriaz eta aitaren istripu misteriotsuaz.

Nire iritziz, liburu hau, lehen aipatu dudan bezala, irakurtzeko erraza eta arina da. Gainera, bertako hainbat ipuin oso bitxiak eta interesgarriak dira; esaterako, lehen aipatutako biak edo Lotsaetxe ipuina.

Nire gomendioa irakurtzea gustatzen ez zaigunontzat liburu aproposa dela da; hala ere, irakurtzea atsegin zaienei ere interesatuko zaielakoan nago.

Comments { 0 }

Asteroide batzuek lurrarekin talka egiteko aukera

asteroide
Hainbat astronomo Apophis izeneko asteroide baten ibilbidea aztertzen ari dira eta, dirudienez, aukera bat dago 45.000tik 2036ko apirilaren 13an lurra jo dezan. Hori gertatuz gero, herrialde edo hiri handiren bat deusezta dezake asteroide honek 146 metroko luzera baitauka. Eta ez da bakarra, David Morrinson zientzialariak dioenez, %0,1eko aukera dago “2004 VD17� meteoritoa lurrarekin talka egiteko 2102. urteko maiatzaren 4an. Azken honek lurra joko balu, Apohis asteroidea baino askoz deuseztagarria izango zen. Ideia bat izan dezazuen, existitzen diren bonba nuklear guztiek batera eztanda egitea bezala izango litzateke eta ziurrenik dinosauroen antzera amaituko genuke. Azken honek 500 metroko luzera du eta 1000 tona inguru pisatzen du. Eta bi meteorito horiek ez dira bakarrak NASAren ustez, 20 mila objektu arriskutsu gehiago daude oraindik lokalizatu gabe.

Nahiz eta hori gertatzeko aukerak oso txikiak diren, NASAko kideak hasi dira objektu hauek lokalizatzeko eta hauen ibilbidea hobeto aztertzeko neurriak hartzen. Ez hori bakarrik, beraien ibilbidetik desbideratzeko ideiak aztertzen ere ari dira.
Gainera, objektu hauek zertaz eginak dauden aztertzea ere oso garrantzitsua da. Hori jakin ezean, Armageddon filmaren antzera bonba bat jaurtitzea ezinezkoa litzateke, agian, alderik alde zulatuko zuelako baina bere ibilbidetik urrundu gabe.

Beraz, ideia desberdinen bila ari dira astronomoak. Ideia horietako bat ondorengo hau da: espazio ontzi batez eta grabitateaz baliatuz, bidetik desbideratzea. 12 egunen buru egingo luke bere zeregina eta 300 milioi dolar kostatuko litzateke proiektu hau aurrera eramatea.

Comments { 1 }

XXVIII. Koadrilen Arteko Futbol Txapelketa

txapelketaUrtero bezala, jada hasia da Ordiziako Koadrilen Arteko Futbol Txapelketa , aurtengoa hogeita zortzigarrena da. 11 talde daude guztira eta lehenengo zortziak final laurdenetara pasatuko dira. Ondoren, final erdiak izango dira eta, azkenik, final handia.

Urte honetan geuk ere atera dugu gure taldea bertan parte hartzeko. Izena Rockus jarri diogu (ez galdetu zergatik geuk ere ez dakigu eta). Aurrekoan, geure lehen partida jokatu genuen eta 15-0 galdu genuen; hori bai, txapelketako talde hoberenetariko baten aurka eta, gainera, gure taldean 9 bakarrik azaldu ginen. Umiliazio hori jasan ondoren, hurrengo partidan 4-1 irabazi genuen, emaitza horren ondorioz, txapelketako 7. postuan geldituz. Baina, gure zoritxarrerako, ondoren 2-0 galdu genuen, nahiz eta irabazteko aukera garbiak izan.

Hurrengo partidua talde okerrenetariko baten aurka dugunez, irabazteko esperantza handia dugu. Lortuko bagenu, jada final laurdenetan egongo ginateke. Gure lehen urtea dela kontuan hartuta, ez legoke gaizki final laurdenetara pasatzea nahiz eta bertatik hurrengo fasera pasatzeko aukerarik ez izan. Arrazoia zein den galdetuko diozue zuen buruei? Bada, ligan zortzigarrena bukatzen duenak, ondoren, final laurdenetan lehenengoa bukatu duen taldearekin topatu beharko luke. Beste era batera esanda, talde hoberenaren aurka jokatu beharko genuke, eta horiei irabaztea ezinezkoa litzateke!

Edonola bukatuta ere, txapelketa amaitzean, zatirik onena tokatzen da: talde guztien arteko bazkaria. Jokalari guztien %50ek gutxi gorabehera horrexegatik hartzen du parte bertan, egun horretan Ordiziako parrandarik handienetarikoa izaten baita.

Hemen duzue txapelketako web orria. Bertan, liga nola doan ikusteko aukera izango duzue beste zenbait datuen artean.

Comments { 5 }
-->