Denok atsegin ditugu oporrak eta beharrezkoak direla uste dugu. Betiko errutinatik ihes egiteko ondo etortzen zaizkigu, ezta? Aisialdia gure burua zaintzeko ere erabiltzen dugu, gure osasuna zaintzeko. Hala ere, batzuek, oporretan lasai-lasai egon ordez, nahiago dute leku eta kultura berriak ezagutzera joan, hiriak, janaria… Eta zuek zer nahiago duzue, lasai-lasai (etxean naiz kanpoko hiri batean) egon ala leku berriak ezagutzera joan?
Kontsumitzaileen europar zentroak eginiko galdeketa baten arabera, Espainiako helduen %29,94 etxean gelditzen da, %30,86k bidaiatzea erabakitzen du, eta gainontzeko %39,2 bigarren etxe batera joaten da (aitona edo amona lehen bizi zen herriko etxera, adibidez). Horrez gain, bidaiatzeko orduan, gehiengoak agentzia baten laguntza behar duela ere esaten du. Baina laguntza zertarako? Kalitate oneko hotel bat aurkitzeko ala bertako leku interesgarriak bisitatzeko aholkuak eta bisita gidatuei buruzko informazioa jasotzeko?
Pertsona askok, lanaren edo ikasketen ondorioz duten estresagatik, oporrak erlaxatzeko direla esaten dute. Bidaiatzen dutenean, nahiago dute leku lasai batera joan, gehienetan hondartzarekin; horrela, plaia edo igerilekuko etzaulkian etzanda lasai-lasai egon daitezke irakurtzen, eguzkia hartzen edo orain hain modan dagoen mugikorrarekin jolasten edo txateatzen. Baina horretarako kanpora joateak zentzurik ba al dauka? Nire ustez, ez. Hori egin nahi baduzu, hobe da herrian gelditzea! Modu horretan, erlaxatzen zaren bitartean, dirua aurreztuko duzu, eta diru hori bainuetxeetara joateko edo liburuak erosteko erabili ahal izango duzu.
Beste batzuek, berriz, nahiago dute oporretan duten denbora librea leku berriak ezagutzen pasatu. Hauentzat oso ideia ona da autokarabana bat edukitzea; horrela, diru asko aurreztuko dute hotel eta apartamentuak ez dituztelako ordaintzen. Honen zailtasuna joandako hiri bakoitzean zer ikusi, non aparkatu eta bazkaltzeko leku aproposenak zein diren jakitea da. Hala ere, horrek konponbide erraza dauka interneteko erabiltzaileentzat: badaude hiri ezberdinetako bidaiariek idazten dituzten artikuluak argitaratzen dituzten webguneak, hauek oso ondo azaltzen dituzte hiriko abantaila eta desabantailak eta bertako ezaugarri asko. Hauek dira horietako batzuk: Los viajeros (diarios), Diario del viajero eta Viajeros callejeros.
Hala ere, nire ustez, opor perfektuak izateko, bi aukera horien oreka aurkitu behar da; izan ere, zertarako hiri famatu horietako batera joan, ez badituzu hiriko ezaugarri garrantzitsuenak bisitatzen? Horretarako, hobe etxean gelditzea! Era berean, oporretan erlaxatzea beharrezkoa dela uste dut, alegia, lekuak bisitatzen gaudenean garrantzitsua dela atseden bat hartzea eta hondartza edo igerilekuan botata egotea. Beraz, nire gomendioa oporretan gauza ezberdinak egitea da, eta kanpoko hiri batera joatean, erlaxatzeaz gain, besterik ez bada, bertako kultura eta monumentu garrantzitsuak bisitatzea. Baina bakantzatan benetan garrantzitsuena dena ONDO PASATZEA da, eta, horretarako, ezinbestekoa da oporrak pertsona egokiarekin pasatzea.
Iruzkin berriak