Aitor Arana, Legazpin 1963an jaioa, oso gaztetan hasi zen idazten. Horretaz gain, irakaskuntza mundua ere landu du. Bere sorkuntza lanak ipuingintzaren ildotik doaz, baina gehienbat gazteentzako eleberrigintzan dugu emankorra. Helduentzako literaturan ere sartu-irteerak egin ditu Aitorrek. Hauetako bat da Idatzitako liburuetako bat Amodioaren gazi-gozoak da, nik gaur aipatuko dudana, hain zuzen ere.
Jone Gasteizko 4 urteko neskatila gazte bat da. Behin, bazkaltzen ari zirela, bere gurasoek Erratzu (Nafarroa) izeneko herrian baserri bat erosi zutela esan zioten. Neskak ilusio handiz hartu zuen berria eta ez zitzaion axola gurasoekin hara joatea jaiegun eta astebururo. Jone
hazten joan zen eta 12 urte bete zituenean, udako oporrak han pasako zituela esan zioten gurasoek baina gazteak bere lagunekin geratu nahi zuen Gasteizen eta azkeneko urtea izango zela hitz eman zioten.
Ama eta aita siestan zeuden batean, Jone ganbarara igo eta orri piloa aurkitu zituen jakin barik zer zen hori. Ikertu eta gero, egunkari bat zela konturatu zen; bertan, Miren izeneko neska gazte bat azaltzen zen, bere gurasoek baserria erosi baino lehen han bizi zen neskato bat, alegia. Gazteak oso bizimodu gogorra izan omen zuen eta orain Tolosan bizi ei zen bi aldiz ezkondu eta gero.
Egunkaria bukatu zuen eta horrekin batera udako oporrak ere. Gasteizera iristeko garaia iritsi zen. Aitak Miren horri buruzko ikerketa bat egin eta pentsatu zuen oso ideia ona izango zela, jakinda non bizi zen, neskari bisita bat egin eta bere egunkaria bueltatzea. Egunkarian Mirenek seme bat zuela aipatzen zuen, Imanol izenekoa eta orain Tolosan bizi zena. Beraz, hau bisitatzera joango zirela erabaki ostean, arratsalde batean, Tolosara joan ziren Jone eta gurasoak. Imanoli amari buruz galdetzean, 2 urte hilda zeramatzala esan zien. Imanolen emazteak, Maitek, bere senarrak askotan aipatu ziola amaren eguneroako esan zien. Bi hauek Iñaki izeneko seme bat zeukaten eta Jone eta Imanol elkar ikusi orduko, maitemindu ziren.
Liburua asko gustatu zait. Aipagarriena da, nire ustez, Mirenek egunkarian bere bizitzaren pasarte tristeak nola deskribatzen dituen. Momentu triste horiek errealitate kutsu handiz azaldu ditu autoreak eta guztiz erraza da egunkariaren protagonistarekin identifikatzea. Ez dakit zuei, baina niri gustatzen zait identifikazio horretara eramaten nauten liburuak…
Amaiera edo bestelako gorabehera guztiak jakin nahi badituzue, irakur ezazue, ezbairik gabe, gozatuko duzue eta!
Jarraian, Javier Rojok nobelari buruz idatzitako kritika irakur dezakezue:
Bizitza garratza
Javier Rojo
“Amodioaren gazi-gozoak”
Aitor Arana
Ibaizabal, 2000
Aitor Aranak, batez ere, gazteentzako literatura idatzi du orain arte, eta neurri baten behintzat, Amodioaren gazi-gozoak izeneko eleberri hau sail horretan sar litekeela dirudi. Hemen emakume baten istorioa (Miren Urkiola du izena) kontatzen zaigu zer nolako gorabeherak izan zituen, umezurtza izanda, hamaika urte zituelarik, Berrota izeneko baserrian neskame joan zenetik. Narrazioan emakume honen bizitza kontatuko zaigu. XX. Mendeko lehen erdian zehar eta honetarako baserriko ganbaran gordetako egunerokoaren eskuizkribuaren fikzioa erabili du idazleak.
Istorioa aurkezteko era honek, egia esan, arazoren bat baino gehiago aurkez dezake, batez ere, fikziozko testuari forma ematerakoan, sinesgarritasuna galtzeko arriskua baitago. Hasiera batean, kontakizunak umezurtza eta agertzen direneko ipuin miresgarrien itxura hartzen badu ere, gero errealismo gordinaren bidetik joango da eta ez ditu gertaera bortitzak, hilketak ete bortxaketa saioak, adibidez, izkutatuko. Honekin batera, protagonistaren amodiozko kontuak eta sentipenak ere agertuko dira, egunerokoaren fikzioa lanabes ezin hobea baita horrelakoak erakusteko. Ez gaude puntako eleberri baten aurrean, baina Aitor Aranaren liburu honek duintasun osoz betetzen du bere funtzioa.
El Correo, 2001-05-16
Iruzkin berriak