Gaur goizean, hilak 3, eraztun eklipsea ikusteko aukera izan dugu. Euskal Herrian soilik eklipse partziala ikusi badugu ere, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Afrikako hainbat lekutan eklipsea bere osotasunean ikusi ahal izan dute, iparretik hegoalderako eta mendebaldetik ekialderako zerrenda estu batean. Goizeko 09:30 aldera hasi da, ilargiak eguzkia estali duenean, izarren koroa agerian utziz eta noski eraztun itxura hartuz. Euskal Herriari dagokionez, 11:00k aldera iritsi da bere punturik gorenera eta, azkenik, 12:30 aldera amaitu da.
Eklipsea ez da inon izan erabatekoa, ilargiaren itxurazko tamaina izarrarena baino txikiagoa delako egunotan. Vigo (Galizia) eta Braga (Portugal) izan dira fenomeno hau ikusi ahal izan duten lehenak. Ondoren, hego-ekialderantz egin du itzalak Madrildik iraganez eta Alcoytik (Herrialde Katalanak) ateraz Iberiar Penintsulatik. Jarraian, Aljerian sartu da, Sudango erdialdean eraztun eklipseak puntu gorenena izan duelarik. Asian ere ikusi ahal izan dut fenomeno hau. Era berean aipatzekoa da, guztira Europan bi eta lau minutu artean iraun duela eklipseak, izan ere, ilargiaren abiada eta lurraren errotazioa gehitu egin dira eta, ondorioz, itzala 1700 kilometro orduko abiadan mugitu da planetaren azalaren gainetik.
Eraztun eklipsea aski maiz gertatzen da: mende hasieratik laugarrena izan dugu gaurkoa, azkena, 1764ko apirilaren 1ean, hots, duela 241 urte izan zelarik. Edonola ere, oso leku gutxitan izaten dute mota honetako fenomenoak ikusteko aukera eta Euskal Herriari dagokionez, 2026.urtera arte ez da beste eklipserik ikusteko abagunerik izango.
Amaitu aurretik esan beharra dago (hurrengo eklipse baterako, gaurkoa jada iragan baita!) osasun erakundeek eguzkiari zuzenean begiratzea oso arriskutsua dela gogorarazi dutela. Izpiek erretina erre dezakete denbora laburrean, minik sortu gabe, hau da, ohartu gabe eta zoritxarrez, kalteak betirako dira, horregatik eklipsearen behaketarako tresna eta iragazki homologatuak gomendatzen dituzte.
Naturaren fenomeno ikaragarri hauei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.
Iruzkin berriak